Thursday 23 June 2011

«Gaurkoak ez du zerikusirik Frantziako Iraultzarekin, orain denok garelako libre»

Gian Luca Perris, lurringilea.


Maria Antonieta gillotinan hil zuten, zerion perfumea zela-eta atxilotu zutelako. Lurrin hura egin zuen etxeko buruak azken produktua aurkeztuko du gaur Donostian, 'haserretuen' kanpalekutik oso gertu.
 
Gian Luca Perris (Erroma, 1969) Parisko Parfums Houbigant lurrin etxeko presidenteordea da. Perfumeak saltzen ez dituenean, belaontzi estropadetan parte hartzen du. Monakotik etorri da Donostiara, eta konpainiaren Fougére Royal lurrina aurkeztuko du gaur, 20:00etan, Noventa Grados galerian.

Nola heldu zinen Parfums Houbigant etxeko presidenteordea izatera?

Gure familian aitak hasi zuen tradizioa. Berger, Elizabeth Arden eta beste etxe asko zuzendu zituen. Hortik datorkit zaletasuna. Gure etxean beti eman digute aukera ogibidea aukeratzeko, zorionez, baina ni beti sentitu naiz gustura lurrinen munduan. Konpainiarentzat egiten nuen lan 14 urterekin, ahal nuen guztietan, eta 19 urterekin buru-belarri sartu nintzen horretan. Ez dut utzi geroztik. Duela sei urte erosi genuen Houbigant, izen handi horrekin lan egin ahal izateko.

Nola sortzen da lurrin bat?

Gaur egun lurrin etxe gehienek kanpoko adituekin egiten dute lan. Guk, berriz, etxeko jendearekin lantzen ditugu formula guztiak, egitasmoaren arabera aukeratzen ditugun bizpahiru aholkularirekin. Horrek esperientzia zuzena ematen digu lurrin bat sortzeko orduan. Gehienetan ideia jakin bat izaten dugu, eta neuk beti dakit zer sortu nahi dudan.

Maria Antonieta Houbigant zerion lurrinarengatik ezagutu omen zuten: hori historia da ala istorio bat?

Historiak hala dio. Jantzi apalekin mozorrotu zela Paristik ihes egiteko, baina zerion lurrinarengatik herritar arrunt bat ezin zela izan ondorioztatu zuten iraultzaileek, eta atxilotu egin zuten. Liburuetan dago, egia izango da. Nik ezin dizut zin egin.

Zuen etxea beti egon da lotuta eliteekin.

Gure asmoa ez da inoiz izan eliteentzat lan egitea, ez da bilaturiko elitismoa. Kontua da etxeak beti erabili dituela lehen mailako produktuak, eta horrek, zoritxarrez, ekoizteko kostuak garestitu egiten dituela. Lurringintza modernoak bazterrean utzi du kalitatea, eta guk horri eutsi nahi diogu.

Frantziako Iraultzaren garaian bezala, Europako hegoaldeko plazak haserretuez bete dira azken boladan. Zer deritzozu mugimendu horiei?

Europaren ekonomia Alemaniaren industrian oinarritzen da, eta horrek desoreka sortu du hegoaldeko herrialdeetan, turismoan oinarritzen direlako eta euren gazte prestuak atzerriratzen dituztelako. Espero dut Europak Alemaniaren politika egiteari utziko diola eta beste herrialdeez arduratzen hasiko dela. Noski, gaurkoak ez du zerikusirik Frantziako Iraultzarekin, orain denok garelako libre. Orduan askatasunaren alde matxinatu ziren, eta orain, zorionez, geure eskubide zibilak ditugu. Gure politikariak ekonomia orokorraz gehiago arduratu beharko lirateke, eta gutxiago euren interesez. Europa pobretzen ari da etengabe, eta bada garaia hemen benetako ekoizpena bultzatzeko.

Krisi garaiotan luxuaren apologia egitea ez al dago lekuz kanpo?

Orain arte jendeak erosteagatik erosi du edozein gauza. Baina orain jendeak ondo begiratzen du zer erosten duen. Ez dute lapurren biktima izan nahi, eta ez daude prest 50 euroko balioa duen gauza bat 200 euroan erosteko. Halere, ez dut uste plazetan kanpaturik daudenen lehentasuna perfume bat izango denik. Lurrinak gauza arinak dira, eta dagokien lekuan egon behar dute.

No comments:

Post a Comment