Thursday 29 September 2011

«Estudioa aspergarria iruditzen zait: kanpora jo nahi dut soinuak biltzera»

Ttittika Rekalt, irrati esataria




 

'Ipar Leihotik' saioa estreinatu berri du kazetari zuberotarrak. Batez ere, Gipuzkoari begirada luzatzen dio, elkarrizketen bidez herrialdean gertatzen direnak beste euskaldunei azaltzeko.

Ttittika Rekalt irrati esataria da (Altzai, Zuberoa, 1959), baina baita sortzailea ere. Ipar Leihotik saioa estreinatu berri du Iparraldeko Euskal Irratietan. Elkarrizketak landuko ditu, bi astetik behin, hegoaldeko hainbat pertsonen egunerokotasuna hurbiltzeko Euskal Irratietako entzulei. Larunbatetan, hamabostero entzun ahalko da. Edo, bestela, euskalirratiak.info atarian.

Zergatik elkarrizketa saio bat?

Pertsonei mintzarazteko. Komunikabideen lana da, nire ustez, kanpoko jendeari hitza ematea, ez eta, askotan egiten duten bezala, komunikabideek beraiek ematea irizpideak jendeari.

Zer motatako jendeari eman nahi diozu hitza saioan?

Lurralde baten inguruan da saioa. Oiartzunen bizi naiz, eta Baztandik [Nafarroa] Gipuzkoa arteko errepide horretan topatuko dudan jendearen ahotsa jasoko dut. Gizon eta emakume kopuruan oreka aurkitu nahi dut. Ohiz kanpoko lanbideetan edo bide arruntetatik at dabiltzanak ekarri nahi ditut.

Esaterako?

Donostiako Bitxigorri sex shop dendako jendea, esate baterako. Gure gizartean nahiko arazo ditugu sexuarekin. Katoliko eta lotsatiak garenez, sexua ez da aipatzen. Ausarki ez aipatzeak arazoak ekartzen ditu gizon eta emakumezkoen artean, besteak beste indarkeria. Beste adibide bat: Irungo Gaztetxe baten dinamikatik partituz, baratze kooperatiba bat sortu dute, eta interesgarria iruditzen zitzaidan azpiegiturez lepo dagoen eskualde batean halako ekimenak badirela erakustea.

Estudiotik alde egitea erabaki duzu. Zergatik?

Estudioa aspergarria da. Irrati askok estudiotik egiten dute programazio osoa, eta telefonoz. Niretzat soinuak irudiak berak baino ahalmen handiagoa du irudiak sortzeko. Kanpoko harrabotsak, txoriak, sexu dendako bezeroak... Soinu horien bidez, entzuleak giro horietan murgildu nahi ditut, posible den heinean. Horrez gain, elkarrizketatuari galdera pertsonalak egin nahi dizkiot, eta baita galdera xelebreak ere egin, piper eta gatza gehitzeko. Ez da probokatzailea izango, baina ausardia pixka bat izango du, horren molde zurruneko euskal komunikabide eta gizarte honetan.

Muntatze handiko lana izango da, eta hori estudioan egin beharko da.

Etxetik atera eta berehala pizten dut grabagailua. Autoan bertan egiten dut irratsaioaren aurkezpena. Produkzioan neure kolorea eman diezaieket hitz eta soinuei.

Harrituko gaituzte aurkeztuko dizkiguzun pertsonaiek?

Errenteriako [Gipuzkoa] Mikelazulo elkarteko tabernako kideei galdetuko diet nola demontre iraun dezakeen halako leku batek alkoholik saldu gabe Euskal Herrian, eta kultur ekintzak antolatu? Zarautzen [Gipuzkoa] kalamuaren inguruko elkarte bat dago, haiekin ere mintzatuko naiz. Kirolari bat ere elkarrizketatu nahi nuke, eta haren munduan sartu. Izan ere, hedabideetan agertzen direnean, kirolariak bururik gabeak dirudite. Haien burmuinean gertatzen denaz ez dakigu askorik.

Iparraldekoentzat leihoa izan nahi duzu, hegoaldearen inguruko klixeak hausteko?

Hala espero dut. Iparraldeko irratietako albisteetan askotan aipatzen ditugu, esaterako, Hondarribiko [Gipuzkoa] alardean izaniko istiluak. Hori kaka-plasta bat bezala botatzen dugu, Santa Grazikoei [Zuberoa] edo Luhusokoei [Lapurdi] azaldu gabe alardea zer den, pedagogiarik egin gabe, gaurkotasunak bultzatuta. Nik erakutsi nahi dut Gipuzkoan ere baratzegintza biologikoa eta kontsumo kooperatibak daudela, esaterako. Ez gaude hain urruti, kezka berak ditugu, desafio berak, amets berak... edo ez. Baina jendarte bat gara.

No comments:

Post a Comment