Friday 25 June 2010

«Finlandiako ipar-aurora ekarri nahi dut Bergarara, nire 60. urteko erronka gisa»

Ramon Aranzabal, artista.



Arkitektura, musika, dantza, argia eta pintura batzen dituen ikuskizun bat antolatu du margolari arrasatearrak; bi urteko lana, behin eta leku bakarrean ikustekoa den artelan erabatekoa egiteko.

Ramon Aranzabal (Arrasate, Gipuzkoa, 1950) Fagor kooperatibako kide izan zen, 2008. urtean erretiroa hartu zuen arte. Ordurako, hamahiru bat urte zeramatzan margotzen, eta gaur hori da bere eginkizun nagusia. Gau magikoak Munibeko plazan ikuskizuna pentsatu eta antolatu du, eta gaur emango du, 22:30ean, Bergarako Munibe plazan. Arkitektura, margoa, musika, dantza eta argi efektu bereziak bateratuko dira.

Erretiroa lasai bizitzeko hartzen dute batzuek. Nola bururatu zitzaizun zuri halako ikuskizuna antolatzea?

Neuk ere ez dakit zehazki nola izan zen. Urteak dira honetan nabilela. Sibeliusen musika entzuten, Tuonelako Beltxarga poema sinfonikoa, alegia, jakin-mina piztu zitzaidan. Tuonela hori non dagoen ikusi nahi nuen, Finlandian hainbatetan izan naizelako, lanean zein oporretan. Tuonela, ordea, asmaturiko leku bat da: heriotzaren lurpeko mundua da, Finlandiako mitologian.

Infernu mota bat, alegia?

Ez da infernua, purgatorioa baizik. Ibai beltza dago horretan, eta han, beltxarga. Hortik abiatzea bururatu zitzaidan. Finlandiako istorioa Bergarako Munibe plazara ekartzea pentsatu nuen. Toki zoragarria da: XVI. eta XVII. mendeko jauregiz beteta dago, apaiztegia... «Hau da lekua!» esan nuen. Tuonelako mitotik abiatuta, neuk asmaturiko istorioak dena lotuko luke: arkitektura, musika... Argi nuen ez nuela ohiko erakusketa bat egin nahi, baizik eta zer edo zer ezberdina, aberatsagoa.

Zenbat denbora antolatzen?

Bi urte behar ditu egitasmoak osatzeko. Une zailak ere izan dira, finantzaketa bilatzerakoan. Istorioa argi eztanda handi batekin amaitzen da, ipar-aurora bat agertzen da plazan. Edorta Kortadi arte kritikariari gustatu zitzaion ideia, eta testu bat idatzi zidan, eta horrekin bankuetara jo nuen diru eske. «Orain une zaila da», esan zidaten, «egitasmo indartsua da; zergatik ez duzu bi urte itxaroten?». Nik ezetz, une zaila delako orain egin behar zela, erronka zela.

Musiraka dantza taldeak jarriko dio mugimendua ikuskizunari, baina nola sortu da koreografia?

Performance-ak bi zati izango ditu: lehenean, Sibeliusen Finlandia poema sinfonikoa entzungo da, eta horretan, dantzariek kontatuko dute istorio osoa. Beraiek sortu dute koreografia. Nik ildoa baino ez diet markatu. Ez dute inoiz dantza klasikorik egin, baina ikusi duten guztiak harrituta geratu dira.

Ikuskizuna udako solstizio garaian egitea kasualitatea izan al da?

Ez, arrazoi askorengatik nuen data jarrita ekainaren 23-24rako. Baina 23a egun kritikoa da, sua egiten delako plazan. Beldurra ematen zidan, margoak erraldoiak direlako. Zortzi metroko oihal bat eskura dago, eta beldur nintzen sua hartuko zuela edo norbaitek margotuko zutela. Azkenean, 25ean egitea erabaki nuen, solstizioaren magia harrapatuko duelakoan. Lau argi dorre eta watt piloa jarriko ditugu, magiari laguntzeko.

Merezi du horrenbesteko lana hartzea une eta leku bakarrerako ikuskizun bat egiteko?

Horrela dago pentsatuta. Hau ezin da edozein lekutan ipini, 60 metro oihal daude kolorez margotuta. Plaza honetan badago niri aproposa iruditzen zaidan ordenua. Ez nago itxita, halere. Baina hau, nire 60. urterako erronka da.

No comments:

Post a Comment