Friday 8 April 2011

«Ezin dut jasan telebistako umoristen eta sukaldari batzuen zabarkeria»

Xebe Diez, aktorea

Bai, argazkia okertuta dago.

'Dibertimendi' ikuskizuna emango du idazle, antzezle eta eguraldi iragarle ohiak Gipuzkoako Getarian. Hitzekin jolasten da lanean, eta hizkuntzen arteko nahasmenarekin, barre eginarazteko asmoz.

Xebe Diez (Donostia, 1966) ETBko eguraldi iragarlea izan zen 1990eko hamarkadan. Horrez gain, film eta telesail askotako ahotsa izan zen, bikoizle lanean. Idazle ere ezagutu genuen, baina jatorrira itzuli da azken boladan, Dibertimendi bakarrizketa saioarekin. Hitz jokoetan eta esamoldeetan oinarrituriko lan bat da, euskararen eta erdararen arteko harreman osasungarri zein gaiztoa aztertzen duena. Gaur emango du, Ketarrin (Getaria, Gipuzkoa), 23:00etan. Berak dioen bezala: «Lehen aldiz sarrera kobratuta».

Bihar zelako eguraldia egingo duen galdetzen al dizute oraindik?

Askok. «Oraindik ez dakit. Zer-nolako eguraldia jartzea nahi duzu?», erantzuten diet. Horrekin lotzen nau jende gehienak. Horregatik, orain txarteletan XebeX jartzen dut, erromatar zenbakietan diez delako. Kataluniako telebista ikusten dut orain goizetan, eta hoberena meteorologoak dira.

Bakarrizketak ez al dira aktore baten azken baliabidea?

Ez dira dramatizatuak izaten, normalean, eta niri dramatizatzea gustatzen zait. bakarrizketek gauza txar bat dute, asko eta asko txarrak direla. Baina badute gauza on bat, batzuk oso onak direla. Zaila da onak topatzea. Telebistakoak penagarriak dira. Ezin dut jasan horien zabarkeria. Sukaldari famatu batek bota zuen behin telebistan, bazkaltzeko orduan: «Jan ezazue hau, zeren eta herrenkorapilo dago erdaraz». Erantzun nion: «Begira, badirudi plater hori potroetatik pasa duzula, eta oso garbiak badituzu ere, zerorrek jango duzu».

Zure umorea hitz jokoetan oinarritzen da. Hori ez da azalean geratzea?

Filosofia ere badago «bakarrik sentitzen zenez, ispilua erosi zuen» esaten duzunean. Nire bi anaia-arreba ukrainar bikiak agertzen dira ikuskizunean. Horietako batek esaten du Ondarretara joan zela, hondar bila. Baina, dena porlanez beteta dagoela ikusita, izena aldatzea proposatzen du: Zementarreta. Anoetaren izena estadioko milaka aulkitan esertzen diren ipurdietatik datorrela uste du, baina esaten diote han garai batean anoa ematen zutela, hau da, jatekoa. «Hara, hori ez nekien» esatera etortzen zait jendea.

Hau zer da zuretzat, lana ala jolasa?

Txinako esaera baten arabera, ezin duzu esan lanean ari zarela gustura ari bazara. Eguraldia ematen oso ondo pasatzen nuen, baina niri bikoizketa gustatu zait gehien. Inoiz ez naiz orain bezain seguru sentitu agertokian. Neronek egin dut guztia, baita neure burua zuzendu ere. Lanbide honetan ez dago harreman adiskidetsurik; nork berea egiten du eta kito.

Bandera gorria, euskal baserria eta ukabila altxatuta... Argazkirako keinu ironikoa da?

Ez da ironikoa inolaz ere. Ni komunista libertarioa naiz eta anarkista. Izan ere, hori da planetak duen konponbide bakarra. Independentziaren ikurra nahi nuen jarri, baina ez dut topatu. Azkenean, Les Miserables-en ezarritako ordenaren kontrakoek erabiltzen duten ikurra jarri dut. Badakit horrek ez duela balio lagunak egiteko, zer esanik ez telebistan lan egiteko. Aurrerantzean, ziur naiz etengabe deituko didala lanerako PSEudolehendakariak.

No comments:

Post a Comment