Sunday 20 February 2011

«Taiwan oraintxe baino ez da hasi musikaren munduko mapan agertzen»

Ariel Zheng, musikaria.


Hiru emakume taiwandarrek Go Chic taldearen bihotza osatzen dute. Asiako uharteko musika giroaz eta gizarte tradiziozalearekin dituzten xextrez mintzo dira, Europan egiten ari diren lehen biran.
Ariel Zheng (Taipei, 1988) Go Chic taldeko abeslaria da. Neska talde gisa hasi bazen ere, Stanley bateria jotzailea fitxatu dute biran ateratzeko. Taiwango underground-a ezagutzeko aukera gutxi egoten dira Europan, baina taldea lehen diskoa aurkeztera etorri da —I am Confused—. Laukoteak elektro-punk jaia antolatuko du gaur, 20:30ean, Doka Donostiako Kafe Antzokian. Bihar Bilboko Fnacen joko dute, asteartean Parral tabernan (Gasteiz); eta hurrengo egunean Bonberenean (Tolosa, Gipuzkoa).

I am Confused jarri diozue lehen diskoari: Mendebaldeko eta Asiako kulturen artean duzuen gatazkarengatik zabiltza nahasita?

Jende askok ikusten du gure taldean asiarrak Mendebaldeko musika jotzen, baina horrela da egiten dugun soinu mota oso popularra delako Mendebaldean. Gu Taiwandarrak gara, eta geure estiloa dugu han. Gure kanten hitzetan kontatzen duguna ere oso ezberdina da. Asiarrak garela, eta hori dela-eta ditugun kultura gatazken berri ematen dugu abestietan, ez soilik Taiwani dagozkionak, Asiari buruzkoak, oro har.

Emakumez osaturiko taldea izatea erabaki politikoa izan zen hasieran?

Denak institutu berera joan ginen. Sonia gitarrista eta teklatu jotzaileak eta Sarah baxu jotzaileak nesken bila hasi ziren taldea osatzeko. Ni Sarahren ikasgelan ari nintzen, eta berak gonbidatu ninduen taldera. Halere, ez zen oso serioa hasieran; beraz, neskez osaturikoa izatea ez zen asko pentsaturiko kontua. Taiwanen emakume abeslari asko daude, baina ez emakume talde asko. Izan dira lehenago, halere. Ez gara lehenak eta ez dugu historiarik egingo.

Asiako aita-amak ez dira Mendebaldeko guraso dekadenteok bezain bigunak. Zuen kantetan belaunaldi gatazkaz mintzo zarete. Zer deritzote zure gurasoek egiten duzunari?

Zure familiaren historiaren araberakoa da hori. Baina, egia esan, neuk arazoak izan ditut gurasoekin. Halere, erakusten diezuenean serio ari zarela, ulertu egiten dute azkenean. Guk pasio handia jarri dugu honetan, eta, horri esker, ez dugu gatazka larririk izan. Hori, dena den, mundu osoan berdin gertatzen dela uste dut.

Japoniako taldeen bisita jasotzen dugu Euskal Herrian, baina ez dira asko Taiwandik datozenak. Nolako musika mugimendua dago uhartean?

Interesgarria jartzen ari da azken bi urteotan. Gero eta handiagoa da haien arreta gurekin. Nazioarteko jaialdietan sarriago ikusten dituzu Taiwango taldeak. Beste taldeek ere Asiako bira egiten zutenean, Taiwan albo batera uzten zuten. Orain ez. Taiwan oraintxe baino ez da hasi munduko musikaren mapan. Indartsuena oraindik pop komertziala da. Gu undergroundago gara, ez dugu horrekin zerikusi handirik.

Nolatan hasi zineten Mendebaldeko elektro-pop musika lantzen?

Interneti esker. Soniak Stone Roses eta Primal Scream maite zituen. Internet oso erosoa da bestelako gauzak ezagutzeko. Horrela hasi ginen elektroaz gozatzen. Horrez gain, Soniak sekuentziadore bat zuen aspaldi, eta horretan oinarritu ginen hasieran musika sortzeko, eta, noski, ezer baino gehiago elektro ateratzen zen. Nik gero ahotsa gainean jartzen nion, gero baxua, baina horretan oinarrituta.

Garrantzia handia ematen diozue agertokian janzten dituzuen arropei. Zergatik?

Neskak garelako, bistan da.

No comments:

Post a Comment