Friday 6 May 2011

«Interneteko sare sozialak zabaldu izanak akabatu zuen Tunisiako diktadura»

Sofiene Ben Haj, ziberekintzailea.



Tunisiako Barne Ministerioko sotoko ziegetan preso egon eta gero, orain gobernuaren aholkularia da ekintzailea, batez ere Facebooken bidez iraultzaren alde eginiko lan erabakigarriagatik.
Sofiene Ben Haj (Ksar Hellal, Tunisia, 1982) ziberekintzailea da, eta Tunisiako iraultza sustatu eta gidatu zuen, Facebooken Hamadi Kalutxa ezizenarekin sorturiko orriaren bidez. Sare sozialek gaur mundu arabiarrean gertatzen ari diren iraultzetan duten eraginaz mintzatuko da gaur, 19:30ean, San Telmo museoan, Donostian.

Tunisiako iraultza gertatuko al zen Internetik gabe?

Oso zaila izango zen. Ben Aliren erregimenak hedabide guztiak kontrolatzen zituen, eta ez zegoen tokirik eztabaidarako. Internet 2.0 eta sare sozialak garatu izanak eta horrek ekarri duen adierazpen askatasunak eman dio kolpe hilgarria. Iraultza abiatu zuen manifestazioa, esaterako, Facebooken bidez antolatu zuten. Ez dut uste halako ezer antolatzerik izango genukeen Interneten aurretik.

Halere, ziberekintzaile askok ohartarazten dute Facebook Poliziaren lagunik hoberena dela.

Laguna eta etsaia da aldi berean. Noski, ez badituzu neurriak hartzen aztarnak lausotzeko, eta datu pertsonalak jartzen badituzu, polizia fitxa bihurtzen da. Ni 2008an hasi nintzen Facebooken ekintzaile, eta ez ninduten harrapatu 2011ra arte. Ordura arte ez zekiten nor nintzen. Beraz, ahalik eta argazki eta datu pertsonal gutxien jarri behar da. Skype ere zelatatzen zuten, baina ez telefonoa bezainbeste. Twitterrek aukera eman zigun Poliziak manifestazioetan jarritako blokatzei izkin egiteko kaleetan.

Harrapatu zintuzten sakelekoaren zenbakia jarri zenuelako.

Gobernuak Facebooken segurtasun neurriak bortxatu zituen urtarrilaren hasieran, eta orduan nire pasahitza lapurtu zuten. Ordutik nire mezuak zelatatu zituzten. Atxiloketaren bezperan, France Culture irratiak elkarrizketatu nahi ninduela eta presa zutela idatzi zidan lagun batek. Ez zidan astirik eman telefono anonimo bat topatzeko, eta nirea bidali nuen posta elektronikoz. Estatuko segurtasuneko poliziek eraman ninduten, baina ez ninduten torturatu, azken batean eman nezakeen informazio guztia Facebooken esana nuelako lehendik ere.

Esan daiteke teknologia berrietan jantzitako belaunaldi gazteak agurekrazia ezjakinari irabazi ziola?

Ben Alik agintaldiaren azken hamar urteetan ordenagailuak eman zizkien familiei oso merke. Ez zen oparia, noski, familiek gero Interneterako sarbidea ordaindu behar zutelako, eta hori ematen zuten konpainiak Ben Aliren familiaren esku zeudelako. Horri esker, ordenagiluekin hazi ginen, eta zentsurari izkin egiten ikasi genuen. Internet 1.0 zen orduan, parte hartzerik gabekoa. Internet parte hartzailearen blogak, YouTube eta halakoekin hasi ziren arazoak harentzat. Alderdi politiko tradizionalek ere ez zuten ulertu, guk ez genuelako geure gurasoek bezala militatzen.

Zenbat denbora beharko du botereak bereganatzeko tresna hauetan dagoen indar demokratikoa?

Eltxo txikiak izan gara, baina hodeia osatu dugu elefantea kanporatzeko. Orain islamistak hasi dira Tunisian hainbat gazteri petrodolarrekin ordaintzen, Interneten euren aldeko propaganda egin dezaten. Facebook ere atzera egiten ari dela ematen du: iruzkinak egiteko aukera murrizten eta kontuak ixten dituzte. Halere, nabarmentzekoa da teknologia horien diseinuan printzipio demokratiko batzuk daudela txertaturik, adierazpen askatasuna, esaterako. Alderdi Pirata eratzen ari gara orain Tunisian. Geroan Internet erabat libre izatea funtsezkoa da orain guretzat.

No comments:

Post a Comment