Thursday 24 February 2011

«Ez dut papera utzi nahi; gurago dut urrats bat harago eramaten saiatu»

Katsumi Komagata, diseinatzailea.



Japoniako haurrentzako liburu sortzailerik ezagunenetakoa Bilbon izango da gaur, ikastaro labur bat eta hitzaldi bat ematen. Liburuok haurren garapenean duten garratzia nabarmenduko du.
Katsumi Komagata (Shizuoka, Japonia, 1953) diseinatzaileak haurrentzako liburuak sortzen ditu. Besteak beste Parisko Pompidou zentroak argitaratu ditu haren lanak, eta sari ugari irabazi ditu nazioartean, hitzik ez eta diseinu ezin sinpleagoa duten liburuekin. Ikastarotxoa emango du gaur, 17:30ean, Bilboko Alondegian. Ondoren, 20:00etan, hitzaldia emango du, bere lana eta filosofia azaltzeko.

Telebistarako diseinatzaile zinen New Yorken 1980ko hamarkadaren hasieran. Nolatan hasi zinen haurrentzako liburuak sortzen?

Neure lehen haurra izan nuen duela 23 urte. Hiru hilabete-edo zituela, arreta handiz begiratu ninduen. Orduan, ikusten ote zuen edo ez jakin nahi izan nuen. Koloreko paperak mozten hasi nintzen, eta txarteltxoak egiten. Erakutsi egin nizkion, nola erantzuten zuen ikusteko. Horrela hasi nintzen haurrentzako liburuak sortzen. Hiru urte zituen arte oso azkar hazi zen, eta jarraitu egin nuen txartelak egiten, oso jolasgarria zelako nola garatzen zen ikustea.

Zure lana Japoniako ipuin-kontalarien kamishibai tradizioaren eta papera tolestearen origami artearen artean dagoela esatea gehiegizkoa litzateke?

Japonian tradizio handikoak dira biak. Nik, halere, tradizio horiek gaurko denborara ekarri nahi nituzke, eta diseinu bihurtu.

Umeentzako liburuak kolore eta formez beterik egoten dira. Zureetan, berriz, sinpletasuna da nagusi.

Liburuek espazioa eta denbora sortzen dute orria pasatzen duzunean. Orrietan tokia uzten duzunean, haurrari airea uzten diozu bizipen bat izateko. Ez dute soilik liburua ikusten; sentitu egiten dute denbora eta espazio hori.

Askok budismoaren zen tradizioa ikusiko dute horretan, edo soilik Mendebaldekook ikusten dugun topiko bat da?

Japoniar tipikoa naiz, eta horren eragin handia daukat, noski. Halere, lehen esan bezala, nire asmo nagusia antzinako tradizio hori gaurko hizkuntzara ekartzea da. Ez da erraza esatea zein den aldea Japoniako eta Mendebaldeko haurren liburugintzan. Izan ere, Mendebaldeko liburu asko ditugu guk ere, eta nahasketa handia dago.

Liburuok garrantzitsuak dira umeak artera hurbiltzeko?

Garrantzitsua da haurrei hizkuntza ulertaraztea, jakina. Baina testuen bidez behartu egiten dituzu ulertzera. Begietatik sartzen diren liburuekin, berriz, lana egin behar dute, eta horrek irudimena ematen die. Hitza ez dagoenean, irudimena libreagoa da, eta hori oso garrantzitsua da haurrentzat. Liburuetan ustekabea erabiltzen dut. Umeek ez dakite zer gertatuko den orria pasatzeko orduan, eta horrek jakin-mina pizten die. Jakin-mina ere funtsezkoa da haurren garapenean.

Ordenagailuen eta tableten aroan, zer etorkizun dute paperarekin jolasten duten liburuek?

Liburu elektronikoa oso sistema erosoa da, eta saiatu beharko dugu paperezko liburuaren alde onak era egokian eramaten formatu horretara. Halere, paperezko liburuarekin espazioa eta denbora baldin badago, iPad batean askoz era mugatuan izango genuke, hasteko, pantailak berak ezartzen digulako tamaina. Nola lortuko duzu hiru dimentsioko figura bat zabaltzea orria pasatzeko orduan iPad batean? Haurrek zer edo zer fisikoa behar dute arreta jartzeko. Horregatik, ez dut papera utzi nahi; nahiago dut urrats bat harago eramaten saiatu.

No comments:

Post a Comment