Saturday 20 November 2010

«Nik ez dut zentsuratzen neure burua, hori ez delako inolaz ere aurrera egitea»

Kase.O. Hip hop abeslaria.

Argazkilaria: elninodelaselva



Jazza eta hip hopa nahasten ditu Jazzmagnetism ikuskizunak, eta Elgetan aurkeztuko dute gaur, Espaloia kafe antzokian.

Javier Ibarra abeslariak (Zaragoza, Espainia, 1980) Kase.O izena erabiltzen du, besteak beste, hip hoparen munduan. Violadores del Verso taldearekin aritzeaz gain, Jazzmagnetism egitasmoarekin dabil egunotan, bere ohiko kantak jazz tresna eta doinuekin jotzeko. Hori aurkeztuko du gaur 22:30ean, Elgetan (Gipuzkoa), Espaloia kafe antzokian. Lagun izango ditu Daniel Comas gitarrista, Hugo Astudillo saxofoi jotzailea, Juan Pablo Balcazar kontrabaxua eta baxu elektriko jotzailea, eta Dani Dominguez bateria jotzailea.

Apirilean hil zen Guru musikari estatubatuarra. Hark zabaldu zuen hip hopa eta jazza nahasteko joera. Gururen oinordekotzat izendatu duzu zeure burua?

Inolaz ere ez. Ez naiz inoren oinordekoa. Egiten dudana egiten dut, eta kito. Rapa da kredorik hoberena.

«Hip hopa suntsitzea galaraztea da misioa», abesten ohi zenuen. Jazza da hip hopa salbatzeko bidea?

Hip hopa jazzaz elikatzen da, beste hainbat musikaz elikatzen den bezala. Esan diezazuket bizitza pertsonek salbatu dutela, haiek salbatzen eta salbatuko dutela. Eta musika oso garrantzitsua da bizitza hauetarako.

Ez duzu uste hip hoparenak egin duela, arte mota moduan, eta begi bistakoak direla gain behera doan seinaleak?

Nire rapa ez doa gain behera.

Kultura klasikoko erreferentziak erabili izan dituzu zure kantetan. Hori egin duzu hip hopa gutxiesten dutenak txunditzen saiatzeko, edo, jazzarekin nahasiz bezala, rapa beste maila batera eramaten saiatzeko?

Nik izugarri gozatzen dut lan bakoitzean, eta ahalik eta hobekien egiten saiatzen naiz. Rapa beste maila batera eramaten dudala uste baduzu, eskertzen dizut.

Nola landuko duzu ikusleen parte-hartzea Elgetan?

Ikuskizuna osoa izan dadila saiatuko gara. Asko gozatzen dugu zuzenean, bai taldeak bai neuk, eta hori igarri egiten dela uste dut. Gogo handia genuen berriz kontzertuak egitera ateratzeko. Geldiune bat izan dugu, eta orain itzuli egin gara.

«Gazteen indarkeria deritzotena pairatuko dute; nik Guardia Zibilaren kontrako autodefentsa deitzen diot». Zure aspaldiko bertso bat da. Euskalduna bazina, Espainiako Auzitegi Nazionalera eramango zintuen horrek, agian. Zeure burua zentsuratzen duzu orain?

Nork bere burua zentsuratzea aurrera ez egitearen ondorioa da. Nik aurrera egiten dut. Iraganean esan nuena, baieztatu egiten dut, iraganean. Ez dut zentsuratzen neure burua, hori ez delako aurrera egitea, eta kartzelek egiten duten gauza bakarra pertsona suntsitzea da.

«Neuk ere ez dakit bizitzen, inprobisatzen ari naiz». Ba al duzu azkenean etorkizunerako planik?

Ohetik jaikitzea goizero, eta libre izatea.

No comments:

Post a Comment