Friday 18 February 2011

«Niretzat harrigarria da hemen bertsolaritza egotea baina bakarrizketarik ez»

Barry Manley, umoregilea.

Corkeko eta Lovainako unibertsitateetan ikasia eta hiru eleberriren egile, sortzaile irlandarrak euskarazko bakarrizketa lehiaketan parte hartuko du gaur Villabonan, Barry Barrez goitizenarekin.
Barry Manleyk (Cork, Irlanda, 1961) hiru iturritatik hartzen du bere umorea egosteko ura: Irlandako herri istoriogintzatik, bere hiriaren izaera matxinotik —Corkek The Rebel City ezizena irabazi zuen Erresuma Batuaren kontrako independentzia gerran— eta euskaratik. Duela 25 urte etorri zen Euskal Herrira, eta gaur euskaraz «gaelikoz baino hobeto» egiten duela dio. Hiru eleberri idatzi ditu, eta horietako lehena argitaratu zuen —New Europeans—. Villabonan (Gipuzkoa) egiten ari diren bakarrizketa lehiaketan hartuko du parte gaur, 22:30ean, Gurea aretoan.

Irlandan ere umoregintza lantzen zenuen?

Duela bost urte beste eleberri bat idazten hasi nintzen, eta abiapuntua komiko bat zen, bere burua hiltzen duena. Irlandan tradizio luzea dago ipuingintzan eta umorean. 800 urtez Inperio Britaniarrak zapalduta egonda, umorea besterik ez zitzaigun gelditzen. Leku askotan stand up comedy egiten dute Irlandan; hau da, bakarrizketak, eta, askotan, mikro irekia izaten dute, nahi duenak parte hartzeko. Eleberrian kontatu nahi nuen umoregile batek agertokira igo aurretik sentitzen duena. Ez dakit bukatuko dudan.

Zergatik izaten dugu umoregintza gutxiesteko joera?

Umorea ez da bakarrik taberna batera joatea eta txorakeriak esatea. Umorea oso garrantzitsua da, haren bidez ia egia esan daitekeelako. Lagun batek bultzatu ninduen bakarrizketa euskaraz egiten ausartzera. Oiartzunen egin nuen. 15 minutuko saioa izan behar zuen, eta ia ordubete egon nintzen. Geroztik, hamar egin ditut.

Zer motatako umorea egiten duzu, irlandarra ala euskalduna —halakorik baldin badago—?

Nirea nahasketa da, eta nahasketa izan behar du. Ez dakigu zergatik egiten dugun barre; jakingo banu, diruduna izango nintzateke. «Baldin badago» hori, zeuk esan duzu. Irlandan, oro har, jendea nahiko alaia da, eta dibertigarria. Hemen jendea pixka bat itxiagoa da, eta gehiago kostatzen zaio barre egitea. Baina, eta hor dago koska, euskaraz egiten baduzu, beste kontu bat da. Niretzat, harrigarria da hemen bertsolaritza egotea baina bakarrizketarako tradiziorik ez. Bertsolaritza oso teknikoa da, eta zaila. Ez dakit tradizioa falta den gutxi zaretelako, edo euskaraz aditzak atzean joan behar duelako.

Zer bilatzen duzu umorean?

Bigarren nobela idatzi nuenean asko bildu nintzen neure baitara. Orain bakarrizketak aukera dira ateratzeko. Nobela bat irakurtzen dudanean zer nahi dut? Edertasuna, umore zentzuarekin eta mezuarekin. Berdin bakarrizketetan. Ez ditut gustuko telebistan ateratzen direnak baboarena egiten: ikuslearenganako errespetu falta iruditzen zait.

Euskaldunei barre egiteko urrezko aukera duzu orain?

Ez da nire asmoa, baina natural ateratzen bada, barre egingo dut euskaldunekin eta irlandarrekin. Umorea eta euskara lotuta egon dira niretzat beti, ez zait inoiz interesatu gaztelaniaz egitea. Euskarazko hitz batzuk izugarri maite ditut: Harreman hitza esaldi oso bat da, emankor, eskuzabal, larrua jo... Nire euskara mailarekin nahi dudana esan dezaket, baina umorearekin kontu handiz ibili behar duzu, huts txiki bat eta dena pikutara doalako, eta han geratzen zara, lelo aurpegiarekin. Patxi Lopez aipatuko dut bakarrizketan. Irlandarra banaiz ere, hemengo lehendakariak baino hobeto egiten dut euskaraz, agian. Baina hori zer da: barregarria, ala guztiz negargarria?

No comments:

Post a Comment