Saturday 11 June 2011

«Baserri tranpa bat da Igartubeiti, Errusiako panpinak bezalakoa»

Manu Izagirre, ondasun teknikaria


Igartubeiti baserri-museoa zabaldu zutela hamar urte bete direla ospatzeko, bisitaldi gidatu bereziak antolatu dituzte, egitasmoa zuzendu zutenen azalpenak han bertan entzuteko.


Igartubeiti baserri-museoak, artzain txabolatik XVI. mendeko etxerako eboluzioa erakusten du.

Manu Izagirre (Donostia, 1949) ondasun teknikaria da, Gipuzkoako Foru Aldundikoa. Igartubeiti museoko egitasmoan lan egin zuen hasieratik, Ezkio-Itsason (Gipuzkoa), eta baserria eraberritu zuteneko 10. urteurrenean, egindako lana azaltzeko bisitak gidatuko ditu bihar, 12:30etik aurrera. 40 pertsonako taldeak osatuko dituzte, eta izena ematea gomendatzen dute: 943-72 29 78 edo igartubeiti@gipuzkoa.net.

Baserri bat museo bihurtzea ez al da hartz bat alfonbra bat egiteko hiltzea bezala?

1987 aldera hasi ginen honetan lanean. Baserria erortzeko zorian zegoen, eta pentsatu behar izan genuen zer konponbide eman eraikinari, han bizi zen familiari. Hasieran, baserria eraberritzea pentsatu genuen; han bizi ziren. Baina ezinezkoa izan zen, baserria XVI. mendean gorde nahi genuelako, hasieran bezala, eta soilik mende bateko eboluzioarekin, hau da, XVIII. eta XIX. mendeen artean gehitutakoa kenduta. Ezin duzu gaur egun jendea halako eraikin batean bizitzera behartu. Interpretazio zentroa lur azpian egitea proposatu nuen nik, baserriari itzal egin ez ziezaion, eta asko kostatu zitzaidan arkitektoak konbentzitzea, baina ikusten da azkenean konponbiderik onena izan dela.

Zergatik da berezia etxe hau?

Baserri tranpa bat da. Jendeak aurrealdeko egurrak ikusten dituenean esaten du: «Hara, hau bai zaharra, zein interesgarria». Bada, ikusten dena alderik berriena da. Errusiako panpinak bezalakoa da: lehen etxea bigarrenaren barruan dago, eta hura, hirugarrenaren barruan. Gutxi dira XVI. mendearen hasierako baserriak, eta are gutxiago horren ondo gordetakoak. Ez dago garai hartako horren adibide garbirik beste inon.

Zer kontatzen digu gure historiaz?

XVI. mendean sekulako jauzia egon zen bizimoduan. Ikazkin etxola batean bizi ziren ordura arte —7 metro koadroan, familia bat animaliekin— , eta, handik aurrera, etxe handi batean hasi ziren bizitzen, teilekin eta dolare izugarri handi batekin. Gelak banandu ziren, lehen aldiz, eta sukaldearen inguruan antolatu zen dena. Oso etxe erosoa, alegia, 50 urte lehenago zutenarekin parekatuta. Hori da XVI. mendearen garrantzia. Baserri ia guztiek dolarea egin zuten orduan, eraikinean sartuta. Dolarea kenduko bagenie, erori egingo lirateke.

Eta zer esaten digu baserriaren etorkizunaz?

Baserriaren etorkizuna airean dago. Azken boladan asko hobetu dira, han bizi direnen mesederako, baina galdu dute jatorriko funtzioan. Jatorriko ezaugarriak suntsitzea, hori da ordaintzen ari garen prezioa. Garraio eta komunikazio bideek erraztu egin digute baserrien bakardadea haustea. Asko kostatu zaigu ulertaraztea arkitektura ondasuna zaindu behar dela, baina horretan asko aurreratu dugu 1980ko hamarkadatik. Baina maila ekonomikoa asko jaso da, eta askoz gehiago suntsitzen da orain. Lehen maizterrak bizi ziren baserrietan, eta jabeek ez zuten berrikuntzarik egiten. Horri esker, gorde egin ahal izan dugu ondasuna. Orain, berriz, baserritarrak etxearen jabe dira, eta horrek aldaketa azkartzea dakar.

Baserria ez da soilik etxea, baizik eta bizimodu bat eta elikagaiak ekoizteko unitatea. Ez al da arriskutsua lurralde batentzat kultura hori museora kondenatzea, etorkizunak jana nondik ekarriko dizun ez dakizunean?

Baserri autarkikoaren ideia desagertzen ari da. Baina beste gauza batzuk sortzen ari dira; sagardotegia eta baserri-bulegoa, esaterako. Saiatu behar dugu ahalik eta gehien gordetzen, eta gizartearen eboluzioan ahalik eta ile gutxien galtzen. Jendearen kultur maila jasotzea laguntzen ari da, eta horretarako daude museoak.

No comments:

Post a Comment