Tuesday 28 June 2011

«M-15 mugimenduaren proposamenak eskoletara eraman behar dira»

Angels Martinez-Bonafe, irakaslea


Leiho ezin hobea du irakasle valentziarrak kalera atera diren gazteak ulertzeko, kanpaldietako eta manifestazioetako leloetan aipaturiko gaiak institutuko eskolan landu baititu ikasleokin azken urteotan.

Angels Martinez-Bonafek (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1956) bigarren hezkuntzarako irakasleak prestatzen ditu Valentziako Unibertsitatean, eta historia irakasten du institutu batean. Qué hace una ciudadana como tú en una escuela como ésta hitzaldia emango du gaur Bilbon, Espainiako Bankua kaleko 2.ean, 10:00etatik 13:00 arte egingo den ekitaldiaren barruan.

Basati zintzoaren mitoa herritar zintzoaren mitoarekin ordeztu dugula uste duzu?

Adostasun orokor horiek hautsi behar ditugu: herritartasuna ona da, herritar ona izatea primerakoa da... Ideia horren atzean zein gizarte errealitate edo jarrera politiko ezkutatzen diren aztertu behar dugu. Esaterako: giza eskubideen deklarazioa 1948. urtean egin zuten, Israelgo Estatua sortu eta palestinarren sarraskia hasi zenean. Kontraesana dirudi. Olympe de Gougesek Emakumearen eta herritarraren eskubideen deklarazioa idatzi zuen, eta gillotinan moztu zioten lepoa. Esklabotzaren aurka idazten zuen, eta badirudi herritartasun kontzeptuak ez zuela gizaki guztientzat balio. Gaur, herritartasuna kanpotarrei eskubideak ukatzeko erabiltzen dute. Prest gaude besteen gizatasuna onartzeko, baina herritartasuna ukatzeko; esaterako, herriei politikan parte hartzea ukatzeko.

Nola planteatzen dituzu gaiok ikasleekin?

Ekonomiaz hitz egin behar dela esaten diet ikasleei. Euriborrak etxe eskubidearekin duen lotura azaldu behar da. Kaleko esamoldeez hitz egin behar dela esaten diet: «Denok dugu krisiaren errua, denok atera nahi izan genuen etekina». Etxegintzaren burbuilarekin milioiak irabazi zituztenak eta etxebizitza bat erosi baino garestiago saldu nahi izan zutenak eta hipotekarekin geratu direnak ez direla berdinak azaltzen diet. Parlamentuen krisiaz mintzatu behar da: zertarako nahi ditugu parlamentuak eta gobernuak Nazioarteko Diru Funtsak agintzen badu? Zer gertatzen da Italiako Lazio futbol taldeko jokalari batek zelaian agur faxista egiten duenean ikusleen txaloen artean. Horretaz hitz egin behar da.

Zer indar du irakasle batek komunikabideek etengabe zabaltzen dituzten mezuen aldean?

Aisialdiaren eta modaren merkatuek gazte eta nerabeen gogoen eta bihotzen kolonizazioaren fenomenoa jartzen dut mahaiaren gainean. Multinazionalek jakin izan dute gazteak harrapatzen. Eskolak desioa hezi beharko luke, geure zoriona beste era batera ikusteko eta denok bestelako etorkizun bat sortzeko moduko subjektuak garela erakusteko.

Urteak daramatzazu horretaz hitz egiten ikasgelan. Zer iruditu zaizu gai horiek kalera atera izana M-15 mugimenduan?

Itxaropena piztu dit eta oso hezigarria iruditu zait. Parlamentuen krisiaren gaia ateratzeak beldurra ematen du askotan, eta haiek primeran jarri dute mahaiaren gainean, zuhurtasunez eta oso era argian. Uste dut haien eredua eta proposamenak eskoletara eraman behar direla. Esaterako, DBHko 3. mailan ekonomia, etxebizitza, Europako erakundeak eta Espainiako Estatuaren erakunde politikoen gaiak ezin dira jorratu kalean gertatu dena aztertu gabe. Nik eraman ohi ditut gai horiek klasera, programak eskatzen didalako, hau da, programa ulertzeko neuk dudan erak. Aspaldi erakusten diet eskoletan egunkaria irakurri egin behar dela.

No comments:

Post a Comment