Dantza Hirian jaialdiak bosgarren urteari ekingo dio
irailaren 16an. Azken lau urteko saioak erakusketa ibiltari batean
laburbildu ditu errealizadore donostiarrak, Gorka Bravoren irudien
bidez.
Ion Elorza (Donostia, 1963)
errealizadorea da egun, baina zinema-argazkilari gisa egin du lan urte
askoan Madrilen, besteak beste, Jaime Chavarrirekin, Gutierrez
Aragonekin eta Pedro Masorekin. Hiria Dantzan jaialdiak aurten bost urte
beteko dituela eta, argazki erakusketa berezia prestatu du, Gorka
Bravoren irudiekin. Irailaren 26ra arte egongo da, Baionako Euskal
Museoan.
Tranpa egin omen zenion Gorka Bravo argazkilariari. Zein irizpide erabili duzu argazkiak aukeratzeko?
Kontua ez da izan argazkirik politenak aukeratzea. Zentzu bat ematen saiatu naiz, ideia bat helarazteko. Jaialdiaren funtsa, azken finean, dantza garaikidea jendeari beste modu batera ematea da, kalera ateratzea. Argazkiokin, espazio horiek erakutsi nahi izan dugu. Horretarako, tranpa txiki bat egin nion argazkilariari: berak irudi batzuk aukeratzeko eskatu nion, esan gabe zertarako ziren. «Kabroi bat haiz» esan zidan gero. Baina, egia esanez gero, banekien zer aukeratuko zuen, lanbidekoa naizelako. Horrela bat-batekoagoa izan zen.
Zein zentzu eman diezu irudioi?
Hainbat gai sortu nahi izan ditut argazki horien bidez; esaterako, aurpegiak, hiri espazioak, ikusleak. Gero, collage modukoak sartu ditut. Horietako bat agurrei eskainirikoa, erakusteko dantzariek nola agurtzen dituzten ikusleak. Beste batean, frontoiak agertzen dira -oso garrantzitsuak guretzat-; Azkainen, Hendaian eta Ziburun zegoen giroa erakusteko, esaterako. Hirietako arkitekturarekin jokatu dugu. Gorka Bravoren lau urteko lanak asko erraztu du nire eginkizuna, oso ona delako.
Zein lotura du Bravok dantzarekin?
Arte eszenikoetan aditua da, horretan espezializatutakoa. Donostiarra da, eta 29 urte ditu. Aurten, Madrilgo Capturadanza Lehiaketa irabazi du, eta Bartzelonako Picasso Museorako lana egin du. Dantza Hirian jaialdiko argazkilari ofiziala da.
Eurohiriak bultzatzeko politika ofizial bat omen dago Europako Batasunean, baina gero zergatik dira horren gutxi hau bezalako ekimenak?
Oso gutxi egiten dituzte. jaialdi honek hainbat estereotipo apurtzen ditu: mugaz bi aldeko herritarrak oraindik bakoitza bere aldera begira bizi direla, esaterako, elkar ez dugula ulertzen edo ezin dugula elkarrekin bizi. Aspaldi da erabat normala jende askorentzat Hendaian bizitzea, Donostian lan egitea eta Baionara sendagilearengana joatea. Kontua da batzuei ez zaiela interesatzen horretaz hitz egitea. Jaialdi hau Baionan, Donostian, Errenterian eta Azkainen dago. Jaialdia hiru hizkuntzatan egina dago: euskaraz, frantsesez eta espainieraz -ordena horretan-. Normal hitz egin nahi dugu gure gizarte eta kulturaren errealitateaz.
Dantzarien galera gelditzeko modu bat litzateke?
Askotan ez dago baliabiderik hemen, inor ez delako kezkatzen, eta jaialdia dantzariak bultzatzeko plaforma bat da. Euskal Herriak dantzariak esportatzen ditu, eta askotan pentsatzen dugu hemen denak pilotariak direla, eta besterik ez.
No comments:
Post a Comment