Friday 24 December 2010

«Hobe da haurrei sortzaile izaten irakastea matematika asko irakastea baino»

Sonia Rueda, argazkilaria.


 

'Cambio de Rueda' erakusketa zabaldu berri du artistak Bilbon, aurretik elkar ezagutzen ez zuten Rafa Rueda musikariarekin eta Alicia Rueda moda diseinatzailearekin elkarlanean.
Sonia Rueda argazkilariak (Barakaldo, Bizkaia, 1964) Cambio de Rueda erakusketa zabaldu zuen atzo Windsor Kulturgintza erakusketa aretoan (Ajuriagerra, 14, Bilbo). Alicia Rueda moda diseinatzailearekin eta Rafa Rueda musikariarekin batera sorturiko lanak daude erakusketan, otsailaren 26ra arte. Hiru sortzaileak ez dira senideak, baina, abizen bera dutela ikusita, elkarlanean aritu dira.

Zuri bururatu zitzaizun elkar ezagutzen ez zituzten Rueda abizeneko hiru artista elkartzeko ideia. Nola?

Aliciaren soinekoak ikusi nituen telebistan, eta Rafaren disko berri baten propaganda. Hau da hau, zenbat Rueda lanean Euskal Herrian! esan nion nire buruari. Nortasunaren gaia landu izan dut. Sukaldariekin ere egin dut lan, eta oso esperientzia atsegina iruditu zait. Arte plastikoetan endogamia handia dago. Artea bizitzarekin lotuago egon beharko litzateke. Oso gutxitan lortzen dugu ikusleei hori helaraztea, eta hau horretarako aukera bat zen.

Nola hartu zuten proposamena?

Hasieran ez nekien nola enfokatu, erokeria zela iruditzen zitzaidan eta. Azkenean, egitasmo txiki bat prestatu nuen, eta deitu egin nien. Inoiz jaso duen «deirik surrealistena» izan zela dio Rafak. Jatorrak dira eta sortzaileak, beraz harrituta baina gogotsu hartu zuten. Duela urtebete izan zen hori. Bakoitzak lan bat egin du erakusketarako eta lan horietan oinarrituta beste lan bana sortu dugu. Rafak Pasealaria kanta sortu zuen, bi amildegien artean dabilen musikariaren egoera adierazteko, Aliciak soineko handi bat egin zuen bere ibilbidea laburbiltzeko, eta nik ate bat egin nuen, ireki edo itxi ezin dena. Aliciak gero soineko bat egin zuen Rafaren kantarako, Rafak kanta bat Aliciaren soinekoarentzat eta nire atearentzat, eta nik neureak haien lanentzat.

Burbuilatik ateratzeko modu horiek laguntzen al dute sortzaile bakartiaren inguruko mitoa hausten?

Niretzat arte garaikidea gauzak ulertzeko tresna da, eta hobeto bizitzeko. Urteak dira soilik arte munduan nabilela edo soilik arteaz irakurtzen dudala edo mintzo naizela. Batzuetan konturatzen naiz zelako burbuilan bizi naizen. Baina, nire ustez, askoz garrantzitsuagoa da eskoletan haurrei sortzaile izaten irakastea matematika asko irakastea baino. Sortzailea bada, zoriontsuagoa izango da pertsona, eta egoera zail batetik ateratzeko baliabide gehiago izango ditu.

Argazkilariaren rolaren kontra matxinatu zara, eta errealitatearen lekuko izatetik eguneroko bizitza eraldatzea erabaki duzu?

Argazkigintza ez da errealitatea. Asmatu zutenean froga gisa erabiltzen ziren argazkiak epaiketetan. Gaur, berriz, buelta hartu du horrek. Gaur, argazkietan agertzen den ia guztia gezurra da. Argazkigintza dokumentala leloa idatzita ez badugu ikusten, ez dugu ezer sinesten.

Rueden inguruko egitasmoa hemen amaituko da, edo beste buelta bat emango diozue bizitzaren gurpilari?

Oso pozik gaude elkartu izanaz. Zaila izan da; urtebete egin dugu biltzen tarteka. Oso zaila izan da abesti bati irudiak jartzea, edo abesti bati jantzi bat egitea. Lan handia izan da norberaren burbuilatik ateratzea. Orain Mikel Rueda zinemagilea gonbidatu dugu, eta Saray Rueda sukaldaria. Egitasmoarekin jarraitzeko gonbidatu ditugu, eta, batez ere, haien harridura aurpegiak ikusteko.

No comments:

Post a Comment