Wednesday 15 June 2011

«Gaur artistari barrabilak moztuko lizkiokete, 'land art' 1960an bezala eginez gero»

Andrew Gangoiti, eskultorea.


Artista australiarrak Bilbon ikusgai duen 'F-Hole' soinu instalazioa azalduko du gaur, Bizkaiko hiriburuan. Arkitekturaren, eskulturaren eta soinuaren arteko elkarrizketa planteatzen du.


Aretorako propio diseinaturiko lan bat paratu du artistak Bilbo Arte Fundazioan.
Andrew Gangoitik (Lakes Entrance, Australia, 1962) eskultura, soinua, arkitektura eta teknologia erabiltzen ditu instalazioak sortzeko. Plentziako marinel baten seme izaki, 1996. urtetik Bilbo inguruan dabil lanean. F-Hole soinu instalazioa paratu du Bilbo Arte Fundazioan, eta hilaren 24 arte egongo da ikusgai. Gaur bere lana zertan den azalduko du artistak, 19:00etan, erakusketa aretoan (Urazurrutia, 32.)



Nahiko berandu hasi zinen Melbourneko Unibertsitatean arte ikasketekin. Zer egin zenuen aurretik?

Unibertsitatean, 28 urterekin hasi nintzen. Asko kostatu zitzaidan erabakitzea zer egin nahi nuen. Bitartean, denetako lanak egin nituen, ahalik eta gehien ikasteko, orduan ezagutzen ez nuen etorkizuneko lanerako prestatzeko.

Noiz eta nola erabaki zenuen Euskal Herrira etortzea, aitaren jaioterrira?

Aita marinela zen, arrantzalea eta sukaldaria. Arrantza ez zen nahikoa, ordea, bost anai-arreboi jaten emateko. Berriz hasi zen sukaldari gisa, itsasoan. Etorri nintzen lehen aldian 9 urte nituen. Bigarren aldian, 1986. urtean, urtebete gelditu nintzen. Askotan etorri naiz. Lehengusu asko ditut hemen. Horietako baten ezkontzara etorri nintzen 2003an, eta orain emaztea dena ezagutu nuen. Haur bat dut ikastolan, eta hemen geratuko naiz, loteria irabazten ez badut.

Ezberdina izango zen zure artea Australian geratu izan bazina?

Artistak edonon izan behar du posible artista moduan bizi eta lan egitea.

Land art mugimenduaren eragina ikusten dizute. Australiako espazio zabalak Europako erakinen barrunbeekin trukatu dituzu?

Australian soto batean ikasi nuen eskultura. Landa eremukoa naiz, baina beti eraikinetan lan egin dut. Han ere jende gehiena erakinetan jaiotzen da, bizi, eta hil. Kanpoan lan egitea askoz garestiagoa da, eskulturak handiagoak izaten direlako, eta askoz korapilatsuagoak. Gaur oso zaila da land art egitea, ez da 1960ko hamarkadan bezala: naturan esku hartzen hasiz gero, barrabilak moztuko lizkiokete artistari, ingurumena ez errespetatzeagatik.

F-Hole Bilbo Arterako eginiko instalazioa da. Areto baterako gauzak propio egitea ez da lana mugatzea, beste edonora eramatea zailtzea?

Hein batean bai, baina batzuetan hobe da leku batean zentratzea, beste tokietara eramatea pentsatzen aritzea baino. Iaz lotu nion soinua lehen aldiz eskultura bati: sentsore piezoelektrikoak, bozgoragailuak eta anplifikadoreak erabili nituen. Lan hau, berriz, erabat akustikoa da. Piano hariak erabili ditut, galeriari ahotsa emateko. Biolin bat bezala jo ahalko dute galeriako zutabe bakoitza. Kontrapisuak jarri dizkiet f-a markatzen dute sokei, inongo galeriak ez didalako utziko zorua zulatzen, hariak lotzeko. Azkenean, estetikoki atsegina geratu da.

Zer egingo duzu honen ondoren?

Estudiora itzuliko naiz, eta maketa gehiago prestatuko ditut. Marinela nuen osaba baten inguruko lan bat amaitu behar dut. Gero eta egitasmo gehiago ditut. Erakusketak egitea zailagoa da.

Marinel odola izanda, ez al zaizkizu txikiegi Bilbo eta Euskal Herria?

Australiara itzuliz gero, hutsetik hasi beharko nuke. Hemen oso eroso nago. Australian etxalde batean hazi nintzen, eta orain bosgarren solairu batean bizi naiz, eta pozik nago, ez dudalako bi hektarea belar moztu behar.

No comments:

Post a Comment