Tuesday 23 November 2010

«Bizimodu bat amaitzen ari da, eta egoera hobetzeko inolako itxaropenik gabe»

Pedro Prieto, ingeniaria.





Petrolioaren ekoizpenak sabaia jo duela eta mugagabeko hazkuntzan oinarrituriko gure sistema ekonomikoak ez duela balio azalduko du 'Crisisenergetica.org' atariko editoreak gaur Bilbon eta bihar Bergaran.

Pedro Prieto (Madril, 1950) telekomunikazio ingeniaria da. Petrolioaren ekoizpenaren mugak ikertzen dituen ASPO erakundearen presidenteordea da Espainian, eta Crisisenergetica.org Interneteko atariko editorea. Tras el petroleo barato ¿Qué? hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Ekoetxean, Bilbon. Bihar, Bergarako udaletxean mintzatuko da, 19:30ean (Gipuzkoa).

Hasi al da dagoeneko jaisten petrolioaren ekoizpenaren kurba?

Nazioarteko Energia Agentzia IEAk aurten onartu du, lehen aldiz, petrolio arruntaren ekoizpenaren punturik garaiena 2006. urtean gertatu zela. Harrigarria da munduko herrialde aberatsak ordezkatzen dituen eta urtero txosten bat argitaratzen duen erakunde batek 2010. urtera arte itxaron izana egia onartzeko. Petrolio arrunta esamoldeak petrolio merkeena eta hoberena esan nahi du. Ez da miraririk egongo, eta ez dute gehiago aurkituko.

Beraz, 2006. urtea data historikoa da: petrolioan oinarrituriko zibilizazioaren amaieraren hasiera. Eta ez gara jabetu ere egin?

ASPOkook 2005. urtetik galdetu diogu IEAri ekoizpen gailurra kontzeptua ez ote duen ezagutzen, eta hori zegoenik ukatu egin dute orain arte. Izan ere, betirako hazkundea saltzen jarraitzen dute, horretan oinarritzen direlako gure sistema ekonomiko eta politikoak. Onartzen baduzu petrolioaren ekoizpena ez dela beti hazten jarraituko, beste sistema bat planteatu behar duzu.

Zertan bereizten da maien zibilizazioaren edo Erromako Inperioaren amaiera ekarri zuen dinamika eta guk gaur duguna?

Lehen aldiz historian, hau ez zaio gertatzen zibilizazio edo nazio bati, eremu mugatu batean, baizik eta planeta osoari.

Petrolioaz gain, ikatzaren, gasaren eta uranioaren ekoizpenaren gailurrera heltzen ari gara, eta ez dugu ordezko energia iturririk. Norena da prest ez egotearen erantzukizuna?

Askok partekatzen dute erantzukizuna: finantza taldeek, kontuan ez hartzeagatik mugagabeko hazkuntzak mugagabeko ezbeharrak sortzen dituela; natur baliabideak agortzea, alegia. Klase politikoa finantza talde horien zerbitzuan dago, eta jainko berri horiek eskatzen dituzten giza sakrifizioak egiten ari dira, gaurko krisian esaterako, kasta horrek gorde ditzan bere pribilegioak. Oso alienaturik dauden lehen munduko hiritarrek ere badute erantzukizuna. Ez gaude prest geure ongizateari uko egiteko, naturak behartzen ez gaituen arte.

Energia berriztagarriek petrolioa ordezkatzerik ez dutela izango esan ohi duzu. Nolatan dedikatzen zara orduan eguzki energia ekoiztera?

Ez dira gutxietsi behar energia berriztagarriak, gizakiok milioika urte baitaramagu horietaz bizitzen. Baina ezingo dugu orain petroliorekin mugitzen duguna mugitu horiekin. Abiadura handiko trenak, esaterako, ez du zentzurik izango etorkizunean, makrohiriek ez baitute iraungo energia urria duen munduan. Tren txikiak behar ditugu, distantzia txikikoak baina adar askokoak.

«Odola, izerdia eta malko garaia» datorkigula esan ohi duzu. Ez al da apokaliptiko samarra?

Bizimodu bat amaitzen ari da, eta hobetzeko itxaropenik gabe. Kontsumoa gutxitu beharko da, nahi eta nahi ez, eta aberatsok egin beharko dugu sakrifizioa, besteei ezin baitiegu eskatu. Eta hau ez da konponduko bonbila batzuk aldatuta.

No comments:

Post a Comment