Thursday 9 September 2010

«Ez nuen porno industria salatzeko asmorik, baina nire argazkiak errealagoak dira»

Naomi Harris, argazkilaria.

Sexu club baten bilera, Super Bowl partidarekin.


Bikotekidea trukatzeko sexu elkarteak erretratatu ditu argazkilari kanadarrak lau urtez, Ameriketako Estatu Batuetako gunerik kristauenetan. Lanaren emaitzak aurkeztuko ditu gaur Bilbon.

Naomi Harris (Totonto, Kanada, 1973) argazkilaria da. Bikotekidea trukatzeko Ameriketako Estatu Batuetako sexu klubak erretratatu ditu, eta irudiak America Swings liburuan argitaratu. AEBetako estaturik kristauenetan ikusitako trukearen mundu ezkutuaren inguruan mintzatuko da gaur, 20:00etan, Bilboko Fnacen (Urkixo zumardia, 4).

Nola piztu zitzaizun bikote trukearen munduarekiko interesa?

Miamin nengoen 2002. urtean, beste egitasmo batean lan egiten. Hondartza nudistara joateko ohitura nuen, baina ez nekien nudistetako asko bikote-trukatzaileak ere bazirela. Trukatzaileen jai batera gonbidatu ninduten, eta berehala esan nion neure buruari mundu hori erretratatu behar nuela. Swingstock jaialdiarekin hastea erabaki nuen, hau da, udan Winsconsinen egiten den lau eguneko kanpin eta larru jotze jaiarekin. Hurrengo 48 hilabeteetan, 38 jai erretratatu nituen.

Zaila izan zen baimena lortzea?

Egia esan, ez. Behin lehen jaialdira joanda, adibideak nituen gero haiei erakusteko. Interneten bidez jarri nintzen haiekin harremanetan. Batzuek ez zidaten baimenik eman, baina beste askok bai.

Noraino dago zabalduta zaletasun hori AEBetan? Eta beste herrialdetan?

1970eko hasieran eginiko ikerketek erakutsi zuten AEBetan ezkondutako bikoteen %1 gutxienez behin aritu zela bikotekide trukean. Gaurko estatistiken arabera, %20ra igo da kopurua. Internetek erraztu egin du harremana. Duela gutxi irakurri nuen Txinan sei urteko kartzela zigorra ezarri ziotela gizon bati truke jaiak antolatzeagatik. Benetan gustuko izan behar duzu sexua halako arriskua hartzeko Txinan edo halako herrialde batean.

Nortzuk dira trukatzaile hauek?

Gehienak zuriak dira, 35 eta 55 urte artekoak, klase ertainekoak edo ertain-altukoak, eta batez besteko estatubatuarrak baino ikasiagoak. Joera dute liberalak izateko, baina soilik sexu kontuetan, asko etxe kristauetako seme-alabak dira eta. Neuri bitxia iruditu zitzaidan jende honek larunbat osoa larrua jotzen pasatzea eta hurrengo goizean mezetara joatea. Baina ikasi nuen askori ez zaiola bekatu iruditzen trukatzea, besteekin larrua jotzen duzunean zure bikotekidea bertan badago hori ez delako adulterioa. Eta, noski, jende horietako asko errepublikano sutsuak dira.

Pozik dirudite argazkietan. Lasaiak direlako trukatzen dute, ala trukatzen dutelako daude lasai?

Uste dut sexu bizitza hobeak dituztela, oso gustuko dutelako sexua. Voyeurrak direlako agertzen dira lasai nire argazkietan, eta ez dutelako arazorik beste batek begiratzen badie larrua jotzean. Izan ere, konturatu nintzen asko berotu egiten zirela nik argazkiak ateratzen nizkielako. Agian, larrua jotzearen ondorengo lasaitasuna ere badute.

Industria pornografikoaren robot operatuen estetikaren kontra jo nahi izan duzu, jende naturala erakutsita?

Ez zen nire asmoa industria pornografikoaren kontra jotzea. Baina uste dut nik erretratatutako jendea errealagoa dela. AEBetako gizartea islatzen du nire lanak, eta hango %30 gizentzat hartzen dira. Edertasuna topatzen dut arruntasun horretan. Nazkatuta nago gazte, eder eta aberatsekin obsesionaturiko gizartearekin. Izugarri aspergarria da.

No comments:

Post a Comment