Friday 1 October 2010

«Jolas parke guztien azala berdintsua da, baina mamia guztiz desberdina, eta latza»

Anoek Steketee, argazkilaria.



Munduko gatazka guneetako aisialdi lekuak erretratatu ditu azken urteotan argazkilari herbeheretarrak. Jolasaren eta beldurraren arteko bidaia Getxon jarri dute, bihar arte, Getxophotoren barruan.

Anoek Steketee (Hoorn, Herbehereak, 1974) munduko hainbat gatazka gunetako jolas parkeak erretratatzeari ekin zion 2006. urtean. Dream City izenburupean bildu dituen argazkiak erakusgai ditu Algortako Azokaren barnealdean, Getxophoto jaialdiaren harira (Bizkaia). Bihar izango du azken eguna erakusketak.

Kurdistango Dream City jolas parkean hasi zinen sail horrekin. Nola aukeratu zenituen lekuak?

Jolas parkeak aurkitzea espero ez genuen herrialdetan bilatu genuen hasieran, baina berehala sortu zitzaizkigun zalantzak: zergatik ez dute bada izango jolas parkerik Libanon edo Palestinan, eta bai Israelen? Eefje Blankevoort idazlearekin batera egin nuen lana, eta erabaki genuen kontinente guztietan bilatzea gatazkak dituzten edo izan dituzten tokiak.

Begi bistakoa da hori Irak edo Ruandako parkeen kasuan, baina zergatik AEBetako Dollywood parkea?

AEBetako kulturaren sekulako erakusleihoa da: izugarri abertzalea da, eta erlijiosoa. AEBen ikur gisa ikusi genuen.

Zertan dira antzekoak horren toki ezberdinetako parkeak?

Arkitektura aldetik oso antzekoak dira, eta trukatu genitzake ia, baina istorioak eta testuinguruak erabat ezberdinak dira. Hori kontatzea zen gure ideia. Guztietan aurkitzen duzu jendea barrez edo jolasean, baita aspertuta ere ilaran. Leku bakoitzaren azala berdina da, baina mamia erabat desberdina, eta latza.

Jean Baudrillard filosofoak idatzi zuenez, estatubatuarrek Disneyland asmatu zuten, herrialde osoa fikziozkoa dela ezkutatzeko. Antzekoa gertatzen da beste lekuetan?

Parke guztiak herrialdearen bertsio txiki ideal izan nahi dute. Kasurik harrigarriena Turkmenistangoa da. Dena mugitzen da han Saparmurat Niyazov Turkmenbashi buruzagi ohiaren inguruan, parkeak berak Turkmenbashiren Maitagarri-Ipuinen Mundua du izena. Han jendeak beti nahi du zuk beren argazkia ateratzea, baina ez dute zurekin hitz egiten. Kolonbian, berriz, Pablo Escobar droga trafikatzailearen etxaldea zena dago, jolas parke bihurtuta.

Afrikatik Europara etorri berria zara. Zertan ari zara lanean?

Ruandan izan naiz. Bi urte daramat hango gatazka eta adiskidetzeari buruko lan bat egiten. Romeo eta Julieta, baina tutsi eta hutuen artean.

No comments:

Post a Comment