Tuesday 21 June 2011

«Europaren zinismoa bistan da; Siriako iheslariak bezain errefuxiatu dira Libiakoak»

Mourad Zarrouk, irakaslea
 
 

Marokoko erregeak proposaturiko konstituzioa ez dela nahikoa, eta aldaketa kalera atera diren gazteek eragingo dutela dio soziologoak. Afrika iparraldeko errefuxiatuen inguruan arituko da gaur Gasteizen.

Mourad Zarroukek (Casablanca, Maroko, 1973) mundu arabiarraren soziologia eta nazioarteko harremanak irakasten ditu Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Afrikako iparraldeko errefuxiatuen inguruan mintzatuko da gaur, 10:00etan, Landatxoko gizarte zentroan (Gasteiz), Errefuxiatu, erbesteratu eta lekuz aldarazitakoen aldeko IV. jardunaldiak ekimenaren harira.

Herrialde bateko gatazkan indarrez parte hartzen ari dira NATOko kideak, baina horrek sorturiko errefuxiatuak euren lurrean hartzeari uko egiten diote gero. Nola azalduko zenuke kontraesana?

Europako herrialde batzuen zinismoa bistan da: Gaddafiri grina handiz ekiten diote, baina gero ez dituzte ondorioak euren gain hartu nahi, eta, gainera, Schengengo Itunari muzin egin diote. Nabarmendu behar dugu komunikabideen lana, erabiltzen dituzten hitzak kezkagarriak direlako: «Etorkinak» esaten ari dira beti, horiek errefuxiatuak direnean. Jendeak nahasteko erabiltzen ari dira hitza, europarrek pentsa dezaten hori beste etorkin olde bat besterik ez dela. Argi hitz egin dezagun, Libiatik ihes egindako pertsonak Siriatik alde egiten ari direnak bezain errefuxiatu dira.

Zer eragin du iheslariontzat errefuxiatutzat ez hartzeak?

Eragina larria da, baina, batez ere, Europarentzat. Europak munduko beste lekuetan predikatzen dituen giza eskubideak alde batera uzten ditu etxean. Zer gertatuko litzateke Turkiak Siriako errefuxiatuak legez kanpoko etorkintzat joko balitu eta muga itxiko balu? Munduak gogor egingo lioke, hori egitea onartezina litzatekeelako. Turkia portaera txukuna izaten ari da siriarrekin, eta Italiak gauza bera egiteko aukera galdu du. Europak bazuen behin-behineko baimenak ematerik iheslarioi, gero Libiara itzultzeko, Gaddafiren erregimena erortzen denean. Erori egingo delako, laster.

Nola utziko du Gaddafik boterea, egoera ez atzera eta ez aurrera dagoela ematen duen honetan?

Negoziatzea da zuhurrena orain, nahiz eta min eman esateak, Gaddafiren familiak libiarrak sarraskitu dituelako eta hegazkinak erabili dituelako auzoak bonbardatzeko. Gaurko estrategia militarrarekin oso zaila izango da gatazka hori amaitzea. Beraz, irtenbide bat bilatu beharko da, gizon hori Libiatik atera dadin, Venezuela, Turkia edo Afrikako herrialde batera.

Siriakoa ez da horrela izango, ezta?

Bestelako egoera da: Siriak aliantza estrategiko asko ditu, batez ere Iranekin eta Hezbolarekin, eta muga du Israelekin. Oso zaila da esku hartzea. Siriako herriak eustea besterik ez du, Turkiak Damasko estu hartzen duen bitartean, jokabidea alda dezan.

Marokok Egipto eta Tunisiako bidea hartuko du, ala Libia eta Siriakoa?

Erregeak proposaturiko konstituzioa ez da nahikoa, amaitu gabeko trantsizioa da. Marokoarrek Konstituzio hobea merezi dute. Alderdiek ezin dute trantsizio hori egin, onartu egin zutelako erregeak ezarritako joko zelai estua. Tunisian eta Egipton baino denbora gehiago beharko du aldaketak Marokon, alderdiek erregea defendatzen dutelako. Alderdiek historiaren trena galdu dute, eta, orain, konponbide bakarra Otsailaren 20ko mugimenduko gazteak dira, soilik horiek dutelako argi zelako Maroko nahi duten etorkizunerako. Aldaketa urte batzuk barru odolik gabe lortzen bada, esan ahalko da Maroko salbuespena izan dela eskualdean.

No comments:

Post a Comment