Friday 13 May 2011

«75 urterekin errepidean segitzeko dudan zio nagusia emazteari ihes egitea da»

Andre Williams, musikaria.


Emango luke 'alproja' hitza Alabamako artistarentzat asmatu zutela. Balirudike 'sexua, drogak eta funka' leloa honen asmakizuna izan dela. Aiton zintzoa bihurtu da, antza, baina ez dago fidatzerik.

Andre Williamsek (Alabama, AEB, 1936) Aitabitxi beltza ezizena maite du dituen besteen gainetik. 50 urte darama musika munduan. Motown, Chess eta Fortune Records diskoetxetako izarra izan zen 1950ko hamarkadatik aurrera. Alkohol, kokaina eta sexu zale amorratua eta neurrigabekoa, eskale gisa bizi izan zen Chicagoko zubi batean 1980ko hamarkadan. The Goldstars laguntzaileekin arituko da bihar, 22:00etan, Psilocybenean (Hondarribia, Gipuzkoa).

Askok ez dute jakingo punka 1950eko hamarkadan sortu zela eta zuk asmatu zenuela.

Nik ez dut inoiz esan abeslaria naizenik. Entretenitzaile handia izatea izan da beti nire asmo nagusia. Nola egin hori, ordea, abesten ez dakidala argi izanda? Bada, konturatu nintzen hitz egin behar nuela, musikarekin batera, jendea pozik izateko, engainatuta sentitu eta niri lepora jauzi egin baino lehen.

Hil eta berpiztu egin diren rockaren figura horietako bat zara?

Berpiztu egin naiz, argi daukat. Bigarren aukera izan dut, beste askok ez bezala.

Kokainarekin izan zenuen arazoa Ike Turnerren errua izan zen, Tina Turnerren senarra zenarena, alegia?

Berak sartu ninduen kokainan eta beste gauza txar guztietan. Ez zen gaiztoa morroia, halere, baina eragin txarra izan zen niretzat. Dena den, kalean eskale bezala aritzera eraman ninduen esperientzia horrek gauza bat irakatsi zidan: ezin zara dirurik gabe bizi. Esperientzia hori izan ez banu ez nintzateke orain nagoen bezala egongo. Orain ez dut erretzen eta ez dut edaten. Ez ditut egiten garai batean egiten nituenak. Hobeto nago nire buruarekin. Bilobak ditut eta bizitzaren inguruko esperientzia erabat bestelakoa. Adinarekin ikasi dut gauzak neurriz hartzen. Gustura nabil The Goldstarsekin. Musikari onak dira: nik maite ditut eta haiek ni maite naute. Gainera, apostuzaleak dira.

Hainbat pertsonaiarena egin duzu zure ibilbidean: Mr. Rythm, The Black Godfather, Rudibaker. Zeinekin geratu zara azkenean?

The Black Godfather naiz oraindik eta horrekin geratuko naizela uste dut. Horrekin sentitzen naiz erosoen. Izenak babesten nau kontzertuetan, inork ez duelako arazorik nahi aitabitxi beltzarekin.

Zergatik jarraitu errepidean 75 urterekin?

Arrazoi nagusia emaztearengandik ihes egitea da, azken batean. Eta horretarako modurik hoberena gezurra esatea da: kontzertua jo behar dudala, alegia. Orduan berak galdetzen dit: «Non jo behar duzu?». Esan behar izaten diot lekuren bat. Eta, azkenean, leku horretan egon behar izaten dut.

No comments:

Post a Comment