Friday 19 November 2010

Francesca Figueras, astronomoa.




Gure galaxiaren ezagutzan «iraultza» eragingo duen espazio misioaz mintzatuko da gaur zientzialari katalana Donostian, Zientziaren Kutxaguneak antolaturiko Astronomia Jardunaldien harira.

Francesca Figueras (Bartzelona, 1958) Bartzelonako Unibertsitateko astronomia eta astrofisika irakaslea da. Esne Bidearen etorkizuneko esplorazioari buruz hitz egingo du gaur, 19:30ean, Aranzadi Zientzia Elkarteak Zorroagan duen egoitzan, Donostian, Astronomia Jardunaldien barruan.

Askotan esan duzu datozen urteotan sekulako iraultza gertatuko dela gure galaxiaren ezagutzan. Horrenbesterako izango da?

Europako Espazio Agentziaren (ESA) Gaia misioa-n ari gara lanean Bartzelonako Unibertsitatean, besteak beste. 2012. urtean jaurtiko dute, eta bost urtez ortzea eskaneatzen arituko da. Esne Bidean dauden izarren %1 aztertuko ditu. Horien kokapena, mugimendua, tenperatura, osaera eta kolorea neurtuko ditu. Horren bitartez jakin ahalko dugu nola sortu zen eta nola garatu den Esne Bidea, hau da, segunduko 320 kilometro itzulika garamatzan sistema honek.

Galaxia osoaren adierazgarria izango al da %1 hori?

Orain dakiguna baino askoz gehiago da. Hipparcos aurreko misioan 100.000 izar aztertu ziren, eta horrekin izugarri gehiago dakigu orain. %1 esanda gutxi ematen du, baina mila milioi izar aztertuko dira orain. Informazio terabyte eta petabyte askoz ari gara. Izar errolda izango da. Hori iraultza da.

Lurra hondatzen dugunerako ordezkorik aurkituko du misioak?

Gaia-k ikusi ahalko ditu eguzki sistemaren antzekoak, eta zenbat diren kalkulatzeko estatistika fidagarriak egin. Planeta horiek aztertzeko beste misio bat beharko da.

Nola bereizi astronomian zer den zientifikoki benetan interesgarria eta zer erabiltzen den hedabideei begira ikusgarria delako, dirua lortze aldera?

Astronomia berez da zirraragarria, eta edonor liluratzeko duen ahalmen hori ustiatu behar da, eta ustiatzen jarraitu behar dugu, betiere zientzia aldetik zuzentasunez jokatuta. Horren adibidea astronomo amateurrak dira. Zientziari laguntzeko lan handiak egiten dituzte gaur egun.

Antimateriako atomoak azeleragailuan lehen aldiz harrapatu dituztela zabaldu zuten asteazkenean. Eta astronomoak zeruari begira zaudete, lurrazpira begiratu beharrean?

Izugarri interesgarria da energia handien eta materiaren fisikariak zein kosmologoak bat etortzen ari direla unibertsoa nola sortu zen deskribatzeko eredu estandarra zehazteko. Duela 30 urte talde bakoitza bere aldetik zebilen lanean. Ordainetan, orain zientzialariei zaila zaie sortzen ari diren informazio eta teoria guztien berri izatea. XVII. mendean filosofo batek ideia osoa izan zezakeen. Orain, berriz, astronomoa naiz, eta ezin naiz alor guztietan aditua izan.

Emakume astronomoen inguruko lana egin zenuen Unescorentzat. Aurrera egin ahal da horretan?

Bai. Handitzen ari da emakumeen proportzioa, baina oraindik ez gaude maila berean botere guneetan, beste alorretan gertatzen den bezala. Orain argitaratu behar dugu ikerketa soziologiko bat, astronomian lana eta familia bateratzearen inguruan. Erakusketa ibiltari bat prestatu dugu gaiaren inguruan, euskaraz ere badago, eta bertsio zoragarria da. Liluratu egiten nau astronomia kontuak euskaraz ikusteak. Oraindik ez dugu sarerik lortu hori Euskal Herrian erakusteko.

Noizko izango ditugu Gaia misioa-ren datuen ondorioak?

Hainbat lekutako superkonputagailuak erabilita, 2019rako. Unibertsoak duen adina kontuan hartuta, ez da asko.

No comments:

Post a Comment