Wednesday 23 March 2011

«Gaurko gurasoek beldurra diote gatazkari, eta gatazkak haurrak indartu egiten ditu»


AMAIA VAZQUEZ. PSIKOLOGOA



Haurtzaindegian gero eta ordu gehiago pasatzen dituztela eta, haurren artean asko zabaldu da abandonatua izatearen sentipena, psikologoak dioenez. Horri aurre egiteko moduak proposatuko ditu.
Nola landu gure seme-alaben autoestimua eta autonomia hitzaldia emango du gaur Amaia Vazquez psikologoak (Deustua, Bilbo, 1961). Haurren artean zabaldu diren gaixotasun asko abandonatuak izatearen sentipenetik datozela dio. Hitzaldia 18:00etan egingo du, Getariako udaletxean (Gipuzkoa).

Haurren eta gazteen autoestimua indartzeko moduez mintzatuko zara. Horretarako beharra dagoela ikusten duzu?

Oso nabarmena da gaur gaztetxoak segurtasunik gabe dabiltzala harremanetan zein eskolan. Gero eta nabarmenagoa da. Ezinezkoa zaie autonomiaz ibiltzea ez badute euren buruenganako konfiantzarik. Denbora gehiegi pasatzen dute eskolan, eta gero eta gutxiago gurasoekin. Abandonuaren sentimendua oso zabalduta dago. Oso azkar bultzatzen ditugu familiatik at gizarteratzeko, horrek izaera indartuko dielakoan, baina gero ez diegu esperimentatzen uzten benetan behar dituzten arloetan.

Zein arlotan, esaterako?

Haurtzaindegira eramaten ditugu 4-5 hilabeterekin, baina gero 6 urterekin motxila egiten diegu ikastolara joateko. Ez dugu ongi ikusten 11 urterekin neska-laguna edo mutil-laguna izatea, gazteegiak direlakoan. Guraso batzuek etxeko lanak egiten dizkiete, ikasturtea berriz egin behar izan ez dezaten. Ez diegu uzten bizitzan benetan esperimentatu behar direnak esperimentatzen, eta gizarteratzen ditugu baliabide emozionalak izan gabe; horretan dago gure kontraesana. Oso eremu labainkorretan gabiltza.

Haurren artean zabaltzen ari diren gaitzetako asko —asma, hiperaktibitatea— abandonatuak izatearen sentipenak sortu dituela uste duzu?

Segurtasun falta horretatik datoz gaitz horietako asko. Emozioak ez badira kudeatzen, gaixotasun bihurtzen dira. Hiperaktibitatean, esaterako, haurrak euskarri emozional bat behar du, baina horri kasu egin beharrean, medikaziora jotzen dugu. Horrela interpreta ditzakegu bullying-a eta eskola porrota ere.

Zer-nolako bideak proposatzen dizkiezu gurasoei?

Lehenbizi, onartu egin behar ditugu dauzkagun seme-alabak. Onartu behar ditugu dituzten zailtasunak, eta ez dugu horien kontra joan behar. Elkartasuna izan behar dugu, eta gutxiago eskatu behar diegu. Gaur, gehiegi eskatzen diegu haurrei, eta presioak ahuldu egiten ditu. Haurrekin egon behar dugu, eta ez diegu arazoei beldurrik izan behar. Gaurko gurasoek beldurra diote gatazkari, eta gatazketan indartu egiten gara eta gure izaera osatu egiten da.

Autoestimua lantzeko prozesuan, badira adin tarte kritikoak?

Lehenengo bi urteak oso garrantzitsuak dira. Haurtzaindegien planteamendua beste modu batez antolatu beharko genuke, Europan bezala, askoz haur gutxiagorekin, eta lan baimen zabalagoak eman gurasoei. Haurrak figura sendoa behar du inguruan. 

Proposatzen duzunak denbora eskatzen du. Nondik aterako dute gurasoek denbora hori?

Eskaerak leku okerrean egiten ditugu. Finlandian aspaldi konturatu ziren haurren zerbitzu psikiatrikoek sekulako kostua zutela. Sistema aldatu zuten: gurasoen baimenak luzatu eta haurtzaindegien planteamendua aldatu zuten, eta horrek ekarri zuen haurren buruko gaitzak murriztea. Guk beti begirada helduarengan jartzen dugu, eta begirada hori aldatu behar dugu. Begirada haurrengan eta gaztetxoengan jarri behar dugu.

No comments:

Post a Comment