Tuesday 7 December 2010

«Europako Batasunak eta Turkiak berdin jokatzen dute»

Eser Uyansiz, kazetaria.




Turkiak 18 aldiz itxi du 'Azadiya Welat' kurduerazko egunkari bakarra 2000. urtetik. Egoera azaldu du zuzendariak Durangon.


Eser Uyansiz (Diyarbakir, Kurdistan, 1984) Azadiya Welat -Aberri Askea- kurdueraz argitaratzen den egunkari bakarreko zuzendaria da. 26 urterekin, kargurako gaztea dela eman dezake, baina berehala ulertzen da egunkariaren egoera ez dela normala: aurreko bi zuzendariak kartzelan ditu Turkiak, urte askoko zigorrekin. Azken urteotan, hemezortzi aldiz itxi du Ankarak kazeta, eta aurten, hirutan. Durangoko azokaren berri Kurdistanen ematera eta Euskal Herrian hango berri zabaltzera etorri da gurera.

Zaila da Azadiya Welat-en egoera aztertzea, astez aste aldatzen delako.

Une honetan Azadiya Welat izenarekin dago kalean. Abuztuan hilabeterako itxi zuten, erakunde terrorista baten propaganda egitea egotzita, eta Rojeva Welat izenarekin argitaratu genuen. 2006. urtetik hemezortzi aldiz itxi dute. Zuzendari ohi Vedat Kursuni 166 urteko kartzela zigorra ezarri diote. Aurrekoari -Ozanc Kililçek- 21 urteko zigorra ezarri diote, PKK erakundeko kideak elkarrizketatzeagatik. Ixten duten bakoitzean izena aldatzen dugu eta kalean jarraitzen dugu; ezin gara gelditu, Kurdistango jendeak eta disporako kurduek Kurdistanen inguruan berriak emateko eskatzen digutelako.

Noiz arte eutsi ahal izango diozue izena aldatzearen saihesbideari?

PKK-k su-etena eman du, eta arindu egin da egoera. Halere, ez dakit zer gertatuko den hori aldatzen denean. Izan ere, asimilatu egin nahi gaituzte. Gobernuaren inguruko prentsa bihurtu nahi gaituzte, beste hainbat egunkari bezala. Baina gu prentsa alternatiboa gara.

Iraken menpeko Kurdistanen kurduek euren burua gobernatzen dute, Mendebaldearen aliatuak direlako. Mugaren alde okerrean zaudela sentitzen duzue Turkiaren menpeko Kurdistanen?

Ipar Kurdistanen bizi garenontzat egoera are zailagoa da Iraken inbasioaz geroztik. Izan ere, Hego Kurdistanen egoera ona da kurduentzat, baina Iraken iparraldean gerra da, hilketak, tiroak eta bonbak, eta guri ere eragiten digu tentsioak. Hrant Dink kazetari armeniarra ere hil zuten urte hasieran.

Ez al zaizu iruditzen Europako Batasunak gero eta indar edo gogo gutxiago duela Turkia estu hartzeko?

Turkiako presidenteak, Europako Batasuneko herrialde batera bisitan joaten direnean, beti eramaten dute Azadiya Welat-en ale bat zorroan. Herrialde horietako agintariekin biltzen direnean, gure egunkaria ateratzen dute eta mahaiaren gainean jartzen. Ikusten -esaten dute- kurduek badute euren prentsa euren hizkuntzan Turkian. Noski, ez dute itxieren berri ematen. Gure zuzendari ohia 166 urtera zigortu zutenean, EBko ikuskatzaileak etorri ziren epaiketa entzutzera. Ez zuten, ordea, txostenik egin EBko giza eskubideen erakundetarako. Izan ere, Europako Batasunak eta Turkiak berdin jokatzen dute batzuetan.

w, x eta q hizkiak izenetan erabiltzea debekaturik dago oraindik?

Hizki horiek izenean badituzu, ez dizkizute nortasun agiririk ematen, Turkiako alfabetoan hizki horiek ez dituztela argudiatuta. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak, gainera, arrazoia eman zion Turkiari horretan. Turkia EBn sartzen bada ere, ez dut uste egoera aldatuko denik; gehiago dute horretan esateko estatubatuarrek.

Zenbat langile ari zarete kazetan?

Erredakzioan hogei bat langile ari gara: hamar kazetari, sei grafista eta administrazioan lau.

1992. urtean kazetaren sortzaile Musa Anter idazlea hil zuten Diyarbakirren, eta beste 30 bat kazetari azken urteotan. Nola lortzen duzu aurrera egiteko kemena?

Ez dut beldurrik, gure herriaren alde ari garelako. Edonor izan daiteke Azadiya Welat-en zuzendaria. Hau ez da diruarengatik egiten, ez da lanpostu arrunt bat. Kurdistango herriarren alde egiten da, kurdistandarrei informazioa emanez.

Kazetaren azalean ikus daiteke Durangoko azokaren berri eman duzuela. Nola ikusten dituzue azoka eta Euskal Herria Kurdistandik?

Guretzat ohorea da hemen egotea. Lehen aldiz gaude Euskal Herrian. Bagenuen hemengoaren berri, noski, egoerak antzekoak direlako, giza eskubideen egoeran eta kulturan. Askatasuna nahi dugu bi herriok, norbere herrialdea, kultura eta hezkuntza.  




No comments:

Post a Comment