Sunday 8 May 2011

«Moneta sozialak sortu, eta geure ekonomia nahi dugula esan behar diogu sistemari»

Julio Gisbert, ekonomia alternatiboan aditua.


Enplegurik gabe duintasunez bizi daitekeela dio banku langileak, eta langabeei erakutsiko dizkie horretarako dauden tresnak gaur, Larraulen, Aiztondoko denbora bankuaren I. Truke Egunean.
Ekonomia alternatiboaren inguruan aditua da Julio Gisbert (Madril, 1965). Vivir sin trabajo liburua argitaratu du, besteak beste. Langabezian duintasunez bizitzeko bideak badirela azalduko du gaur, 11:00etan, Laurraulen (Gipuzkoa), Aiztondoko denbora bankuaren I. Truke Egunean.

Banku batean egiten duzu lan. Ez al da kontraesana enplegurik gabe bizitzearen onurak predikatzen ibiltzea?

Ez. Azken batean, enplegurik gabe bizitzeko dauden aukerak ezagutu ditut lanetik kanpo eginiko ikerketei esker, eta bankuan eginiko lanak bidea eman dit sistema ekonomikoak nola funtzionatzen duen ongi ezagutzeko. Gauza bat da lana, eta beste bat enplegua. Lan bankuek lehena baloratzen eta indartzen dute; inongo herrialderen barne produktu gordinean agertzen ez den lan ezkutua, alegia. Nik ez dut sistemaren aurkako filosofiarik. Beste ekonomia hau osagarria da, eta aukera ematen die beste ekonomian arrakastarik ez dutenei. Enplegurik gabe lanez eta duintasunez bizitzeko bideak daude, eta oso ondo funtzionatzen dute herrialde askotan.

Zuk urrats bat harago joateko eskatzen diezu ekonomia alternatiboaren sareei: euren moneta sortzeko.

Orain arte, zerbitzuak trukatzeko erabiltzen ziren denbora bankuak: ingeles klaseak, ilea moztea... Gizarte monetekin, berriz, ekonomia propioa sortu nahi dutela esaten diote sistemari. Argentinan hiru milioi pertsona egon ziren trukeaz bizitzen, euren moneta propioarekin. Brasilen, esaterako, sekulako arrakasta dute moneta sozial horiek, eta maileguak ere ematen dituzte. Orain, horrenbeste langabe egonda, jendeari euren burua antolatzeko ereduak eman nahi dizkiet.

Gaurko langabezia maila altuak indartu al ditu sare horiek?

Bai. Halere, oraingoz krisiari aurre egin diote familia sarei esker. Orain, ordea, fase larri batean sartzen ari gara, krisia betikotzen ari delako. Langabeei laguntza ematen dieten erakundeak erantzun ezinik daude. Hazkuntzarik ez dagoela ikusten dut. Espainian, ordea, ez dago komunitate kulturarik, beste herrialde batzuetan bezala, eta gizartea ez da behar bezala aktibatzen.

Estatuek ez al dute moneta horien kontra joko, arrakasta badute?

Argentinan egin zuten hori. Baina Alemanian, esaterako, halako moneta asko daude. Euroarekiko parekotasuna dute, eta askotan BEZ zerga ere moneta horretan ordaintzen da. Monetok ez dute interesik sortzen, eta, gainera, herdoiltzen dira, hau da, hilero gutxiago balio dute. Horri esker, monetaren mugimendua errazten da, ez duelako zentzurik pilatzeak, eta ekonomia pizten da.

Haserretzeko eskatzen digute hainbatek azken boladan, eta zuk, berriz, geure bankua sortzeko?

Ondo dago haserretzea, eta hori gertatuko da maiatzaren 15ean. Baina hemen proposamenak eta konponbideak behar ditugu. Beste herrialde batzuetan jendea mobilizaturik ikusten dut, bide alternatiboak lantzen. Langabetuek elkar laguntzeko sareak sortu beharko lituzkete. Oinarrizkoa ez duen langabetu bati ez diozu esango denbora banku batera joateko, noski, lehenbizi behar horiek asetzeko laguntza emango dieten elkarteengana jo behar duelako. Baina, asetu ondoren, onura handia atera dezake zerbitzuak eta ondasunak trukatzen, moneta sozialekin. Katalunian ari dira jada. Euskal Herrian hamar denbora banku baino gehiago daude. Gizartean antolatu behar gara, ekonomia okerrera doalako.

No comments:

Post a Comment