Tuesday 12 October 2010

«Frankismoaren zentsura ez dugu ahaztu behar, ez baita iraganeko kontua»

Vicent Sanchis i Llacer, kazetaria.



'Censura franquista contra la editorial Bruguera' hitzaldia emango du gaur irakasle valentziarrak Bilbon, V. Zentsura at! jaialdiaren harira; gaur Bizkaiko hiriburuan hasi eta 17ra arte luzatuko da jaialdia.

Vicent Sanchis (Valentzia, 1961) kazetariak Censura franquista contra la editorial Bruguera hitzaldia emango du gaur, Bilbon, 20:00etan, BBK aretoan (Kale Nagusia, 19-21). Haur literaturaren aurkako zentsuraz egin zuen doktore tesia, eta hainbat erakusketa zuzendu ditu Espainiako agintariek prentsa satirikoari ezarritako zentsuraren inguruan, Alfonso XIII.atik Juan Carlos I.era.

Nola piztu zitzaizun komikien aurkako zentsura ikertzeko gogoa?

Irakurle nintzen txikitatik, eta konturatu nintzen zer edo zer xelebrea gertatzen ari zela. El guerrero del Antifaz irakurri nuen, lehen boladako edizioa, nire osaba batek bilduma osoa zuelako. 1970. urtean berriz argitaratu zutenean, erosi egin nuen, eta ikusi nuen erabat aldatu zutela: nik maite nuen guztia kendu zuten: ezpatak, indarkeria, irainak... Izugarri haserretu nintzen, eta apur bat nagusitzean hasi nintzen aztertzen horren atzean zer zegoen.

Franco Flash Gordonen aurka deitu zenion tesiari.

Bruguerakoek tesia irakurri, eta euren fitxategiak ireki zizkidaten. Frankismoaren amaieran gero eta gogorragoa izan zen haurrentzako argitalpenen kontrako zentsura. 1970etik aurrera, izua erabat zabaldu zen, eta, orduan, marrazkilariak zentsoreak adina zentsuratzen hasi ziren euren buruak. Bruguerari buruzko 50.000 txosten daude estatuaren fitxategian.

Zer mozten zuten?

Hasieran lau gauza betetzea nahikoa zen: erregimenari eta Espainiaren batasunari, Eliza katolikoari, dogmari eta moralari errespetua izatea. Gero, ordea, arauak ezarri zituzten, askoz harago: biolentziarik ez, aitaren edo maisuen agintea zalantzan ez jartzea... Une batean aingeruak hegoekin ez marrazteko eskatu zieten, aingeruak «benetakoak» direlako, baina hegoak «fantasia». Amaginarrebak ere ezin ziren kritikatu, talde hori ez mintzearren.

Horrek ez al du gaurko zuzentasun politikoarekin antz handia?

Frantziatik kopiatzen zituzten gauza asko orduan, eta Frantzian, zentsura Eliza katolikoaren eta Alderdi Komunistaren arteko itunaren emaitza izan zen, 1955. urte aldera. 1940ko hamarkadan zentsuratzaileei ez zitzaien axola pertsonaia kristauek islama iraintzen bazuten, baina gero, asko zaindu zuten beste sinismenak ez mintzea, eta hori zuzentasun politikoa da. Indarkeria ondo ikusita zegoen 1940ko hamarkadan, erregimena indarrez ezarri zutelako, eta haurrak horretara bultzatzen zituzten komikien bidez. 1960. urterako, berriz, indarkeria erabat erauzi zuten. Nire ustez, zentsurak hil zituen El Capitan Trueno eta besteak.

Gaurkoa zertan da ezberdin?

Zentsura ofiziala dago Espainiako Zigor Kodean, estatuko erakundeez eta monarkiaz mintzo denean. Baina gaur, azalean Felipe printzeari barre egin diotelako, aldizkari bat bahitzea eta marrazkilaria auzipetzea barregarri geratzea da. Ez dezagun ahaztu frankismoaren zentsura, ez zelako txantxa izan eta ez delako iraganeko kontua. Botereak beti du tentazioa bestela pentsatzen dutenak isilarazteko. Espainiako lehen zentsura araua errege-erregin katolikoek eman zuten, eta azkena gaurko Zigor Kodea da. Badirudi lehenak ere agintean direla batzuetan. Baina horretan zuek zarete adituak.

No comments:

Post a Comment