Saturday 9 October 2010

«Alemanian bizi gara orain, herrietako jaietan 'El Venao' barik bluesa nahi dutelako»

Adrian Costa, musikaria.

Argazkilaria: Dena Flows



Bi galiziarrek Berlinen Los Reyes del KO blues taldea sortu, eta azken lana aurkeztuko dute gaur Elgetako Espaloia kafe antzokian, Pettirekin batera. Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin atera dute diskoa.

Adrian Costa (Santiago, Galizia, 1979) Los Reyes del KO taldeko abeslari eta gitarra jotzailea da. Blues taldearen bihotza osatzen du Marcos Coll herrikidearekin. Taldeak Alemanian aurkitu du bizileku naturala. It's Fiesta Time diskoa aurkeztuko dute gaur, 22:30ean, Elgetako Espaloia kafe antzokian (Gipuzkoa), Pettirekin batera.

Galiziatik Berlinera egin duzue. Zein izan da ibilbidea?

Santiagon hasi ginen, gaztetan, lagun artean, kontzertu bat ematea eskaini zigutelako. Penagarria izan zen, baina kontsolatzeko beste bat jo genuen. Hirugarrenerako ikusi genuen hobeto joz gero diru apur bat aterako genuela. 13 urte nituen. 19 urte genituenerako profesionalak ginen Madrilen.

Autodidaktak izan zarete, berez?

Solfeoa itsusia da. Diskoekin ikasi dugu. Ez dut uste B.B. Kingek eta Ray Charlesek solfeoa zekitenik. Bluesak, gainera, paperean idazterik ez duten notak ematen ditu. Idazteak hurbil zaitzake bluesera, baina inoiz ez litzateke zehatza izango.

Zergatik Berlin?

Batez ere giro itzelarengatik bestelako musikei dagokienez. Aspaldi dute han blueserako kultura. Herriko jaietan hemen El Venao jotzen dute, baina han Little Richarden eta Chuck Berryren doinuak entzuten dituzte. Jende helduak hori nahi du. Kontzertuaren ondoren «Muddy Waters ikusi nuenean...» esaten dizute. Horrek izugarri aldatzen dizu giroa bluesaren profesionala zarenean.

Kultur askotako taldea osatu duzue.

Christian Rannenberg izan zen gure lehen harremana Berlinen. Europako blues pianistarik onenetako bat da. Jende askorekin jarri gintuen harremanetan. Carlos Delalane mozambiketarra arituko da baterian, eta Javier Vacas madrildarra baxuan.

Ohituta gaude blues taldeak klasikoak jotzen entzuten, baina zuek bertsio bakarra sartu duzue diskoan zuek sorturiko 13 kanten artean.

Beste diskoak baino pertsonalagoa da It's Fiesta Time. Taldeko musikari bakoitzak sortu du kantaren bat, ekarpen gisa. Halere, zuzenean bertsio gehiago egiten ditugu. Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin 2002tik ari gara argitaratzen, eta jarraituko dugu, haiek gurekiko konfidantza dutela erakutsi dutelako. Dagoeneko familia bat gara.

Zer edo zer berri egin daiteke bluesean?

Chicagora joaten bazara ikusiko duzu bluesa ez dela iraganean gelditu. Noski, sustraia du, eta tradizioa, jendeak jotzen duelako oraindik. Chicagon, esaterako, ikusiko duzu pianista ez dagoela eserita, baizik eta gitarra bezala zintzilik eramaten diren pianoa erabiltzen duela, eta gitarristak efektu pilorekin jotzen duela. Ziur naiz 1950eko hamarkadan ere erabiliko zituztela tresnok, eskura izanez gero. Eguneroko gauzez mintzo da bluesa, musika modernoa da, eta ez dio inoiz aldatzeari utziko, leku berrietara heltzeko. Guk 2010eko bluesa egiten dugu.





No comments:

Post a Comment