Wednesday 2 February 2011

«Euskaldunak izateaz harro bagaude, hobeto biziko gara, eta inguruan eragingo dugu»

Igone Lamarain, Euskal Herrian Euskaraz-en eleduna.

'Izan, egin, eragin' dokumentala sortu du EHEk, bere historia kontatzeko, eta azaltzeko oraindik indarrean direla sortzeko arrazoiak. Asimilazio politiken kontra, burujabetza proposatzen du Lamarainek.
Igone Lamarain (Eibar, Gipuzkoa, 1980) Euskal Herrian Euskaraz taldeko eleduna da. Talde euskaltzalea 30. urteurrena ospatzen ari da egunotan, eta horren historia jasotzen duen Izan, egin, eragin dokumentala erakusten ari dira. Gaur, Villabonan ikusi ahalko da, 19:00etan (Gipuzkoa), eta Faltzesko Kultur Etxean, (Nafarroa), 20:00etan. Bihar, Gasteizko Aldabe gizarte etxean, 19:30ean; Espartza-Zaraitzuko elkartean, 19:30ean (Nafarroa); eta Bilbon, 19:00etan, Yohn Jauregian (Zazpikaleetan). Interneten ere badago: www.argia.com/multimedia/dokumentala/izan-egin-eragin

Bere historia berak kontatzeko beharra sentitu du EHE taldeak?

Azaroan 30 urte bete zituen EHEk, eta pentsatu genuen dokumental bat egitea, jendeari taldea zer izan den erakusteko, baita lanean jarraitzeko asmoa dugula adierazteko ere. EHE sortu zutenak agertzea garrantzitsua iruditu zitzaigun, baita euskalgintzako beste pertsona batzuei aukera ematea ere, bide honetan ez gara-eta bakarrik egon. Herri euskaldunaren inguruan jendearen iritziak, pertzepzioak eta sentimenduak jaso nahi genituen.

EHE zergatik eta zertarako sortu zen azaltzen dute dokumentalean. Arrazoi haiek gaurko balio dute?

Txillardegik kontatzen du une hartan zergatik sortu zen EHE. Garaian alderdi abertzaleak zebiltzan herria askatzeko helburuarekin, baina inork ez zuen herri euskalduna aipatzen, eta ez zuten euskara horren erdigunean jartzen. Hortik hasi zen mugimendua. EHE sortzeko zeuden arrazoi berak ditugu gaur aurrera jarraitzeko.

Ariketa egin du EHEk 30 urteotan zertan egin duen huts aztertzeko?

Asko egin dugu 30 urteotan hizkuntza eskubideen defentsan. Lehenengoak izan ginen hori mahai gainean jartzen; atzetik etorri dira beste guztiak. Administrazioak ere horretaz hitz egiten du, nahiz eta eskubideok ez urratzeko neurririk hartu ez. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea sortu izana ere oso garrantzitsua izan zen, euskaraz bizi diren lurraldeak babesteko. Eskolak euskaldundu behar duela ere guk plazaratu genuen. Bidea egiten badakigu, beraz. Kontua da duela 30 urte ezin genuela euskaraz bizi, eta gaur ere ezin dugula. Horrek erakusten digu lanean jarraitu behar dugula.

Beste talde eta erakunde euskaltzaleak sortu izanak behartu du EHE bere tokia berriz bilatzera?

Horrek baino, geure ibilbideak berak behartu gaitu hausnartzera. Orain duela gutxi arte hizkuntza eskubideen aldeko borrokan ibili gara, baina orain ikusten dugu unea dela euskaraz bizitzearen aldeko urratsak egiteko eta hizkuntza politika burujabea garatzeko, aurrekoa baztertu gabe.

Patxi Lopezen azken adierazpenak duela 30 urte gobernadore zibil batek egingo zituen, eta, orain, lehendakari batek egiten ditu.

Lotsagarriak dira adierazpenok, ez dute beste adjektiborik merezi. Jaurlaritza aldatu da, baina aurrekoak ere ez zion lehentasunik ematen euskarari. Asimilaziorako tresna eta protagonista dira gobernuok, eta lehengo politikatik gaurkora ez dago aldaketa handirik. Euskaldunok lortzen badugu geure buruaren jabe izatea eta euskaldunak izateaz harro bagaude, hobeto biziko gara, eta inguruan eragingo dugu. Lehenbizi geure buruak konbentzitu beharko ditugu. Orain egiten dugunaren fruituak ikusiko ditugu 30 urte barru.

No comments:

Post a Comment