Thursday 2 December 2010

«Eskoletan haurrek irakasleek baino gehiago jakiten dute ordenagailuez»


Julen Ruiz Aizpuru, informatikaria.


Euskara eta teknologiaren inguran mahai-ingurua egingo dute gaur Donostian, eta Librezale.org taldeko kideak software librearen eta elkartzearen garrantzia nabarmenduko du.

Julen Ruiz Aizpuru (Zarautz, Gipuzkoa, 1986) infomatikan ingeniaria da, eta software askearen garatzailea. Aplikazioak euskaratzen dabil azken urteotan Librezale.org taldean. Teknologiekin ere euskaraz mahai-inguruan hartuko du parte gaur, 19:00etan, Donostiako Kafe Antzokian. Iñaki Alegria EHUko irakasleak bideratuko du eztabaida, eta, Ruizez gain, Iratxe Esnaola .eus elkarteko kideak Unai Fernandez de Betoño euskarazko Wikipediako administratzaileak eta Gorka Julio sare sozialetan adituak hartuko dute parte.

Iaz Argia saria jaso zuen Librezale.org taldeak. Baina zer da zehazki?

Software librea erabiliz, euskara teknologia berrietan bultzatu nahi duen lan talde irekia da, 2003. urtetik. Taldearena nabarmendu nahi dut, hainbat lekutan elkarte bat garela idatzi baitute. Gu ez gara elkartea; ez dugu inon izena eman. Besterik gabe elkarrekin aisialdian lan egiten duen pertsona talde bat gara. Aplikazioak euskaratzen ditugu. Baina gure lana ez da hori bakarrik. Gure posta-zerrendan, 75 pertsona daude harpidetuta, eta horietatik bost eta hamar artean gara aktiboenak, gaiaren arabera

Zuei zor dizuegu, esaterako, Firefox nabigatzailea euskaraz izatea.

Mozilla nabigaitzailea software librea zenez, itzulpenak egin zitzakeen edonork. UZEIk hartu zuen euskaratzeko ardura hasiera batean, eta gero komunitateak hartu zuen. Komunitate horretatik sortu zen Librezale.org. Mozillak Firefox sortu zuen gero nabigatzaile arin alternatibo gisa.

Gaur ez da, bada, bereziki arina.

Gero eta funtzionaltasun gehiago sartu dizkiote, gaur jendeak hori eskatzen duelako, arintasunaren aurretik.

Jaurlaritzak adierazi izan du hainbatetan software librearen alde egingo zuela. Itxaropenik bai horretan?

Politikak badakigu nola funtzionatzen duen: ikusleei begira hitz politak, baina egiaren orduan gauzak zaildu egiten dira. Intentzio onak izatea ederra da, baina ekintzak behar ditugu, eta gure taldearen kasuan nahiago izaten dugu ekintzekin erantzun. Software librearekin euskara bultzatzearen gako nagusietako bat hezkuntza da. Gaurko gazteak mundu digitalean hazitakoak dira. Txikitatik ohitzen baditugu sistema eragile pribatuak erabiltzen -Windows gehienetan, eta gaztelaniaz-, gero oso zaila da aldaketa egitea. Beste gako bat da askatasuna izatea aukeratzeko ordenagailua erosten dugunean zein sistema eragile eta zein hizkuntza nahi dugun, eta ez orain bezala Windows edo Mac OSekin eta gaztelaniaz derrigorrez erosi behar izatea. Aukera izanez gero, euskaraz berez datorren Ubuntu edo beste Linuxekin erosteko, erabiltzaile gehiago izango genituzke euskaraz lan egiten. Eskoletan, berriz, irakasleak ez daude prestaturik, eta, askotan, ikasleek gehiago jakiten dute.

Euskara Interneten gizartean duen indarra edo gutxiago izatera kondenaturik dago, edo badaude bizkortzeko modu eraginkorrak?

Aukerak badira, Interneten ez baitago mugarik, baina oso zaila da. Ordenagailuarekin erdaraz ohituta dagoenak nekez nabigatuko du euskaraz, eta nekez erabiliko ditu euskarazko webguneak, tresnak eta baliabideak. Ez dut soluzio magikorik ikusten, betiko militantziatik eta ingurukoengan eragiten saiatzeaz harago. Librezalen plaza irekia eta horizontala dugu, norberak bere ekarpena egin dezan. Inurriak bezala elkartuta dugulako indarra.

No comments:

Post a Comment