Wednesday 9 February 2011

«Euskararen aldeko gauzak egin beharrean, gauzak euskaraz egin behar ditugu»

Dabid Anaut, euskara teknikaria.


Euskara hutsez bizi diren eremuek hizkuntzaren osasunean duten garrantzia azalduko du gaur euskaltzale burlatarrak Orion, 'Euskarazko arnasgunea sendotu' jardunaldietan.
Dabid Anaut (Burlata, Nafarroa, 1968) euskara teknikaria da Leitzan. Euskararen arnasguneak: arnasa hartu eta arnasa eman hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Orioko Kultur Etxean (Gipuzkoa), Euskarazko arnasgunea sendotu jardunaldietan.

Euskararen arnasgune kontzeptua erabiltzen duzue. Zer da?

Arnasgune deitzen diegu herri euskaldunei, euskarak arnasa hartzen duelako horietan, eta herriok ere arnasa ematen diotelako euskarari bere osotasunean. Herri horietan dagoeneko irudikatu daiteke euskara etorkizunean zer izango den, normalizatuz gero. Mugak daude horretan, noski, ez dagoelako %100 euskaraz bizi den herririk, baina egin daiteke proiekzio bat. Ezinbestekoa da, beraz, guneok babestea, euskararen egoera blindatzea. Baina ezin dugu haien bizkarraren gainean jarri euskararen etorkizun osoa. Oreka behar da: politika bereziak, baina guneok burbuila bihurtu gabe.

Uemak planteaturiko ildoan doa hori?

Bai. Euskara nagusi den guneak behar direla planteatu du Uemak sortzetik. Guneok sozialak edo birtualak ere izan daitezke, baina espazio hegemonikoak behar ditu euskarak, azken boladan euskalgintzan modan jarri den terminoa erabiltzearren.

Irlandako Gaeltacht gune gaelikodunak eredu izan daitezke?

Hura ezin da kopiatu, egoera bestelakoa delako. Baina gune horiek babestea, bultzatzea eta egonkortzea da kontua. Solte eta bakarturik dauden guneak elkarri lotzea. Arnasgune bakoitza leku bat da, baina interesgarria litzateke horiek batzea. Espazioak irabaziz joatea da helburua, alor guztietan.

Baina garai batean gune sinboliko nagusia kalea bazen ere, orain uhinen bidez eraikitzen da espazio hori.

Bai, horregatik esan dut herri horiek ez direla burbuilak. BERRIA ez da herri horietan inprimatzen, baina herritar horien eskura dago. Leitzarrek edo oriotarrek erabaki dezakete hori irakurtzea, eta horretan euskalgintzak badu eraginik. Herri horiek egoera berezia dute, eta horrek ondorioak baditu: planteamendu ausartagoak egin behar dira guneotan. Hausnarketa hori egin behar du euskalgintzak.

Herri horiek gehienak landaguneak dira. Horrek ez al dio kalterik egingo euskara hirietara zabaltzeari?

Kontua ez da gune horietatik euskara zabaltzea. Eragina alderantzizkoa da, izatekotan. Ez diet nik funtzio hori emango. Halere, badira Ueman industria nagusi duten hiriak; Bergara, esaterako. Baina hemen euskara bizi-bizi dago, eta hemengo bizitasuna ez dago beste inon. Euskalgintza zalantza garai batean dago. Urteetako esperientziaren ondorioz, mila planteamendu daude. Nirea denetan zailena da: sintesia. Eredu zaharra eta berria, identitatea eta pragmatika, emozioak eta ideologia, intuizioa eta planifikazioa... horiek denak sintetizatu behar ditugu.

Euskara ez al da garrantzitsuegia teknikarien eskuetan uzteko?

Baliteke. Ezin da teknikarien eskuetan bakarrik utzi, baina ezta euskalgintzaren esku soilik ere. Herri euskaldunotan gertatzen ari da dagoeneko: euskara batzordeak eta beste egiturak motelduta daude, baina herritar asko ari da lan hori egiten, euskalgintzako kide denik ere sentitu gabe. Euskararen aldeko gauzak egin beharrean, gauzak euskaraz egin behar ditugu. Hori askoz eraginkorragoa da.

No comments:

Post a Comment