Wednesday 23 February 2011

«Klaseen arteko borroka pobreen eta emakumeen arteko borroka bihurtu dute»

Ricardo San Segundo, historialaria.


Islamofobiaz mintzatuko da mundu musulmanaren inguruko aditua, gaur, Bilbon. Islamistak Europako kristau demokratak bezalakoak direla dio, eta azken matxinaden izaera zibila nabarmentzen du.
Ricardo San Segundo (Gasteiz, 1951) mundu musulman garaikidearen eta islamaren historiaren irakaslea da. Miedos Culturales, Fobias sociales; El caso de la islamofobia hitzaldia emango du gaur, 19:30ean, Bilboko Hikaateneoan.

Zertan bereizten da islamofobia beste beldurretatik?

Kulturen arteko beldurrek gizarte fobiak sortzen dituzte. Kontrolik gabeko beldurrak dira, pertsonak pertsonen aurka jartzen dituztenak. Gizabanako bera ez da jabetzen fobia hori duela. Orain islamofobia dago purian, hau da, musulmanak baztertzea musulmanak izate hutsarengatik. Halako beste asko daude: homofobia eta emakumeekiko beldurra, esaterako. Baina, nire ustez, islamofobia da gaur hobekien funtzionatzen ari dena. Norbaitek bultzaturiko izua da, eta populazioaren zati handi bat kutsatzen du, kontzienteki ez bada ere.

Aipatu dituzun beldur horien guztien atzean gizarte aldaketa bat dago. Berriari diogun izuaren aldaerak baino ez al dira izango?

Gizartea aldatzen ari da eta ez dago horretarako planik. Beraz, ez ditugu aldaketok kontrolpean, eta, halakoetan ohi den bezala, ordain akerrak sortzen dira. Garai batean sorginek izan zuten eginkizuna betetzen ari dira musulmanak. Konpondu ezin den arazoren bat duzunean, norbait bilatzen duzu, errua leporatzeko.

Herrialde musulmanetan azken egunotan gertatzen ari diren iraultzek lagunduko al digute estereotipoak baztertzen?

Gertatzen ari dena ez da ustekabean etorri. Bor-bor ari den lapiko batean nonbaitetik atera behar da presioa. Halere, ez du zerikusirik elementu erlijiosoekin, matxinadak zibilak dira, eta sozialak.

Halere, Mendebaldeak gobernuok sostengatu ditu, islamisten kontrako harresiak zirela argudiatuta?

Europan demokrazia kristaua zenaren parekoak dira islamistak, eta Turkia gobernatzen ari dira, inongo dramarik sortu gabe. Oinarri etiko erlijiosoa dute, baina formulazio guztiz politikoa. Matxinadek lagundu beharko ligukete hango herritarrak ulertzen, baina ezin ziurtatu hori gertatuko denik. Musulmanaren interpretazioa eskemetan oinarritzen da. Lan arazoak dituzten herritarrak dira, sindikatuekin konpontzekoak, edo politikaren bidez. Baina hemen interpretazioa beti erlijiotik abiatzen da. Musulmanek ez dute erlijio gehiago eskatzen, askatasun gehiago eta gobernu hobea baizik.

Zer ezkutatzen digute ordain akerraren irudia erakutsita?

Fanatiko, ezjakin, matxista, kriminal estereotipoekin deabrutzen dugu, ez dugulako ezagutzen. Horren bidez, ez diogu aurre egiten benetako egoerari: gizarte aldaketa itzela gertatzen ari da, eta finantza krisia diru publikoarekin ordaintzen ari dira. Klase borroka pobreen arteko borroka bihurtzea lortu dute. Joan zen egunean Bilboko metroan bikote batek etorkin bat jo zuen «lana lapurtzen digute» oihukatuta. Era berean, emakume aurrerakoi eta progresistek beste emakume batzuren kontra jotzen dute, beloa janzten dutelako, eta haiei ezer galdetu gabe. Zer edo zertan nahasten ari gara hemen.

Estereotipook higatuko dira denborarekin, ala indartuko dira?

Mairu gaiztoaren moda amaitzen ari da, dena den. Laster beste gaizto bat agertuko da, eta ikusten da dagoeneko gaizto hori txinatarra izango dela. Gaiztorik gabe geratuko bagina, bankuen eta mundua gobernatzen duen oligarkiaren botereaz konturatzen hasiko ginateke. Eta hori arazo handia litzateke.

No comments:

Post a Comment