Thursday 7 October 2010

«Beltzen eskubide zibilen ekintzaileek ere Facebook erabiliko zuten, edukiz gero»

Tanya Notley, teknologian aditua.

Argazkilaria: David Sasaki


'Informazioa ekintza bihurtu' lelopean, teknologia berriak gizartea aldatzeko erabiltzen irakasten die Tanya Notley adituak mundu osoko giza eskubideen aldeko borrokalariei. Gaur, bilbotarrei erakutsiko die.

Tanya Notley (Sydney, Australia, 1974) Queenslandeko Teknologia Unibertsitateko doktorea da, eta Tactical Tecnology Collective ziber-ekintzaile taldeko kidea. Gobernuen gehiegikerien aurka teknologiak erabiltzen irakasten die munduko hainbat herrialdetako GKEei. Sormen-estrategiak herritarrek parte hartzeko hitzaldi-ikastaroa emango du gaur 19:00etan, Bilbon, Arrupe etxean (Lojendio, 2), Alboan erakundeak antolatuta.

Iraketik itzuli berria zara. Ez al da zentzugabea jendeari Interneten aukerez mintzatzea halako egoera latzean?

Hein batean bai. Populazioaren %3k baino ez du han Internet erabiltzeko aukera. Oztopo handia da hori, hasteko. Eta, halere, jendea oso irekia da halako gauzetarako, aurrera egin nahi dutelako. Gogo handia dago Internet eta teknologia berriak erabiltzeko, gobernua eta informazioa irekitzea lortzeko. Ekialde Hurbilean, emakumeen eskubideen inguruko tailerra egingo dugu abenduan.

Zer egiten duzue, zehazki, Tactical Tech taldean?

Duela zazpi urte sortu zen taldea, giza eskubideen aldeko erakundeei teknologia digitalak erabiltzen irakasteko. Informazioa ekintza bihurtzea da gure helburua, mundu osoan, baina bereziki hegoaldeko herrialdeetan. Esaterako, materiala ematen diegu taldeoi, software irekia eta halakoak. Adibidez, erakunde askok txosten sakonak idazten dituzte haurren hiltze-tasaz. Baina oso mardulak izaten dira, eta inor gutxik irakurtzen ditu. Orduan, guk lagundu egiten diegu informazio hori ikusgarri bihurtzen, afixetan zabaltzeko gero, edo bideo batean. Beste adibide bat: klima aldaketaren aurkako erakundeen sare handi bati SMS sistema bat eraikitzen lagundu diogu, mundu osoan komunikatu ahal izateko.

Sistema horien inguruan gobernuek duten kontrol maila kontuan hartuta, horiek bultzatzea ez al da ekintzaileak arriskuan jartzea?

Segurtasun digitala oso garrantzitsua da guretzat, eta lan handia egin dugu horren inguruan, jendea arriskuez ohartarazteko.

Uste duzu teknologia berriek alda dezaketela benetako mundua?

Horretaz eszeptikoak izan nahiago dugu, eta gauzak kritikoki aztertu. Ez dugu sartu nahi gizartea aldatzeko molde zaharren eta ekintza digitalen arteko polarizazioan. Ez dugu uste azkenak lehena ordezkatuko duenik, eta sareko ekinbideak saretik kanpokoekin bateratu behar direlakoan gaude. Baina adibide piloa dugu ikusteko sareak sekulako aukerak ematen dituela benetan giza eskubideen aldeko borrokan. Informazioa ikaragarrizko baliabidea da GKE txikientzat.

Hori galdetu dizut azken egunotan eztabaida gogorra piztu delako gizarte aldaketaren guru handienetako biren artean. Malcolm Gladwellek Clay Shirkyren teoriak gaitzetsi ditu, eta «iraultza ez da Twitterren bidez etorriko» idatzi du.

Apur bat barregarria iruditzen zait Gladwellen argudioa. Eredu gisa jartzen ditu 1960ko AEBetako eskubide zibilen aldeko ekintzaileak, eta haien elkarrenganako hurbileko harremana eta hierarkia, eta esan hori dela eredua. Baina, nire ustez, ez dago zalantzarik: ekintzaile beltz haiek Facebook, Twitter eta teknologia berriak erabiliko zituzten, orduan eskura izanez gero.

No comments:

Post a Comment