Sunday 10 April 2011

«Sortzeko libre izan behar duzu, baina betiere besteari entzunez»

Carles Castillo, aktorea.

Carles Castillo —ezkerrean— Carles Montoliurekin
Bertsolaritzak poesiarekin egiten duena antzerkiarekin egiten du L'Om-Imprebis konpainiak. Castillok eta bere bikotekideak taula gainean inprobisatzen dute, ikusleek aurrez iradokitako gaiei buruz.

Carles Castillo (Valentzia, 1959) aktoreak hamazazpi urte daramatza Imprebis antzezlana taularatzen. Carles Montoliurekin batera, bat-batean aritzen da agertokian, ikusleek proposatutakoa komedia bihurtzen. Imprebis 5 estrellas saioarekin etorri dira Euskal Herrira, eta gaur egingo dute Donostiako azken emanaldia, 19:00etan, Lugaritz kultur etxean.

Nola da posible antzezlan batek hamazazpi urte irautea Shakespearerena edo musikal bat izan gabe?

Irauten du, tarteka pare bat hilabete-edo gelditu eta beste gauza batzuk egiten ditugulako. Ikuskizun freskoa, egunerokoa da, eta ez da inoiz berdina, eta horrek bidea ematen dizu behin eta berriz egiteko. Geure burua birziklatu behar izaten dugu, munduan zer gertatzen ari den eta geure buruarekin zer gertatzen den ikusteko gelditu, ikuskizuna lehen egunean bezain bizia egon dadin.

Euskal Herrian ezagutzen ditugu bertsolariek erabiltzen dituzten teknikak eta aurretik egiten duten lana. Zuek nola lantzen duzue bat-batekotasuna antzerkian?

Gogoa berotzeko lan handia egiten dugu. Pertsonaiak eta egoerak sortzeko moduak lantzen ditugu. Oso garrantzitsua da gaurkotasunez ongi jantzita egotea. Horrez gain, entzuteko ariketa egin behar da. Bikotekideari entzun behar diozu, eta berak dioenaren gainean gauzak sortu, jolastuz. Sortzeko libre izan behar duzu, baina betiere besteari entzunez.

Bikotekidearekiko lotura estua ezinbestekoa izango da. Posible zenuke hau ordezko batekin egitea, Carles Montoliuk gripea duelako?

Talde osoaren lotura estua eta konfiantza behar da. Bestela ezinezkoa litzateke arriskatzea eta gauza ero, polit eta berriak proposatzea, beldurra emango ligukeelako besteek ez onartzea eta baztertzea. Norbaitek zer edo zer proposatzen duenean denok entzuten dugu, inprobisazioa denona izan dadin.

Badira zuen lan hau konpultsiboki ikusten dutenak. Patologia bat zarete?

Ikusle bat 100 emanalditan egon da dagoeneko. Omenaldi bat egin genion lehengoan Madrilen. Gibelak behar dira.

Hiltzailea nor den esan eta lana zapuzteko arriskurik ez dagoenez, esango al diguzu zer egin zenuten azken emanaldian?

Joan zen astean Castellon izan ginen. Valentzian mundialak gara, eta aste horretan bertan aireportu bat inauguratu genuen, hegazkinik eta hegaldirik gabekoa. Politikariek txangoak antolatu zituzten adineko pertsonentzat, eta pistetan paseatzera eraman zituzten, ogitartekoa emanda. Hori proposatu ziguten, eta antzerki bihurtu genuen, ohiko gaiekin batera: langabezia, sexualitatea eta erretiroa hartzeko adinaren igotzea.

Gizarte kritikarako pista ederra izaten duzue , beraz?

Bai, ez dut gezurrik esango, barrenak ongi hustutzen ditugu. Maitasun eta errespetu handiarekin, betiere, baina mamiari uko egin gabe.

Atera al zaizue inoiz ikuskizun benetan txarrik?

Benetan gaizki ez da inoiz atera, lan handia dagoelako atzean. Noski, batzuetan besteetan baino barregarriago gaude, baina beti kalitate minimoarekin. Poz handia ematen digu lanak, abentura delako. Aktoreok, normalean, kezka hau izaten dugu: gogoratuko al dut esan behar dudana? Lan honetan, berriz, hau da kezka: gogoratuko al dut ez dudala pentsatu behar egingo dudana?

No comments:

Post a Comment