Sunday 19 June 2011

«Mexikoko kanpoaldeko auzo batzuek beldurrezko bideo joko bat dirudite»

Feike de Jong, kazetaria
 
 
Non amaitzen da Mexikoko hiriburua? Galderari erantzuna eman nahian, 51 eguneko bira egin zuen esploratzaile herbeheretarrak Ameriketako hiririk handieneko kanpoko mugaldearen bueltan.


20 milioi pertsona bizi dira Mexikoko Haranean, eta hiria plangintzarik gabe hazi da, tumore bat bezala.  

Gurasoen ikasketak zirela eta, Iowan (AEB) jaio zen Feike de Jong herbeheretarra, 1969. urtean. Mexikon egin zen kazetari. Iaz, Ameriketako hiririk handienari bira egin zion, 51 egunez. Argazki ibilaldi haren inguruko Megamuga erakusketa paratu du Bilbon. Argazkiak aretoaren paretetan proiektatzen dira, eta gero eta jende gehiago gelan, orduan eta azkarrago. Iraila arte egongo da ikusgai, EHU Bizkaia aretoan.



Zergatik Mexiko hiriko muga?

Filosofia ikasi nuen Herbehereetan, eta ez nuen lana lortzeko aukera handirik. Nazkatuta nengoen herrialdeaz, eta ihes egin behar nuen. Txinan egon nintzen, ingeles irakasle, eta, azkenean, Mexikon lana topatu nuen, Ingelesezko negozio kazeta batean. Aspertu egin nintzen aldizkariaz, negozioen mundua haizez puzturik dagoelako, eta bestelako zerbait egin nahi nuen, errealitatera jaitsi. Liluratzen ninduen betidanik hiriaren mugak. Mexikoko haranean 20 milioi pertsona bizi dira, eta 750 kilometroko mugalde honetan, horietako bost.

Bidean jarri zinenean ba al zenekien 51 egun beharko zenituela itzuli osoa egiteko?

Oso zaila da kalkulatzen, muga fraktal bat bezalakoa baita. 400 km kalkulatu nituen, baina ibiltzen hasi bezain pronto konturatu nintzen askoz gehiago izango zela. Saiatu nintzen dokumental bat egiten, baina kamerariari ordaintzeko dirua lortu nahian urte eta erdi alferrik ibili ondoren, bidean jarri behar izan nuen, inguruko guztiei esana nielako hau egingo nuela.

Zergatik aukeratu zenuen Milpa-Alta irteera eta helmuga gisa?

Herri tradizionala delako, hiriko azken aztekak dira. Espainiarrak heldu aurrekoen ondorengo zuzenak dira, nahuatleraz hitz egiten dute. Hiriaren jatorria zela iruditu zitzaidan. Baita segurtasunarengatik ere: han ere lintxatu egiten dute, baina soilik gaizkileek.

Azkenean ez zenuen espero bezainbesteko indarkeriarik aurkitu, ezta?

Biztanleetako asko landa eremuetatik etorri berriak dira, balio sendoetako familietan hazitakoak. Lekurik arriskutsuenetan ez dago txabolarik, bizpahiru solairuko etxeak baizik, zaharragoak. Izan ere, auzo bat gaiztotzeko belaunaldi pare bat behar dituzu: aitona kabroi hutsa bazen, eta aita ere bai, bilobak kalean dituzu. Pare bat auzotatik izututa atera nintzen, beldurrezko bideo joko bat bezalakoak zirelako.

Zergatik hazten dira auzook anabasan, zerbitzurik gabe?

Kontrol politikorako egitura da. Kolonoen buruzagi batek horien botoa negoziatzen du politikariekin. Horiek, sasi-legez, baimena ematen diete leku batean bizitzen jartzeko. Orduan zerbitzu publikoak eta eskriturak jasotzeko zerrendan sartzen dira. Kolonoak zain dauden bitartean, botoa ziurtatua dute politikariek, eta zerbitzu guztiak ez dira inoiz heltzen. Horren kalteak ekologian eta bizi-kalitatean pairatzen dira: Mexikoko bailarak munduko bioaniztasunaren %2 du, eta hiria paisaia eta bizitza jaten ari da. Horrez gain, lanera joateko denborak familia bizitza zapuzten du: umeak 15:00etan ateratzen dira eskolatik, eta gurasoak ez dira zentrotik etxera heltzen 21:00 arte.

Mexikokoak erakusten al digu halako megahiriak ez direla etorkizuneko eredua izango?

Mexiko oso zentralizatuta dago, Frantzia bezala. Megahiri baten desabantailek horren garapena moteldu egiten dute azkenean. Izan ere, tamaina batetik aurrera, halako batean bizitzeak ez dizu inongo mesederik egiten, probintziako hiri batean bizitzearekin parekatuz gero. Azken batean, zentrotik oso urrun zaudelako. Ibiliz ikasi dut zein txiki sentitzen zaren bazter horietan.

No comments:

Post a Comment