Wednesday 16 June 2010

«Espiritualitate merkearen garaian, komeni da gogoratzea gorputza besterik ez dugula»

Rikardo Arregi, poeta.
 
Txomin Badiola. The War is Over.
 
 
Txomin Badiola artistaren 'The War is Over' argazkiaren inguruan mintzatuko da olerkari gasteiztarra gaur Artiumen, arte plastikoak eta literatura uztartu nahi dituen Arterako Hitzak ekimenean.

Rikardo Arregi Diaz de Heredia (Gasteiz, 1958) poeta da. Hari hauskorrak poema bilduma argitaratu zuen 1993. urtean, Kartografia bost urte geroago eta XX. mendeko poesia kaierak 2000an. Txomin Badiola artista bizkaitarraren The War is Over (Gerra amaitu da) argazkiaz mintzatuko da, euskaraz, gaur, 20:00etan, Artium museoan, Arterako Hitzak ekimenaren harira.

Zergatik aukeratu duzu Badiolaren The War is Over argazkia mintzagai gisa?

Duela zortzi urte ikusi nuen Artiumen. Gogoan nuen, eta garai hura ekarri zidan gogora. Ikusi nuenean asko gustatu zitzaidan. Gorputzaz hitz egiteko aukera ematen dit. Oso kontraste bortitza dago irudian agertzen den argazki txikiaren -The War is Over dioena- eta gero aldagelan agertzen diren bost tipoen artean. Jarreragatik eta dituzten aurpegiengatik gezurtatu egiten dute gerra amaitu dela.

Zein gerraz ari gara?

Ez da gerra zehatz bat, baizik eta gerra orokorrean. Ekialde urruneko pertsonaiak dira, baina ez da II. Mundu Gerraz, Koreakoaz edo Vietnamgoaz ari. Instalazio baten parte zen, beste hiru irudirekin batera. Gerra bat ofizialki amaitu da irudian, baina horien gorputzetan nabari da beste mikrogerrak, egunerokoak, jarraitzen duela.

Kulturismotik anorexiara pasa ginen urte gutxitan. Zer berri gorputzaren aurkako gerraren frontean?

Espiritualitateaz gehiegi eta hain merke hitz egiten den garai honetan, komeni zaigu gogoratzea gorputza besterik ez dugula. Materialista eman dezake honek, baina ez da: gorrotoa, amodioa, oroitzapenak eta adimena ere, horiek guztiak gorputza dira. Gerrak eta ez gerrak, botereak ezartzen dizkigun gutziak soinean gorpuzten dira. Ideologiak eta erlijioek beti ukatu dute gorputza: garrantzitsuena izpiritua, arima, herria edo kolektibitatea zirela esan digute. Gaur kontsumorako objektu gisa ikusten da gorputza: Corporacion Dermoesteticak ezartzen du orain gorputzaren ukazioa. Gorputzak matxinatu egiten dira, erabilera horren kontra. Body art mugimendua izan zen matxinada horietako bat. Gorputz osasuntsua izan behar duzu gaur, lanean aritzeko 70 urte bete arte.

Nola txertatzen dira Badiolaren argazkiak proposatzen dizkigun gaiak zeure poesia lanean?

Gizonezkoen gorputzak dira, eta horiek beste gizon batek nola apreziatzen dituen interesatzen zait. Horrez gain, epikotasun txikia dago argazkian. Irudian agertzen direnak bizirik iraun dute: bizirik ateratze horrek interesatzen zait. Orain ari naiz idazten beste liburu bat, eta amodiozko poemak daude, eta gorputza da protagonista. Baina gaixotzen diren eta izerdia botatzen duten gorputzak dira, normalak. Argazkiko mutilaren galtzontzilo ziztrin horiek bezalakoak.

No comments:

Post a Comment