Wednesday 15 December 2010

«Bigarren mailako hiriak izango dira glokalizazioaren hirugarren faseko buru»

Igor Calzada, Mondragon Unibertsitateko ikertzailea.


Nortasuna gordetzeko lehian, munduko antzeko auzoak konektatu behar direla dio gizarte eta hiri berrikuntzaren inguruko ikertzaileak. Ideia hori azalduko du gaur Donostiako Egia auzoan.
Igor Calzada (Donostia, 1975) irakaslea da Mondragon Unibertsitatean. Hiria eta berrikuntza dira haren ikerketaren ardatz nagusiak. Auzolab: komunitate lokalaren esnaldia hitzaldia emango du gaur, 19:30ean, Egia kultur etxean, Donostiako Egiako Auzo Elkarteak antolatuta.

Auzolab ideia zer da zuretzat, auzolanaren ordezkoa?

Hitz joko horretan baditugu berreskuratu beharreko gauzak eta inolaz ere berreskuratu beharko ez genituzkeenak. Nostalgia ez da ona. Hiriaren inguruko oso ideia uniformizatzailea egon da. Auzoen nortasuna oso garrantzitsua da, Euskal Herrian zein beste lekuetan. Sekulako beharra dago ezkerraren diskurtsoa eguneratzeko, eta aukera handia dugu horretarako. Auzolana izan zen herrigintzarako tresna bat, baina ezin dugu berreskuratu, gaur gizarte indibidualista dugulako. Izan ditzakegu geure facebookak eta gizarte sareak, baina horrek ez du berreskuratzen gizarte komunitarioa.

Glokal beste hitz joko eta modazko terminoa erabiltzen duzu. Globala eta lokala adiskidetzerik al dago benetan?

Globalizazioa onartu zenean, lokala eta globala lotzeko ideia aipatu zuten batzuek. Berrikuntza, ordea, beste nonbait dago: dagoeneko hirugarren belaunaldiko globalizazioan gaude, ez glokalizazioan. Puntu supralokalak konektatuko ditugu orain. Axola zaiguna ez da Euskal Herri osoa Danimarkarekin lotzea, baizik eta Donostiako Egia auzoa, esaterako, Arhus hiriko antzeko auzo batekin. Gure arazoak antzekoak dira, hizkuntzak eta bizimoldeak gorabehera.

Baina hori ez al dute aberatsek aspaldi egiten, zentrokoak Gabonetako erosketak egitera Londresko Oxford Streetera joaten direnean?

Hala da. Hiri kudeaketan oso eredu argia dago gaur: Starbucks eredua. Kate horretako kafetegi guztiak berdinak dira, eta hiria uniformizatzen dute. Eredu hori da hiri batek saihestu behar duen lehenbiziko gauza. Londres, Paris, Tokio... hiri globalak dagoeneko atzean geratzen ari dira, superpopulazioaren gaitz guztiak pairatzen ari direlako. Los Angelesko desastrea da adibidea, desarrollismoaren biktima izan baita. Bigarren mailako hiriak izango dira glokalizazioaren hirugarren faseko buru, iraunkorragoak direlako eta bizitzeko hobeak. Kudeagarriagoak dira eta sinergiak hobeto aprobetxatzen dituzte. Euskal Herriak horietako bat izaten saiatu beharko luke.

Ez al gabiltza, hain zuzen ere, Los Angelesen ereduari jarraiki?

Osagai on asko ditugu, baina baita disfuntzio batzuk ere, eta horietan nabarmenena errepideak dira. Duela 30 urte horren aldeko apustua egin zen, eta sekulako hanka-sartzea izan zen. Ez naiz jarriko abiadura handiko trenaren alde edo kontra, baina trenbidea da konponbidea. Miarritzeko aireportura autobusa jarri izana oso albiste ona da.

Hiri-estatua da Euskal Herriaren etorkizuna?

Bi-hiru milioiko hiriek osatuko dute glokalizazioaren hirugarren belaunaldia, eta Euskal Herriak sekulako aukera du mapan leku bat izateko. Europan kudeaketa onaren eredua ez dira estatuak, eskualdeak baizik. Hiri-eskualdea da niretzat eredua Ipar eta Hego Euskal Herrirako; esaterako, Danimarka eta Suediaren arteko Oresund eskualdea.

No comments:

Post a Comment