Sunday 6 February 2011

«Ekoizleek eta saltzaileek hondakinen kostua euren gain hartu beharko dute»

Victor Mitjans, Retorna egitasmoaren ikertzailea.


Duela 30 urte bezala ontziak diru truke itzultzeko sistema ezartzearen alde lanean ari da Retorna taldea, birziklatzea bultzatzeko eta zaborraren kudeaketan justizia berriz ezartzeko.

 
 
Botilak birziklatzeko itzultzen, 0,25 zentimoren truke, Alemanian. / BERRIA
Victor Mitjans (Bartzelona, 1973) Retorna kanpainaren ikertzailea da. Talde ekologistak, birziklatze enpresak, sindikatuak eta kontsumitzaile taldeak biltzen ditu horren koordinakundeak. Gaur edukiontzi horian sartzen ditugun ontziak kobratzeko sistema ezartzea bultzatu nahi du taldeak, birziklatzeko egoerarik onenean itzultzen direla ziurtatzeko. Alemanian arrakasta handiz erabiltzen dute sistema. Proposamena azalduko du bihar, 19:30ean, Ekoetxean (Pelota kalea, Bilbo).

Duela berrogei bat urte, ardo edo esne botila ordaindu egiten zenuen, eta gero dirua itzultzen zizuten, ontzia bueltatzen zenuenean. Sistema bera proposatzen duzue?

Asmo nagusia behin eta berriz erabil daitezkeen ontziak bultzatzea da, horiek egiten dietelako kalte gutxien ingurumenari eta horiek sortzen dutelako hondakin gutxien. Halere, gaur behin bakarrik erabiltzeko ontziak dira nagusi, eta horiek ere itzultzea nahi dugu, ez berriz erabiltzeko, baizik eta birziklatzeko. Latontziak, tetrabrikak, botilak dendara eraman behar dira berriz, birziklatzeko.

Zer duzue edukiontzi horiaren aurka?

Gure kalkuluen arabera, ontzi arinetatik %30 baino ez gara birziklatzen ari edukiontzi horian oinarritutako sistemarekin. Beste sistema honekin askoz gehiago lortzen da. Alemanian 25 zentimo kobratzen dizkizute sei lata garagardo erosten dituzunean; Suedian, gutxiago: 10 bat zentimo. Horri esker, balio bat ematen diozu orain arte zaborra zenari. Birziklatzea %95era heltzea lortzen dute horrela. Bi sistemak elkarren osagarri izatea nahi dugu.

Dendariek onartuko al dute, ontziak jasotzeko gailuak 20.000 euro inguru kostatzen direla ikusita?

Duela 30 urte, ekoizleek ordaintzen zuten ontzia berreskuratzeko ziklo osoa. Behin erabiltzeko ontziak zabaldu zirenean, berriz, herritar guztiek hartu zuten euren gain kostu hori, zabor zergaren bidez. Justizia kontua da: ekoizleek eta supermerkatuek negozioa egin badute hondakin bat zabalduz, horren kudeaketaren kostua euren gain hartu beharko dute. Edukiontzi horia ordaintzen ari dira. Baina, esan bezala, horren bidez soilik %30a berreskuratzen da. Gainerakoa guk ordaindutako beste edukiontzietara joaten da, edo kalean, zakarrontzian edo hondartzan geratzen da. Alemanian ez duzu dagoeneko ontzirik ikusiko kalean. Hango sistema ezarrita, gehiago gastatuko dute; baina, konpentsatzeko, askoz gehiago jasoko dute eta askoz kalitate hobean.

Noren laguntza nahi duzue?

Batez ere, udalen sostengua, haientzat sekulako mesedea litzatzekeelako kaleko edaneko ontzirik geratuko ez balitz kalean, edo hondartzan. Katalunian Bartzelona, Lleida eta Gironako udalek sostengua sinatu dute dagoeneko. Euskal Herrian ere horren alde egitea nahiko genuke. Noski, Coca-Cola eta halakoek kontra egingo dute, baina gizartearentzako mesedea begi bistakoa da.

Bateragarria da zuen ikuspegia errauste plantak bultzatzearekin?

Erraustearen atzetik dagoen filosofia hau da: zuk kontsumitu lasai, guk hondakinak kudeatuko ditugulako, hau da, erre. Gure belaunaldiak ez du eskubiderik baliabide naturalak horrela suntsitzeko. Aluminioa, altzairua... inportatu egiten ditugu gero botatzeko. Hurrengo belaunaldiekiko betebeharra dugu sistemarik eraginkorrenak eta gehien berreskuratzen dituztenak ezartzeko. Bestela, ez digute barkatuko.

No comments:

Post a Comment