Wednesday 11 May 2011

«Bob Marleyk Che Guevara gainditu du mito gisa, baina merkantzia bihurtu dute»

Josetxo Mintegi, musikari eta idazlea.


Gaur 30 urte hil zen Jamaikako musikaria, eta, haren omenez, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Zarautzen. Haren biografoak pertsona eta kondaira bereizten lagunduko digu gaur, hitzaldi baten bidez.
Josetxo Mintegi (Donostia, 1965) Doctor Deslai taldeko abeslaria izan zen. 2005ean, Bob Marleyren biografia bat argitaratu zuen. Mitoaren inguruan mintzatuko da gaur, 19:30ean, Marea Gora tabernan, Zarautzen (Gipuzkoa). Rebel music dokumentala emango dute bihar, 19:00etan, Kupela tabernan. Larunbatean, 16:00etan hasita, Berazan, Gasteizko Innocent Criminals grafiti egileek musikariaren erretratu bat egingo dute, reggaez bustiriko jaian.

Bob Marleyren irudia merkantzia bihurtu dutela uste al duzu?

Bob Marley merkantzia da gaur egun. Hildako musikarien artean errentagarriena da, diskoen salmenta aldetik, eta, zer esanik ez, merchandising aldetik. Izan ere, musikaren beste irudi batzuek ez dutena dauka: unibertsaltasuna. Berdin ikusten duzu Marley Japonian, Ekialde Hurbilean edo Afrikan... Edonora zoazela munduan, Bob Marleyren elastikoak ikusiko dituzu.

Che Guevarak ikonografian Jesu Kristoren lekua hartu zuen bezala, Marleyk hartu al zuen gero iraultzailearen lekukoa?

Nire ustez, Marleyk Guevara gainditu du mito gisa. Kontua da Guevarak Kordaren argazki hura duela, ikono bihurtu dena, eta Marleyk ez duela halako Argazkirik, hizki larriz. Halere, Marleyk gainditu egin du jendearengana heltzeko ahalmenean, batez ere hil ondoren. Orduan egin da kondaira unibertsala. Bizirik zegoenean, izar bat zen. Milango San Siro estadioa, Municheko Olympic eta Parisko aireportua betetzea... hori ez zuen ia inork egin haren aurretik.

Nola eraiki da mitoa?

Hainbat planotan. Figuraren unibertsaltasunak, halere, ez digu ikusten uzten Marley berez oso fenomeno lokala izan zela. Apartheid-aren aurkako manifestazioetan, Hegoafrikan, eta Frantziaren kontrakoetan, Kaledonia Berrian, Marleyren argazkiak ateratzen zituzten haren esaldi batekin: Zuek zuhaitz handia bazarete, gu aizkora txikia gara. Abesti hori Jamaikako hiru musika estudio handien kontra idatzi zuen Marleyk, boikot egiten ziotelako. Mitoak ematen duena baino askoz jamaikarragoa da benetako Marley.

Tokian tokikoa klasiko unibertsala bihurtzea doain misteriotsua da?

Oso hizkuntza zuzena eta argia zuen. Nik ez dut maite haren talentuaz hitz egitea, baizik eta lanerako grinaz. Jendeak kontrakoa uste badu ere, Marleyk ez zuen denbora pasatzen kuluxka bat egiten eta kalamua erretzen. Ehunka abesti egin zituen, oso bizitza laburrean. Garai hura oso ezberdina zen, halere. Nire goiko bizilagunak rastafari tximak daramatza, eta unibertsitera doa ikastera. Duela 30 urte itxura hori guztiz berria zen. Garaiko diskoak entzuten dituzu, eta zaharkituta ematen dute. Baina Marleyrenak guztiz fresko diraute.

Mitoak mito, ezin da ukatu Marleyren kanten eduki politiko sendoa.

Ez dakit noraino izan zen politikoa. Bere jendearen egoera salatu zuen, baina etiketez harago. Ez da hippy-bakezalea, inondik ere. Ezkerrak beti maite izan du, eta berak utzi egin zion ezkerrari maitatzen, besteek esaten ausartzen ez zirena esaten baitzuen. Hitz gogorrak melodia leunekin; ez hemen bezala, mikroan txistu egin behar dugula. Ingelesez abesteak paretak botatzen lagundu zion. Berdin entzuten da gaztetxean edo aberaskumeen klub batean. «Zer esaten ari den jakingo bazenute!», pentsatzen dut halakoetan.

No comments:

Post a Comment