Friday 28 January 2011

«Mitoa hautsi nahi izan dut, benetako historia askoz interesgarriagoa delako»

Olivier van der Zee, zinemagilea.

Argazkilaria David Zabala
Orreagako guduaren inguruko dokumental bat estreinatuko du gaur zuzendariak, Europari erakusteko baskoiek garaitu zituztela frankoak, eta naturarekin bat bizi ziren euskaldunen topikoa gezurtatzeko.
Olivier van der Zeek (Amsterdam, 1969) zinema zuzendaritza ikasi zuen Herbehereetako hiriburuan eta Los Angelesen (AEB). Azken urteotan Euskal Herrian bizi da. 778 La chanson de Roland dokumentala estreinatuko du gaur. Historialarien adierazpenez gain, Orregako guduaren antzezpena filmatu du, Europa osoko haurrek eskoletan ikasten duten poema epikoan agertzen diren gezur historikoak agerian uzteko. Pascal Gaignek egin du dokumentaleko musika, eta Euskal Herriko Gazte Orkestrak lagundu du grabaketan.

Nola bururatu zitzaizun Orreagako guduaren inguruko dokumentala egitea?

Nik eskolan irakasten dutena nekien; poema epikoa, alegia. Nederlanderara lehenengo itzulpenetako bat egin zuten. Han ikasi nuen 400.000 sarrazenok segada egin zietela frankoei. Bertsio ofiziala. Pasai Donibanen plaka bat ikusi nuen, ordea; guduan hildako soldadu baskoien omenezkoa. Harrituta geratu nintzen. Izan ere, monumentu asko daude mugaz bi aldeetara gertaera hura gogoratzeko, baina Pasaiakoan izan ezik, inon ez dute esaten baskoiek eraso zietela frankoei. Sarrazenoak ere ez dira aipatzen inon.

Orreagan bertan, Errolan eta haren armada goraipatzen dira, gaizkileak beharrean heroi balira bezala, Iruñea harpilatu baitzuten. Ez al da bitxia?

Bai. Bitxia da, era berean, Pasai Donibaneko plakan esatea pasaitarrek hartu zutela parte guduan. Kilometro asko dira eta horrek antolakuntza handia eskatuko zuen garai hartarako. Erdi Aroan aditu den irakasle bati galdetu nion, eta orduan ikusi nuen hor dokumental baterako gaia zegoela.

Gudua antzeztu nahi izatea ez al da arriskutsua aurrekontu handia ez duzunean?

Fikziozko 20-25 minutu ditu dokumentalak. 778ko kanpainan dabilen soldadu franko bati jarraitzen diogu. Halakoetan ondo egin behar duzu girotzea, bestela jendeak ez baitu serio hartzen. Ikuslea denboran atzera eramatea lortu behar duzu. Espainiako, Alemaniako eta Ingalaterrako hiru talderen laguntza izan dut. Garai hartako jantzien, gurdien eta armen kopia zehatzak egiten dituzte. Filmatu bezperan hor ibili ziren, armak eskuz egiten.

Poemak oinarria ezarri zuen Frantziaren nortasun nazionala eraikitzeko. Halakoak beti mito, literatura eta gezur gordinaren artean egoten direla ikasteko modu bat da zure lana?

Bai. Horrek ez nau harritu, edozein herrialdetara begiratu eta gauza bera topatzen duzulako. Gauza bera gertatzen da Euskal Herrian: tabernan Orreagaz galdetzen duzunean, jendeak esaten dizu baskoiak bakean eta naturarekin bat bizi zirela franko horiek heldu arte. Hemen gizarte militarizatua zegoen: gaskoiekin eta akitaniarrekin borrokatu ziren baskoiak, baita frankoekin batera ere Bartzelona hartzeko. Gerlari gogorrak ziren. Mugaren bi aldeetan mitoak hautsi nahi izan ditut, benetako historia askoz interesgarriagoa izaten delako, xehetasun gehiago ematen dizulako gizakien psikologiaren inguruan.

Frantzian telebistan eman dute dokumentala berriki. Erreakziorik bai?

Ekoizlearen berrien zain gaude hori jakiteko. Niretzat, gaia era erakargarrian kontatzea da garrantzitsuena, hau da, umeek ere zaldunen irudiekin gozatzeko modukoa izatea lana. Denontzako dokumental bat egin nahi izan dut, ez soilik historiaren freak-entzat.

No comments:

Post a Comment