Friday 18 March 2011

«Musika bortitz piloa zegoen 199oeko hamarkadan, eta horrela hasi zen gerra aroa»

MARK OLSON, MUSIKARIA.


The Jayhawks taldeko sortzaile gisa folk independentearen aitapontekoetako bat da musikari estatubatuarra. Bob Marleyren anaitasun eta itxaropen gogoa bere egin du azken diskoan.
Mark Olson musikariak (Mineapolis, AEB, 1961) Many Colored Kite diskoa besapean ekarriko du gaur Bilbora, 20:30ean, Cotton Club aretoan. The Jayhawks taldea sortu zuen 1980ko hamarkadan, eta bere bakarkako ibilbideari ekin zion taldea arrakastaren gailurrean zegoenean.



Non bizi zara orain ofizialki?

Kaliforniako Joshua Tree natur parkean bizi naiz, han dudan etxolan, baina, egia esan, ez nago han oso sarri, batez ere azken urte honetan. Etxola 1958. urtean eraiki zuten, baina neronek bota nuen eta berriz altxatu. Egoera txarrean zegoen, horregatik bota eta altxatu nuen berriz.

Eta teilatua amaitu zenuenean, uso saldo bat agertu zen zeruan, Morning Dove kantuan kontatzen duzunez. Seinale gisa hartu zenuen?

Bai, seinale bat izan zela esan dezaket. Gauero jotzen dut kantu hori, izugarri maite dut. Maite dut etxolan egotea, han astia dudalako. Hirietan badirudi ez duzula astirik, ez dakit zergatik.

Istorioak Bob Marleyri leihoan agerturiko hiru txori txikiena ekartzen du gogora. Horren jabe zinen idatzi zenuenean?

Ez oso, baina beti maite izan dut haren musika, eta batez ere zuzenean jotzen zuenean dena ematen zuela. Hori egiten saiatzen naiz. Gauza espiritualez kantatzea maite dut, itxaropenaz. Ez dut maite «zorigaiztokoa naiz» kantak abestea.

Mezu politikoa ere partekatzen duzu Marleyrekin: mundu irekia nahi duzu.

Zalantzarik gabe. Uste dut denok nahi dugula hori.

Azken hamarkadan munduan pairatzen dugun paranoia eta gerra giroaren kontra matxinatu zara?

Harrigarria da nola hasi zen gerra aro hau: 1990eko hamarkadan musika bortitz piloa zegoen munduan. Badirudi jendea erakartzen duela horrek. Ez zen ia besterik entzuten irratietan. Uste dut ni beti izan naizela positibo samarra, baina adinarekin ikasi dut saiatu behar dudala nire benetako izaera plazaratzen, barruan daukadanari entzuten eta horri jarraitzen. Errazagoa zait entzuleekin harreman zuzenagoa izatea, nire entzulegoa, halakorik baldin badut, 100 bat pertsonek osatzen dutelako munduko hiri bakoitzean; ez dira milioiak. Horregatik hitz egin dezaket nire entzuleekin kontzertuetan.

Mezu espirituala duzu, baina erlijioa usu indar suntsitzailea bihurtzen dela kantatzen duzu?

Erlijioak ez du zertan suntsitzailea izan. Kontatu nahi nuen AEBetan nolabaiteko lotura dagoela erlijioaren eta alderdi errepublikanoaren eta egiten ari diren gerren artean. «Horretaz hitz egin behar da» pentsatu nuen, erlijioa eta gerra lotzea erokeria iruditzen zaidalako.

Nola ematen diozu zure ahotsari denboraz gaindiko kutsu hori?

Ez dakidalako benetan abesten. Oraindik ikasten ari naiz, bizitza osoa daramat hori lantzen. Hitzak berez datozkit, baina abeslari nagusia izatea beti izan zait bitxi samarra. Musikaren matematika maite dut.

Beraz, basamortuan edo Europan tren batean bizi zara. AEBetan eroso ez zaudela pentsatu behar dugu?

Ez, oso eroso nago han, besteak beste han hazi nintzelako. Ez nago eroso hango gizarteak hartu duen norabidearekin. Badirudi gerra behar dutela bizitzeko: dirua ateratzen ari direla hortik edo. Niretzat ez du zentzurik hamar urtez gerran egotea, dirua da bururatzen zaidan azalpen bakarra. Agian norbaitek argituko dit oraindik.

No comments:

Post a Comment