Thursday 25 November 2010

«Mundua pobretzen ari da, kultura konpainia handien eskuetan jarri delako»


Laurie Anderson, artista.


'Transitory Life' hitz eta musika ikuskizuna egingo du sortzaileak gaur Bilbon, 20:00etan, BBK areto berrian, Zinebi jaialdian; Europan emango dituen bi kontzertuetako lehena. 


Laurie Anderson (Illinois, AEB, 1947) eskultorea, performance artista eta idazlea da, baina, batez ere, musikari gisa egin da ezagun. BERRIArekin mintzatu da Transitory Life ikuskizunaz, bere azken diskoaz eta AEBetako inperioaren amaieraz.

Soilik bi emanaldi egingo dituzu Europan. Zergatik aukeratu duzu Bilbon hastea?

Ez da bira bat izango, soilik bi emanaldi: Bilbon bat eta Erroman bestea. Bilbo aukeratu dut, ez dudalako inoiz jo hirian; izan naiz bisitan, baina ez jotzen. Denera, hogei istorio kontatuko ditut Transitory Life ikuskizunean, biolinarekin lagunduta. Hitz askoko piezak dira, luzeak. Erroman, berriz, Delusion egingo dut, eta hori begientzako lana da, irudi askorekin. Bilbokoan pertsonaia asko agertzen dira, eta horiei irudiak jartzea eromena litzateke.

Aurten argitaratu duzun diskoan -Homeland-, gizonezko bat bezala erretratatuta agertzen zara; zure alter ego Fenway Bergamot gisa, alegia, eta garai batean asko erabiltzen zenuen «agintearen ahotsa» efektua atera duzu berriz, zeure ahotsa gizonezko boza bihurtzeko. Zergatik berreskuratu duzu pertsonaia?

Ahots hori interesgarria zait, aukera ematen didalako nolabaiteko ikuspegi aldaketa egiteko eta horrekin lan egiteko modua ematen didalako. Lengoaiarekin salto egiten dugu gai batetik bestera. Nik, berriz, gustuko dut aukera izatea istorioak kontatu ahal izateko ez modu sekuentzialean, hau da gauza bat beste baten atzetik ordenaturik. Ez dut kontatu nahi, beraz, hitz egiten dugun moduan, baizik eta pentsatzen dugun eran. Burua hitzak baino azkarrago mugitzen da, eta hori maite dut. Bestalde, ez dut gustuko amaiera jartzea istorioei. Film bat ikustera bazoaz, amaiera txukunen bat izan behar du istorioak. Baina gure bizitzak hori baino konplikatuagoak dira, eta konplexutasun hori islatzea nahi dut. Ahots hori ona da niretzat ideia hori agertzeko, mundu honetaz haragokoa baita.

Besteak beste zure gizon ahots efektu horretan inspiratu da ziberfeminismoa, generoen arteko aldea teknologiaren bitartez gainditzea proposatzeko. Bat zatoz ziborg teoria delako horrekin?

Ez dut uste hori teknologiaren bitartez egin daitekeenik. Hortara jolas zaitezke, baina ezin duzu generoa gainditu. Niretzat panpina bat bezalakoa da ahots hori, gauzak beste modu batera ikusteko, baina zibernetika eta generoa bi gauza dira erabat.

Zure lanaren inspirazio iturrietako bat John Cage musikaria da. Baina ez al da paradoxa gehiago eragin izana haren idazkiek musikak baino?

Maite dut John Cagen musika, baina haren 4'33'' pieza, esaterako, ez zait musika iruditzen, filosofia baizik [Pieza horretan musikaria pianoaren aurrean esertzen da lau minutu eta 33 segundoz, baina ez du ezer jotzen]. Musikari askok esaten dute John Cagen eragina dutela, baina argi dago ez dutela inoiz haren musika entzuten. Hura perkusionista gisa hasi zen, eta, logikoa denez, denbora interesatzen zitzaion. Niri, berriz, gehiago erakartzen nau musika narratiboak eta melodikoak. Cagerentzat mundua musika da, eta musikaria, berriz, norbera eta doinu natural horren artean traban jartzen den gizakia. Ideia hori benetan erabilgarria iruditzen zait, baina filosofia gisa.

Musika eta hitzen bidez kontatzen dituzun istorioetan nabarmena da haren Silence edo For the Birds liburuen pasadizoen eragina.

Oso datu interesgarri bat zuen Cagek, garai batean egiatzat hartu nuena baina orain badakidana ez dela egia: 1954. urtean uste zuen orduan bizirik zeuden gizakiak gehiago zirela historia osoan bizi izan zirenak baino. Hori harrigarria litzateke, oraintxe bertan Beethoven, Shakespeare, Lao Tzu izango genituzke... denak. Haatik, ez gara une horretara heldu oraindik, antza denez. Noski, nola zenbatzen duzun da kontua, berak ez zituelako haurrak edo esklaboak zenbatu.

Transitory Life da Bilbon emango duzun kontzertuaren izenburua. Kutsu budista hartu du zure lanak?

Badira bai, Transitory Life-n irakaspen budistekin loturiko hainbat istorio. Horrez gain, budismoa oso oinarrizkoa izan da nire lanean. Halere, uste dut berdin idatz zenezakeela Transitory Life soilik pop kulturan sinistuz gero. Gaur hemen zaude, eta bihar ez zaude; hori da ideia. Denboraz mintzatzen da Fenway Bergamot ikuskizunean. Gure gaurko kultura izugarri behin-behinekoa da.

Ez duzu, beraz, joko Only an Expert zure inoizko abesti politikorik gogorrena?

Ez. Ez dut aukeratu, ez duelako lotura hori denboraren iragatearen gaiarekin.

Bitxia da: zure 1981eko O Superman hura Iran-Contra armen aferaren inguruko kanta zela jakin dugu, zuk esan duzulako, baina Only an Expert horren mezu politikoa ezin esplizituagoa da. Adinarekin, otzandu beharrean, haserreago zaude?

Gauza asko ditugu egunotan haserretzeko. Kultura konpainia handien esku jarri da, eta mundua pobretzen ari da horregatik. Jendeak ezin du dagoeneko ezer asmatu bere kabuz, entretenimenduaren industria erraldoiak esku hartu gabe. Adituekiko dugun menpekotasun hau barregarria iruditzen zait, nahiz eta saihestezina izan, hein batean, gero eta espezializatuagoa dagoen kultura batean. Honetan eragin didaten bi liburu etortzen zaizkit burura. Lehena Reality Capitalism da: errazagoa zaio jendeari munduaren amaiera irudikatzea, kapitalismoaren amaiera baino. Sinestezina da; ez dago benetan funtzionatzen duen beste sistemarik? Ahal bezain aberats eta ospetsu bihurtzen saia zaitez, eta kito. Ez dago besterik? Beste liburua The Freedom Manifesto da, Tom Hodgkinsonena: sistema horretatik askatzeko bizimodua nola sortu kontatzen du. Dagoeneko hiru aldiz irakurri dut, ikusteko neure bizitzari aplikatzerik ote dudan: ez eraman erlojurik, ez hartu garraiobiderik, bizikletaz ibili, ez izan karrera profesionalik... benetan muturrekoa eta zirraragarria. Horiek dira nire liburu gomendioak gaurkoz.

«Zentzurik ba al du herrialde batek mundua gobernatzea?», galdetzen duzu Homeland diskoan. Ameriketako Estatu Batuen «inperioa badoa»... Ez al da izango historiako inperiorik laburrenetako bat?

Gero eta laburragoak dira, bai, inperioak, antza denez. Ikusiko dugu txinatarrak nola moldatzen diren horretan. Espero dut ongi ibiltzea.

Etsita zaude Barak Obamaren politikarekin?

Etsituta nago jendearekin, pentsatzeagatik gauzak berehala alda daitezkeela. Obamak aldatu nahi zituen gauzek hemezortzi hilabete baino gehiago eskatzen dute, baita lau urte baino gehiago ere. Baina, bai, etsita nago haren politikaren hainbat gauzarekin.

AEBetako inperioa galtzen denean, zer egingo dute bilbotarrek Guggenheim museoarekin?

Leku ederra izango litzateke bertakoek euren erakusketak jartzeko. Nazioarteko frankiziaren denda-museoaren aroan bizi gara, zoritxarrez; Guggenheim konpainiaren aroan, alegia. Nahiago nuke hiri bakoitzeko jendeak euren museoak berreskuratuko balitu eta bertako artistentzako jarri, kanpoko arte komisarioek eurentzako gauzak ekarri beharrean. Tokian tokiko jendeak egin dezan bere musika eta artea.

No comments:

Post a Comment