Sunday 13 February 2011

«Gure musika ez da inoiz izugarri popularra izango, baina adimentsua da»


Carl Palmer, musikaria.


/ LUCA FIACCAVENTO
Emerson, Lake & Palmer hirukoteko bateria jotzaile izan zenak musika kultuko klasikoak eta garaikideak rock-jazz hizkuntzara itzultzen jarraitzen du. Gaur Bilbon ikastaroa eta kontzertua emango ditu.

Carl Palmer (Birmingham, Ingalaterra, 1950) munduko bateria jotzailerik hoberenetako bat izan da gaztetatik. Emerson, Lake & Palmer taldean rock progresiboa zabaltzen aritu zen 1970eko hamarkadan. Ezaguna egin zen, elastikoa kentzeko ahalmena zuelako bateria solo zailak egiten zituen bitartean jotzeari utzi gabe. Adinarekin, albo batera utzi ditu trikimailuak, eta egitasmo propioarekin dabil aspaldi. Gaur, 20:00etan, kontzertua emango du Barakaldoko Rockstar aretoan. Ordu batzuk lehenago, 13:00etan, ikastaroa emango du Barakaldo antzokian.

Nolakoak dira zure eskola magistralak?

Ez dakit zer irakatsiko dudan. Zelako jendea etortzen den ikusiko dut, eta orduan erabakiko dut zer egin haiekin: teknikoagoa egingo dut, edo errazagoa. Ez dut asko irakasten, egia esan. Banabil, halere, haur itsuei eta gorrei perkusio tresna txikiak jotzen irakasten.

Badira berrogei urte Emerson, Lake & Palmer sortu zenuenetik. Denborarekin zure bide propioan finkatu zarela uste duzu?

Izugarri ongi pasatu nuen Emerson, Lake & Palmer garaian, eta musika zoragarria egin genuela uste dut. Oso pozik nago horrekin. Baina uste dut iraganean egin dudan guztia oraintxe egiten dudanera eraman nauela zuzenean. Rock progresibo-metal instrumentala lantzen ari naiz neure Carl Palmer Band taldearekin. Hori ikusiko duzue Bilbon. Eta, bestalde, pop-rock klasikoa jorratzen dut Asia taldearekin. Biak dira nire bizitzaren parte. Nahi duguna eta nahi dugunean egiten dugu. Aurretik egin gabeko gauzak ari naiz lantzen, eta izugarri gustura nabil.

Posible da aurretik egin gabeko gauzak izatea oraindik halako ibilbide luzearekin?

Egia esan, gauza gehienak egina ditut dagoeneko. Gustatuko litzaidake garai bateko kontzertu handiak berriz ematea, baina hori egina daukat. Steve Winwoodekin joko nuke gustura. Horrez gain, ez daukat une honetan musikari kutunik. Hainbatekin gustura arituko nintzateke, bizirik baleude.

Musika kultua deritzotena rockera itzultzen zer bilatzen duzu, hura masen artean zabaltzea edo rocka beste maila jasoago batera eramatea?

Emerson, Lake & Palmerren garaian klasikoak rockera eramaten hasi ginen, nik tradizio harekin jarraitzen dut, ikusi nuelako hura askoz gehiago maite nuela bluesa edo jazza jotzea baino. 1950-60ko jazz modernoaren gaurko bertsioa da egiten dudana. Hura bezala, musika intelektuala da, baina Europako estiloan eginda. Noski, hau ez da inoiz izugarri popularra izango, baina adimentsua da. Ez baduzu ikusi nahi musikari apartak, iraganeko sortzaile aparten lan apartak era moderno batean jotzen, orduan hau ez da zuretzat. Baina nahi baduzu, sekulako aukera da, talde gutxi dabilelako halakoak egiten. Bilbon Mussorgskiren, Bartoken, Txaikovskiren, Prokofieven eta Aaron Coplanden lanak joko ditugu. Baita Carl Orffen Carmina Burana ere.

Zer esango lukete horiek zure bertsioak entzungo balituzte?

Copland ezagutu nuen, eta esan zidan gustatu egin zitzaiola Fanfare for the Common Man piezaren bertsioa. Gustatu egiten zaie zer edo zer ezberdina egiten baduzu euren musikarekin, baldin eta euren eremutik kanpo ateratzen baduzu. Besteei ezin galdetu, noski, hilda daudelako.

No comments:

Post a Comment