Tuesday 11 October 2011

«Amatasunaren gurtza ia mistikoak atzerakada ekarri die emakumeei zientzian»

Paloma Alcala, fisikaria
 
 
Emakumeek zientzian aritzeko zer oztopo izan dituzten azalduko du Paloma Alcala irakasleak gaur Bilbon, eta ohartaraziko du emakume zientzialari gazteak atzera egiten ari direla, aurrera egin beharrean.

Astronomia emakume erakusketan ikus daitezkeen paneletako bat. / BERRIA
Paloma Alcala fisikariak (Madril, 1975) zientzia aztertzen du genero ikuspegitik, eta horren inguruko zortzi lan baino gehiago argitaratu ditu. Con faldas y en la ciencia hitzaldia emango du gaur, 18:30ean, Bizkaia aretoan (Abandoibarra 3, Bilbo), Astronomia emakume erakusketaren harira.

Zertan izango zen zientziaren historia ezberdina, emakumeentzat irekiago egonez gero?

Demokratikoagoa izango zen, hasteko, eta, hobea, jende gehiagok hartuko zuelako parte. Baina ez dakit zientzia beste gai batzuez arduratuko ote zen. Hori zientzia fikzioa egitea litzateke, eta garrantzitsuagoa zaigu etorkizunari begiratzea eta, oraingoz, berdintasuna lortzea.

Zientzian dabiltzan ikertzaileetatik %40 inguru baino ez dira emakumeak, nahiz eta lizentziadunen %60 izan.

Denborak ez digu arrazoia eman: prestakuntza edukitzeak ez du aurrerapenik ekarri, eta ez du ekarriko, behartzen ez bada. Ikertzaileen %40 emakumeak dira, baina horietako erdiak ikerketa erakundeetako beheko postuetan daude, eta han geratzen dira. Emakumeek ere hainbat eginkizun barneratu dituzte, eta diskriminazioa gauza natural gisa onartu. Krisi bolada honetan, kezkatuta nago, emakumeak errazago ari direlako etsitzen eta zientzia postuak eskatzeari uzten.

Ikerketari uko egiten diote, edo zientzia lanari, oro har?

Amatasunaren gurtza ia mistikoa dago emakumeen artean; bularra ematearen aldeko mugimenduak, esaterako. Atzerakada dago talde antolatuen artean: zientziaz aparte, emakumeentzat bestelako konpentsazioak daudela sinisten dute, eta halako lan gogorrean aritzea ez duela merezi. Familia-lana bereizketa itzultzen ari zaigu. Amatasunaz garatzen ari garen kontzeptuan dago arazoa. Ezin gara perfektoak izan.

Zuk adin guztietako zientzialariak ezagutzen dituzu. Sumatzen duzu halako aldea gazteen eta aurreko belaunaldien artean?

Sekulako aldea dago. Nire adineko emakume zientzialariek denbora gehiago daramate egituraren barruan, eta askoz argiago ikusten dute egoera. Haiek badakite etxean babestea ez dela saria. Baina gazteak itxurazko berdintasunean hazi dira, batez ere derrigorrezko heziketan, eta horrek indargabetu egiten ditu gero datozkien zailtasunetarako. Diskriminaziorik ez dagoela uste dute, eta familia bizimodu arrunta izan nahi dute. Amatasuna bizi nahi dute, baina horrek ere atsekabea sortzen die. Erakundeen barrutik ikusten duzu zer gertatzen den.

Nerabeen mundua ere ezagutzen duzu. Lehen baino zailagoa da neska gazteak zientziara bultzatzea?

Neskak zientziara bultzatzea ez da arazo. Horretan ez dago alderik neska eta mutilen artean. Soilik teknologian gertatzen da aldea. Erraza da neskak zientzia prestakuntza jasotzea, baina oso zaila da gero haiei lanbide horretan aritzeko kontzientzia sortzea. Badirudi irakasleok ahaztu egin ditugula 1980ko hamarkadan erabiltzen genituen tresna batzuk, motibazioa lantzeko. Mutilek askoz konfiantza handiagoa dute euren ahalmenez, baita nota txarrak dituztenek ere. Neskek askoz gehiago mugatzen dituzte euren helburuak, baita askoz nota hobeak dituztenean ere. Neskei jakintza eman diegu, baina mendekotasun dosi handi baten truke.

No comments:

Post a Comment