Tuesday 1 February 2011

«Joera sistematikoa dago guri oroimena ezabatzen saiatzeko, alor guztietan»


Isabel Alba Rico, sortzailea.

Idazle, gidoilari, margolari eta ikus-entzunezkoen irakasleak dio mundua ikusteko beste modu bat deskubritu zuela sakelako telefonoaren kamera istripuz piztu zitzaionean.
Isabel Alba Rico (Madril, 1959) La Bola de Cristal TVEko haurrentzako saioaren gidoilaria izan zen bere nebarekin, Lolo Rico amaren zuzendaritzapean. Baby Spot eleberriarekin Maria de Maeztu Literatura Saria irabazi zuen joan zen azaroan. Hiri Piktografiak erakusketa zabalduko du bihar, 19:30ean, Modotti tailerrean, Hondarribian (Gipuzkoa).

Zure adierazpide nagusia literatura eta ikus-entzunezkoak izan dira orain arte. Nolatan ekin diozu argazkigintzari?

Ez nuen nik bilatu. Argazkigintzarekin topo egin nuen. Irudiarekin beti izan dut harreman estua, baina beti mantendu dut hori alor profesionalean. Margolaritza ihesbide gisa erabili izan dut, baina ia zaletasun gisa. Duela urte pare bat, berriz, zentzugabea dirudien gauza bat gertatu zitzaidan: sakelako telefonoaren kamera istripuz piztu zitzaidan. Aurkikuntza egin nuen. Gauzek begiratzen nindutela sentitu nuen, eta argazkiak egiten hasi nintzen, sakelekoarekin hasieran, eta kamera batekin gero.

Begia da, beraz, zuretzat kamera?

Nire argazkiak ikusten nituenean zer edo zer falta zela sentitu nuen. Margolariaren ikuspegia behar nuen nire burua irudi horiekin adierazteko. Horregatik, landu egin nituen, margogintzara hurbiltzeko. Argazkietan goraipatzen den hori guztia kentzen hasi nintzen: kalitatea, pertzepzio digitala... Pobretu nahi nuen, nire ikuspegia argitara ateratzeko.

Nola egin zenuen hori teknikoki?

Marrazketarako paperak eta etxeko inprimagailuak erabili ditut. Koloreak eta irudiaren sakontasuna aldatu ditut, argazkia margora hurbiltzeko. Argazki espektakulua desegin nahi izan dut, errealitatearen irudia emateko. Niretzat hori izan da interesgarriena, argazkitik margoa eraikitzea.

'Baby Spot' eleberrian ere hiria erretratatu zenuen, autopistez ingururaturiko langile auzoa.

Ezberdina da. Baby Spot-ekoa auzo txiro bat zen, hiri handi bateko bazter-auzoa. Oraingoan hiria erakuslehio gisa agertu nahi izan dut, aurpegi horren atzetik zer dagoen erakusteko. Zentzugabeko hazkuntza hori, suntsitzea gero gauza berriak eraikitzeko... Joera dago suntsitzeko gero hiri berdinak egiteko, beti egon zaitezen zeure hirian. Horrek memoria ezabatzea dakar. Joera sistematikoa dago guri oroimena ezabatzen saiatzeko, alor guztietan. Donostian, esaterako, San Martin azoka ezabatu zuten, Europako beste edozein hiritako moduko denda-gunea eraikitzeko. Balio handiko eraikina kentzea kulturaren arrastorik ez duen eta merkataritza hutsa den gune batekin ordezkatzeko... hori da gaurko joera. Antigua auzoan ere, kioskoa kendu dute, ezerrekin ordezkatzeko. Suntsiketak bi helburu baino ezin ditu izan: Donostia turismorako erakuslehio bihurtzea, eta espekulazioa.

Orain bukatzen ari zaren eleberria zertaz da?

Horretan ere, oroimen historikoaren lapurreta da gaia. Hungarian hasten da, XIX. mendean, eta 2010ean amaitzen da, Donostian. Hiru liburukietan argitaratzea nahi dut, eta lehena amaitzen ari naiz. Horrez gain, otsailean gidoi eta ikus-entzunezkoen hizkuntzari buruko liburua argitaratuko dut, gaztelaniaz, katalanez eta euskaraz. Poz handia ematen dit euskaraz ateratzeak.

Santiago Alba filosofoak dio txikitan ere dena ondo egiten zenuela...

Nire neba txikia da. Horrek eragiten du bere iritzi onean.

No comments:

Post a Comment