Sunday 2 October 2011

«Dantza egin bai, baina musika kulturan atzera ari gara»


Roberto Moso, irrati esataria

Latinoamerikako doinuei eskainitako saioa egiten hasi da Radio Euskadin, larunbat arratsalde nagietarako konpainia.

Kamerun urrun dagoela gogorarazi zuen aspaldi, Zarama taldeko abeslari gisa, eta, orain, Latinoamerika gerturatzen du larunbatero, Radio Euskadin, Aquí Macondo saioarekin. Roberto Moso esatariak (Santurtzi, Bizkaia, 1960) irratsaioa estreinatu du, baina jarraitzen du Radio Euskadiko beste hainbat proposamenetan parte hartzen.

Zer egiten du 1980ko euskal rock erradikaleko protagonista batek salsa, cumbia eta vallenatoaz hitz egiten?

Goitik proposatu zidaten, eta, egia esan, hasieran neu ere harrituta gelditu nintzen. Antza denez, La Jungla Sonora saioan Latinoamerikako musikaren inguruan tarte bereziak egin ditugunean oso harrera ona izan dutela sumatu dute, deskarga eta dei kopurua ikusita. Ruben Blades, Willie Colon eta narkokorridoen inguruko saioak egin genituen. Macondo Gabriel Garcia Marquezek Cien años de soledad eleberrian asmaturiko herri bat da, eta horretan Latinoamerika osoko ezaugarriak biltzen direla suposatzen da. Zentzu horrekin jarri diogu guk saioari Aquí Macondo, hainbat herrialdetako eta estilotako musika erakutsi nahi dugulako, baina denek ezaugarri bera dute: Latinoamerikakoak izatea.

Euskal Herrian azken boladan Amerikatik etorritako jende asko dagoela eta, haiei begirakoa da saioa?

Gustatuko litzaidake haiek Euskadi Irratira hurbiltzea saioaren bitartez, eta gustura hartuko nuke haien partaidetza, saiorako aholkulari gisa. Halere, ez dut uste saioa horren eraginez sortu denik. Euskal Herrian oso zabalduta dago Latinoamerikako musikarekiko zaletasuna. Orain, agian, ez horrenbeste, baina nire belaunaldian, behintzat, rock-and-rollarekin batera hasi ginen entzuten Victor Jara, Quilapayun, Violeta Parra... Hurbil sentitzen dugu hango musika, hitzak ulertzen ditugulako. Kubarekin ere harreman estua dugu. Ez dugu behar bezain beste entzuten, halere. Dantza egin bai, baina musika kulturan atzera egiten ari garela uste dut. Jende askok uste du horrek ez duela zerikusirik geure kulturarekin. «Matxupitxuen kontuak dira horiek», entzun dut hainbatetan, azken boladan.

Soilik gaztelaniaz abesturiko musika jarriko duzue?

Tira, gehiena gaztelaniaz egiten da. Halere, Brasilgo musika sartu dugu lehen hiru saioetan. Indigenen musikan ere saiatuko gara geure kultura handitzen. Nik, behintzat, ez dut asko ezagutzen. Gustatuko litzaiguke saioa konpainia ona izatea larunbat arratsaldeetan, harrikoa egiten duzun bitartean, edo ohean zaudenean, bakarrik edo lagunduta. Atsegina izan dadila, baina, posible bada, baita ikasteko modukoa ere.

Aquí Macondo-rekin batera, beste saio batzuk egiten dituzu Radio Euskadin, Tómate Algo kasu.

Iñigo Lejarzarekin egiten dut Tómate Algo, ostiral gauetan. Umorea, musika eta elkarrizketak nahastu nahi ditugu, asteburuari begira. Saio korala da. Guk koordinatu egiten dugu, baina irratiko beste hainbat lagun inguratzen dira, nahi duten gaiez mintzatzera. Ondo pasatzen dugu egiten, eta noizean behin aurkikuntzak egiten ditugu, esaterako Puro Luego talde gazte baina karismatikoa.

Disko biltzaile freak batena ere egiten jarraitzen duzu.

Ostiral goizetan jarraitzen dut Lisergiorena egiten. Single diskoen fanatikoa da. 45eko singelak besterik ez ditu ipintzen. Aitzakia horrekin antzinako musika jartzen dut. Ironiaz beteriko saioa da. Aspaldiko tartea zen Radio Euskadin, baina pertsonaia berpiztea proposatu zidan Dani Alvarezek.

Erraza zaizu erregistroa aldatzea, edo, eta barkatu konparaketa, Antonio Resinesek bezala beti pertsonaia bera antzezten duzu?

Barkagarria da konparaketa, ni ez naizelako aktorea. Resines barkatzea zailagoa iruditzen zait. Gure antzinako mamuekin barre apur bat egitea da asmoa.

Zuk baduzu adina gauza serioagoak egiteko. Noiz aurkeztuko dituzu albistegiak?

Iaz, Escrito en la niebla egiten nuen, zientzia albisteak jorratzen. Aurten ez dut egin, astirik ez dudalako. Baina gauza bat argi daukat: neure alorra musika eta entretenimendua da.

No comments:

Post a Comment