Sunday 23 January 2011

«Gorputza objektu bihurtu dugun honetan, barrukiak erakutsi nahi nituen

Veronica Eguaras, artista


Sortzaile nafarrak 'Habitando desiertos' erakusketa jarri du Andoainen. Eskultura, argazkigintza eta bideo nahasketa bat da, baina artistak iragarri du 'performance'-ra egingo duela salto.
Veronica Eguaras (Iruñea, 1979) eskulturan, argazkilaritzan, marrazketan eta bideogintzan dabil 2002. urtetik, EHUn Arte Ederreko lizentzia lortu zuenetik. Bideoartea eta animazioa dira haren lanaren eremu nagusiak. Habitando Desiertos erakusketa zabaldu zuen atzo Bastero kulturgunean (Andoain, Gipuzkoa). Martxoaren 5a arte izango da hori ikusgai.

Basamortuan bizitzea gure garaiko kultura eta bizimoduaren metafora gisa erabili izan da. Baita zure lanean ere?

Bi lan biltzen dira erakusketan. In-Habiting lana dago alde batetik; argazkiak eta eskulturak biltzen ditu eta gure gorputza bizitzearen ingurukoa da. Basamortua Ínodo bideoarekin dago lotuta. Bardean dago filmatuta, hurbilen neukan basamortua hori delako. Bi lanok hainbat ezaugarrik lotzen dituzte: biek pertsonaia bakartiak aurkezten dizkigute. Hutsa da basamortu hori, kanpokoa eta barrukoa. Inodo hitza neuk asmatu dut, exodoaren kontrakoa adierazteko, hau da, barrenerako bidaia. Pertsonaiak egunerokotasun posmoderno horretatik egiten du ihes.

Emakumeen unibertsoaren esplorazio gisa deskribatu dute erakusketa. Baina bideoko protagonista gizonezkoa da, eta bestea aurpegirik gabeko panpina antzeko bat da.

Izan ere, bi hauek nire lanik maskulinoenak dira. Bideoa ez da begirada maskulinoa, baina gizonezko baten lekuan jarri nahi izan nuen. Maskulino-femenino bitasunaren arteko harremanak jorratzen ditu. In-Habiting lanean, berriz, gaur gorputza Mendebaldeko gizarteetan nola tratatzen dugun azaldu nahi dut. Beste objektu bat da guretzat, ondasun bat, eta horrela tratatzen dugu. Ordezka eta truka daitekeela iruditzen zaigu, eta naturalak ez diren ezaugarriak ematen dizkiogu: hilezkortasuna, betiko osasuna, eta ez zahartzea. Beraz, jabeak abandonaturiko gorpu biologiko horren lekuan jarri nahi izan nuen, eta barrukiak ere erakutsi.

Barruki horiek oihal eta hariekin egin dituzu, japoniarren amigurimi horien antzera. Zergatik?

Beti egin dut lan oihalekin. Kasu honetan, kontraste ederra ematen zuten argazki hotzek barruki goxo koloretsu horien ondoan.

Emakume artista askok erabiltzen dituzte oihalak eta hariak, eta oso gizonezko gutxi ikusiko dituzu horiek lantzen. Iraganeko rolek halako eragina dute oraindik?

Estereotipoek irauten dute. Niri txikitatik erakutsi didate: nire amak josten du, eskolan puntua egiten irakatsi ziguten... Eroso nago horretan, ez dut bilatu, ezaguna zait eta horregatik erabiltzen dut. Ez dut horren inguruko kritika egin nahi, baina ezta ezkutatu ere.

Erakusketa asko jarri dituzu azken hilabeteotan?

Bai. Bitxia bada ere, aurreko urteetako lanak erakusten ari naiz oraindik. Oraintxe amaitu dut Weeping Willow lana. Nire argazki-eskultura bideak eta nire bideogintzak bat egin dute horretan. Hau ere gorputzaren ingurukoa da, baina naturalenarekin, primitiboenarekin eta basatienarekin dago lotuta. Hortik marrazki sail bat landu dut eta otsailean amaituko dut. Halere, nire hurrengo urratsa performance-a izango da.

Basteroko maniki horri aurpegia jarriko dizu, beraz, eta aurpegi hori zeurea izango da?

Bai. Laneko azgazkietan ekintza bat erretratu dut, baina ekintza intimo bat da. Litekeena da laster ekintza intimo hori jendaurrean eta zuzenean gauzatzea.

No comments:

Post a Comment