Friday 1 July 2011

«Informaziorik eza erabatekoa dugu gaur, baina ez da kazetarien errua»

Mike Bonanno, The Yes Men taldeko kidea
 
 
Besteak beste, BBC engainatzea lortu zuen estatubatuarrak, eta orain munduan dabil, tokian tokiko ekintzaileak trebatzen.

Igor Vamosen (New York, AEB, 1968) gerra izena da Mike Bonanno. 1990eko hamarkadaren amaieran The Yes Men taldea osatu zuen, Andy Bilchbaumekin. Enpresa handietako web-gune faltsuak eratu eta haien bozeramaile gisa agertu dira hedabideen aurrean, multinazionalek etikarik ez dutela salatzeko. Bilbon izan da Bonanno aste honetan, hedabideak subertsiorako nola erabili irakasten.

The Yes Men taldearekin egin dituzun ekintzetatik zein izan da zuretzat borobilena?

Dow Chemicals konpainiako eledunarena egiten, Bhopalgo [India] hondamendiarengatik barkamena eskatzen eta multinazionalak kalte-ordainak emango zituela esaten BBCn agertu ginenekoa. Konpainiaren akzioek bi mila milioi dolarreko balioa galdu zuten berehala.

Baina amarrua argitu eta berehala igo ziren berriz akzioak?

Bai, baina erakutsi genuen sistemarekin dagoen arazoa: zuzen jokatzeagatik merkatuak zigortu egin zituela erakutsi genuen. Merkatuaren logika gaizto horrek jarraitzen duen bitartean, zulora goaz.

Zer deritzozu zuen ondoren sortu den Wikileaks ekimenari?

Wikileaks izugarria da. Munduari bagenekiena erakutsi diote, baina froga zehatzak jarri dituzte mahaiaren gainean. Munduko diplomaziak nola funtzionatzen duen eta gobernuek herritarrak nola tratatzen dituzten agerian utzi dute, hau da, esan daitezkeen gezur guztiak erabiltzen dituztela.

Hedabideei ziria sartzea da zuen tresna nagusietako bat. Wikileaksen kasuan bezala, benetako kazetaritza gutxi egiteak behartu zaituzte plazara ateratzera?

Bai. Kazetaritza hor dago oraindik, baina arazoa kazetak dira, txotxongilo bihurtu direlako, eta galarazten ari direlako ikerketa kazetaritza, horrek dirua eta denbora eskatzen duelako. Gaur informaziorik eza erabatekoa dugu, baina ez da profesionalen errua, bazik eta enpresena.

Horregatik argitaratu zenuten The New York Times-en edizio faltsu baten 80.000 ale 2009an?

Ez genuen zehazki The New York Times kritikatu nahi, nahiz eta Irakeko gerraren inguruan egin zuen lana penagarria izan. Etorkizunari buruzko berri onak emateko tresnarik egokiena iruditu zitzaigulako erabili genuen hori: Irakeko inbasioa amaitua zela, Obama presidente aukeratu zutela. Zoritxarrez, han iragarritako gutxi bete da, tartean Obamarengandik espero zena.

George W. Bushen aurka hobeto bizi zineten?

Ekintzaileak zazpuztuta daude. Askok lan handia egin zuten kanpainan Obamaren alde, eta erre egin ziren gero, zain, benetako erabakiak hartzeko ordua heldu zenean. Konpainien presio taldeek Etxe Zuria harrapatua dute, eta hori aldatu beharko da, benetako aldaketa etorriko bada. Aukera bakarra milaka pertsona Etxe Zuriaren aurrean kanpatzea da, Obamak petrolioaren industriekin bilduta dagoenean esan ahal izan dezan: «Jende honek eskatzen duena egin beharko dut, bestela iraultza etorriko delako». Hori da gure aukera bakarra, orain bezala jarraitzen badugu sistema osoa hondoratuko baita, klimatik hasita.

Nora doaz The Yes Men?

Globalizazioaren kontrako mugimenduarekin hasi ginen. Urteotan gero eta lan handiagoa egin dugu gizarte mugimenduekin, eta orain horiei laguntzen ari gara. Jendea trebatzen ari gara mundu osoan, gure tresnak euren kanpainetan erabiltzen ikas dezaten. Askoz eraginkorragoak gara orain; geroan The Yes Men estiloko ekintza gehiago ikusiko ditugu albistegietan, baina beste norbaitek eginda.


 
Bi lagunen istripu zoriontsua hamarkada batez

Hamarkada luzea pasatu da Igor Vamos eta Jacques Servin ekintzaileek Munduko Merkataritza Erakundearen webgunearen kopia satirikoa egin zutenetik. Txantxa ahaztuta zeukatenean, hedabideak adierazpen ofizialak eskatzen hasi zitzaizkien, webgunea benetakoa zelakoan. «Istripu zoriontsua» aprobetxatu zuten bi ekintzaileek, eta Mike Bonanno eta Andy Bilchbaum bihurtu ziren, hurrenez hurren. Dozenaka aldiz engainatu dituzte hedabideak, akziodunak eta segurtasun zerbitzuak. Bi film ere ekoitzi dituzte, euren ekintzak erakusteko: The Yes Men (2003) eta The Yes Men Fix The World (2009). Beste bat egiten ari dira, The Yes Men are Revolting, «jendeari iraultzaile baketsuak izaten erakusteko».

No comments:

Post a Comment