Thursday 24 June 2010

«Zaborra atez ate biltzea izugarri interesgarria da, jendea hezi egiten duelako»


Manuel Toharia, zientzia dibulgatzailea.
 
 
 
 
'Acabar con la civilización del desperdicio' hitzaldia emango du gaur zientziazale madrildarrak Donostiako udaletxean. Hondakinak kudeatzeko gaurko eredua amaitu dela dio.


Fisikan lizentziaduna da Manuel Toharia (Madril, 1944), baina ezagunagoa da zientzia herritarrei ulertarazten eginiko lanarengatik. Acabar con la civilización del desperdicio (Alferrik botatako gauzen zibilizazioa amaitu) hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Donostiako udaletxean. Zaborrekin zer egin erabakitzeko eztabaida pil-pilean dagoenean ekarri du Kristina Enea Fundazioak Gipuzkoako hiriburura .

Zaborra kontzeptua bera zakarretara bota beharko dugu datozen urteotan?

Hala egin beharko genuke. Herrialde aberatsak izugarri ari gara alferrik galtzen ondasunak. Munduko populazioaren %18 inguru planetaren natur baliabideen %80 gastatzen ibiltzea jasanezina da. Asko botatzen dugu, ez dakigu zer den aurreztea, ez gara eraginkorrak prozesu industrialetan eta gehien kutsatzen duten indar iturrien menpekoak gara. Marrubiak azaroan jatea eskatzen dugu, nahiz eta maiatzekoak diren. Aberats berrien portaerak aldatzen hasi behar dugu.

Argudio etiko-moral horiek ez al dira alferrikakoak?

Hondakin asko toxikoak dira. Kutsadura izugarria da gaur egun, baina orain arte horrek soilik naturari eragin dionez, bazirudien jendeari bost axola zitzaiola. Jendearen osasunari kalte egiten hasi denean hasi gara kezkatzen. Arrazoizko konponbideak bilatu behar ditugu, eta hasi behar dugu ez soilik herritarrak hezten, baita enpresak, industriak eta politikariak ere. Azkar egin behar dugu, arazoa larriagotzen ari delako etengabe.

Zabor organikoak konpost bihurtzeko sistemak ezartzen ari dira egunotan hainbat udalerritan. Hortik etorriko da konponbidea?

Zaborra etxez etxe jasotzea izugarri interesgarria da, herritarrei eta gizabanakoei ulertarazten dielako zaborra arazo bat dela eta ez dela amaitzen poltsa botatzen duzunean. Oso ona da zuk etxean ahalegina egin behar izatea zaborra bereizteko. Halere, horrek akats asko ditu: jendea nahastu egiten da, fede onez, eta behar ez dena botatzen duelako, hasteko. Bigarrenik, beti daudelako bandaloak. Hirugarrenik, badirelako bost axola zaienak. Horiek hezi behar ditugu, eta zaborrak bereiztera behartu, gogorra eta zaila bada ere.

Zein da konponbiderik egokiena: atez atekoa ala hondakin organikoentzako edukiontzia?

Heziketa aldetik, atez atekoa idealena da. Halere ez da idealena hondakinen aldetik, horretan hoberena hondakinak helmugan bereiztea litzateke. Atez atekoa oso garestia da, eta gaur ia udal guztiak hondoa jota daude eta jendeak ez du nahi izaten zabor zergak igotzea. Ikuspegi praktikotik, agian hoberena litzateke gai organikoentzako edukiontzia jartzea, baina horrek ez ditu akatsak eta bandalismoa saihesten. Hiri txikietan errazagoa da atez atekoa jartzea, nolanahi ere.

Noraino berzikla dezakegu, eta zer egin dezakegu gainerakoarekin?

Asko jota zabor ez organikoen %50 berziklatu ahalko da. Antzinean, Espainian, sua ematen zieten herrietako zabortegiei, zaramaren bolumena gutxitzeko, eta bost axola zitzaien pozoitsua bazen ere. Hori onartezina da gaur. Beste modu batera egin beharko da, eta errauts toxikoak behar bezala tratatu. Herrialde pobreetan ez dago halako arazorik, han ez dagoelako zaborrik. Jendea hezi behar dugu. «Hau da hau pagotxa» pentsatzen jarraitzen dugu, baina pagotxa amaitu egin zaigu.

No comments:

Post a Comment