Thursday 24 March 2011

«Fukushima irakaspena da: azkartu behar dugu energia garbietarako trantsizioa»


XABIER BARON, NAFARROAKO GREENPEACEKO KIDEA.
Japoniako ezbehar nuklearraren itzalpean, biomasaren eta beste energia iturri berriztagarrien inguruan mintzatuko dira gaur, Iruñean, 'El Mundo de Los Pirineos' aldizkariak antolatuta.
Xabier Baron (Iruñea, 1976) informatika irakaslea da ofizioz, baina Greenpeace erakundearen Nafarroako eledun aritzen da. Biomasa, gure basoetako beroa mahai inguruan hartuko du parte, gaur, 19:00etan, Nafarroako Elkar aretoan. Baronekin batera, Ultzamako alkate Patxi Perez mintzatuko da. Biomasa erabiltzen aitzindaria da Nafarroako herria.

Japonian gertatzen ari denak azken bultzada emango die energia iturri berriztagarriei, Europan behintzat?

Hala behar luke. Fukushimak mugarria izan behar du. Horrela ulertzen ari dira gero eta herrialde gehiago Europan zein munduan, eta nuklearrak zabaltzeko edo haien bizialdia luzatzeko planak gelditzen ari dira. Lotsagarria da Espainiako Gobernuak ezer berririk ez proposatzea ezbeharraren ondoren. Fukushimako irakaspenik argienetako bat da energia sistema garbi, eraginkor, zuhur eta %100 berriztagarrirako trantsizioa azkartu behar dugula.

Halere, Nafarroako eolikoek ez al dute jarraitzen eredu industrial bera? Ez al zen hobea izango eredu dezentralizatu bat izatea, erabiltzaileek berek ere laguntzeko energia sortzen, Internet bezalako sarea lortzeko?

Etorkizuneko sare elektriko adimentsuak Interneten antza handia izango du, sortzeko aukera erraztuko eta zabalduko duelako, eta hori kontsumo tokietatik gertuago gertatuko da. Horrez gain, kontsumitzaileek parte hartuko dute sistemaren kudeaketan. Garrantzitsuena da argindar hori guztia, zentralizatua edo ez, berriztagarria izatea. Horien artean eolikoa egongo da, zalantzarik gabe, gaur ere nuklearra edo termikoa baino askoz dezentralizatuagoa baita. 

Euskal Herrian zer indar iturri berriztagarri erabil ditzakegu, oraindik probatu gabekoak?

Aukera guztiak ditugu eskura Euskal Herrian. Greenpeaceren Berriztagarriak 2050 txostenaren arabera, lur eta ingurumen muga guztiak kontuan hartuta, EAEn berriztagarrien bitartez sorturiko energiak urte horretarako eskaera baino bederatzi aldiz handiagoa izan zitekeen, eta Nafarroan, 45 aldiz handiagoa. Ahalmen handiena eguzki indar termoelektrikoak luke.

Mahai inguruan biomasaz mintzatuko zarete; hau da, basoetan kimaturiko adarretatik energia ateratzeaz. Ez al da zaila hori kudeatzea basoaren orekari erasan gabe?

Biomasak abantaila handia du: gorde egin daiteke, eta, beraz, argindarra sortzea kudea daiteke. Horrez gain, beste gauza askotarako erabil daiteke: beroa sortzeko edo garraiorako biogasa. Halere, beste berriztagarri batzuk baino askoz urriagoa da. Gainera, gehiegi erabiliz gero edo ingurumen irizpide zorrotzak ez badira kontuan hartzen, kalte handiak eragin ditzake. Horregatik soilik erabili behar da eraginkortasun handiena duten sistemetan, edo beste berriztagarri hoberik ez dagoen lekuan. Eta betiere, iraunkortasunari begira.

Nafarroan urte asko daramate haize errotak bultzatzen. Politika zuzena jarraitu da?

Nafarroa aitzindaria izan da eolikoetan eta beste berriztagarri batzuetan. Gero, beste lekuetan hartu dute lekukoa. Nafarroako energia politikak huts handia egin du, ordea: gas zentral termikoak lurraldean jartzeko baimena eman dute, eta horrek eredu izateko plana zapuztu egin du, horrek ezinezkoa bihurtuko duelako sistema %100 berriztagarria lortzea. Halere, Nafarroako adibideak frogatu du posible dela lurralde bat haizearen indarrakin asebete, eta uste baino errazagoa dela.

No comments:

Post a Comment