Thursday 17 June 2010

«Politikak ez du zerikusirik etikarekin edo arrazoiarekin, eta irabazteko egin behar da»

Joseba Ariznabarreta, pentsalaria.

Argazkilaria: Dani Blanco / ARGIA


'Asimilazio politikoa' hitzaldia emango du gaur Orreaga taldeko kideak Usurbilen. Euskal Herriko gaurko klase politikoa aldamenetik kentzeko eskatzen du, eta biolentzia ezinbestekoa dela dio.

Filosofia irakaslea izan zen Joseba Ariznabarreta (Galdakao, Bizkaia, 1936). Euskadi, aproximación política liburua argitaratu zuen duela hamar bat urte, eta Pueblo y poder 2007an. Orreaga taldekoa da. Asimilazio politikoa hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Sutegin, Usurbilen (Gipuzkoa).

Gaur landuko duzun tesia honetan datza: euskal sistema politikorik ez dago, Espainiakoaren apendizea da.

Euskal Herriaren arazorik handiena estrategia eraginkor baten gabezia izan da. Klase politiko baliogarririk ez du izan. Euskal Herriak ez du izan bere kontzientzia mailaren pareko klase politikorik. Herriaren mailara ez dira heldu, eta ez dute jakin herriaren indar guztia baliatzen helburuak lortzeko. Horrela jarraitzen dugu. Gaurko porrota ez da ustekabea, horren ondorioa da. Klase politiko honek ez du gaitasunik bere burua aldatzeko edo beste zer edo zer bihurtzeko. Uztea lukete hoberena, baina horretarako ahalmenik ere ez dute. Jasan beharko ditugu luzaroan.

Larunbatean ekitaldi berezia antolatu dute EAk eta ezker abertzaleak. Aldaketaren zantzurik ez duzu sumatzen hor?

Ez dut itxaropen handirik. Mirariren bat gertatuz gero, berehala emango nuke izena Euskal Herriak behar duen talde politikoan. Baina ez dut seinalerik eman aldaketa kualitatibo baterako.

Zein litzateke mirari hori?

Konturatzea orain arte egin duten bidea ez dela zuzena izan; haatik, lagundu egin duela herriaren indarra ahultzen. Erantzukizun handia dute horretan. Miraria litzateke bat-batean Euskal Herriak dituen nahien buru jartzea. Baina ez dut espero. EAJ 30eko hamarkadan sartu zen bide oker horretan: hauteskundeak irabazi, Madrilera egitasmoa eraman, han ukatu eta herrira itzuli. Trantsizioan aukera ikaragarria galdu zen.

Zu biolentziaren aldekoa zara, baina kritikoa ETAren jarduerarekin.

Politika ez da biolentzia hutsa, baina ez dago politikarik biolentziarik gabe, inon ez munduan. Horri ez dago ihes egiterik, nahiz eta batzuek ilusioa saldu elkarrizketa eta arrazoia izateak balio duela. Horiek ez dute balio politikan. Batzuek pentsatu izan dute indarraren bidez lortuko zutela, eta agian arrazoia zuten teoria mailan, baina inoiz ez dute izan behar adina indar irabazle ateratzeko. Aspaldi iragarritakoa bete da. Orain bozetan parte hartzearen bidea jarraitu nahi dute.

Beti esan duzu politika irabazteko egin behar dela; baina zein da irabazteko bide hori?

Politikak ez du zerikusirik etikarekin, ezta zuzenbide formal batekin ere, eta irabazteko egin behar da. Borroka da irabazteko bide bakarra, baina ez gizabanako edo heroi bakan batzuen borroka, itxuraz bortitza bada ere. Horrek ez du gaitasunik aurrean dugun arerioari irabazteko. Masa borroka behar dugu.

Adibideren bat eman dezakezu, erakusteko irabazteko moduko borroka bat non dagoen?

Hori egoeraren araberakoa izango da, herriaren eta arerioaren indar harremanak aztertuta. Baina orain ez dago hori egiteko gai den alderdi politikorik, eta herria oso bananduta dago. Lehengo urratsa klase politiko honek herriarengan duen itzal arriskutsu hori aldamenetik kentzea da. Halere, baikorra izatea dagokit, bestela ez nuke jendaurrean hitz egingo.

No comments:

Post a Comment