Thursday 30 June 2011

«Ikusezinetik, esaten ez denetik, eraikitzen dugu doinua eta irudia»

Allende Arnaiz, artista
 
 

Al-Al project taldeak bideoari musika zuzenean lotuko dio gaur Donostian, 'Logos' ikuskizunaren bidez. Arnaiz bideogilea eta Alvaro Ledesma musikaria arituko dira Visible 2011 jaialdian.
 
Pianoa eta biolinarekin arituko da Ledesma, bideoetarako konposaturiko doinuak jotzen eta inprobisatzen.

Allende Arnaiz (Oiartzun, Gipuzkoa, 1974) argazkilaria eta bideogilea da. Alvaro Ledesma musikariarekin batera, Logos ikuskizuna taularatuko du gaur, 20:00etan, Viktoria Eugenia antzokian, Donostian. Bideo arte esperimentalaren eta musika garaikidearen arteko elkarrizketa gisa definitzen dute lana egileek. Arnaizen bideoen gainean, pianoa eta biolina joko du Ledesmak, zuzenean.
 
 

Kamera digitalek bideoa jarri diete eskura argazkilariei. Zure kasuan, nola egin zenuen salto irudi finkotik fotogrametara?

Duela lau bat urte hasi nintzen bideogintzan, baina jarraitzen dut argazkigintzan. Mugimendua eskatzen zuten argazki batzuk banituen, eta hortik hasi nintzen bideoarekin esperimentatzen. Argazkian une bat duzu, segundo milaren bat, eta bideoan, berriz, narratiba. Beraz, nire argazkiak oso bideografikoak dira, eta nire bideoak oso fotografikoak.

Nola hasi zineten elkarlanean?

Bideoak erakutsi genituen Mikelazulo Kultur Elkartean [Errenteria, Gipuzkoa], tartean nire GI-3631-4632-2132-131 lana, eta Alvarok ikusi egin zuen. Bideo horrek bidaia bat kontatzen du, izenburuko errepide horietan eginikoa, baina kamera zerura begira dago. Ibilbide baten beste ikuspegi bat eman nahi nuen: zuhaitzak, teilatuak... Bideoa isila zen, baina Alvarok ikusi zuenean, erronka gisa hartu zuen horren gainean musika konposatzea. Musikak emozioa eta bestelako indar bat eman zion lanari. Hura nire bideoei musika jartzen hasi, eta neuk ere bere musika piezetan oinarrituriko bideoak egin nituen. Logos ikuskizunerako Nora Bideak piezarako, berriz, askoz estuago egin dugu lan.

Zeure alde femeninoa azaldu nahi izan duzu, irudion bidez. Nola?

Bideo batzuetan panpin bat erabiltzen dut, alter ego gisa. Maniki hori oso inpertsonala da, eta balio dit neure gauzez hitz egiteko, eta, aldi berean, edozein emakumek bere burua ikus dezake horretan.

Penelope pertsonaia aukeratu duzu. Ez al da emakume eredu pasibo samarra?

Segun eta nork kontatzen dizun istorioa. Fatema Mernissi feminista islamikoak erakusten du herrialde musulmanetako emakumeek nola jakin duten euren mezuak harien bidez zabaltzen: antzina, alfonbragintzako marrazkiekin, eta, gaur, Internet sarearekin. Penelope aktiboa zen, bere bizitzan erabaki zuen, trikimailuak erabilita, josten. Geuk ere, ikusezinetik, esaten ez denetik, eraikitzen dugu doinua eta irudia. Odisea-n, Penelopek mugitzen ditu hariak.

Zer ezberdintasun dago bideo gisa ikustearen edo zuzeneko musikarekin ikustearen artean?

Bideo gisa ikusgai egon dira lanotako batzuk. Alvaro inprobisaziotik abiatzen da, musika konposatzeko orduan, eta, gero, zuzenean ere askatasuna uzten dio bere buruari konposaturikoaren gainean berriz inprobisatzeko. Beraz, ez dituzu bi emanaldi berdin ikusiko.

Zergatik ez zara zu, bideo jartzaile gisa, agertokiaren gainean egongo gaur?

Hil egingo nitzateke; itzalpean egonda, bideoa eta soinua kontrolatzen aski gaizki pasatzen dut. Ondo nago nagoen tokian. Halere, atzean egongo naiz, Penelope bezala, hariak mugitzen.

No comments:

Post a Comment