Sunday 9 October 2011

«Garai txar hauetan, une ona dugu kontrakultura zer izan zen gogoratzeko»

Amaia Zorrilla, zinemazalea
 
 
AEBetako kontrakultura mugimenduaren inguruko zinema ziklo berezia zabalduko du gaur Gasteizen, The Weather Underground talde hippy armatuaren inguruko dokumental batekin.

Amaia Zorrillak (Portugalete, Bizkaia, 1963) antolatu eta aurkeztuko du gaur Kontrakultura zinema zikloa, 19:30ean, Gasteizko Ibu Hots aretoan. Urriaren 9an, 18an, 25ean eta 30ean, film bana ikusi ahalko da Ameriketako Estatu Batuetako mugimenduaren hainbat alderdi ezagutzeko. Ekintza politiko-armatuak, hardcore musika, beat belaunaldiko literatura eta komikigintzaren inguruko dokumentalak eta fikzio lanak erakutsiko dituzte.

Kasualitatea al da kontrakultura mugimendu historikoaren inguruko zikloa orain antolatzea?

Ez da kasualitatea. Garai txarrean bizi gara, egoera gero eta zailagoa da. Orain haserretuak sortu dira, baina hau ez da berria. Une hau eta ziklo hau aukeratu dut jendearen gogoa astintzeko. Kontrakultura 1960ko hamarkadan AEBetan zer izan zen kontatu nahi zuen, zergatik hasi zen.

Loturarik ikusten duzu gaur AEBetako kaleetan protestan dabilen Occupy Wall Street mugimendukoen eta 1960ko kontrakulturakoen artean?

Ez, bat ere ez. The Weather Underground mugimendu armatua, esaterako, unibertsitateetatik atera zen. 1950eko hamarkadan ere bazen halako ildoa, eta hasieran bakezaleak ziren, gogaitu ziren arte: «Hamarkada bat daramagu, eta ez da ezer aldatu», esan zuten. The Weather Underground dokumentalak oso ondo azaltzen du garaia, eta protesta bortitza nola sortu zen.

Gaur krisiak mugiarazi du jendea. Haatik, orduan, ekonomia aldetik une oparoa zen, eta, besteak beste, beltzen aurkako bazterkeriak eta Vietnamgo gerrak eragin zuten erantzuna. Horretan bereizten dira bi mugimenduok?

Oso gizarte aseptikoa eta zoriontsu itxurakoa zen, baina hori mozorro bat besterik ez zen. Egitura kontserbadore horiek mugitu nahi zuen jendea bildu zen mugimendu honetara. Beste modu batera bizi nahi zutenak. Ikasle haiek sasitara jo behar izan zuten bat-batean, egoeraren kontrola galdu zutelako. Halere, CIAk hamarkada oso bat behar izan zuen haiek atxilotzeko, eta gaur, soilik bat dago kartzelan. Besteek ekintzaile politiko izaten jarraitzen dute.

Gizarte aseptiko horretatik, ordea, beat belaunaldia sortu zen hamarkada bat lehenago.

Urriaren 25ean Naked Lunch filma emango dugu. David Cronenbergek zuzendu zuen, eta William Burroughs idazlearen eleberriaren eta bizitzaren arteko nahasketa da. Urriaren 30a, Robert Crumb komikilariari eskainiko diogu, underground marrazkilarietan nabarmenenari.

Eta 1960tik, hardcore mugimendura eramango gaituzu. Nola lotu hippy armatuak punk musikariekin?

Kontrakulturaren mugimenduan hori guztia sartzen da. Fugazi hardcore taldearen inguruko dokumentala emango dugu urriaren 18an. Zerorrek egin filosofiarekin sistemaren aurka egitea posible dela erakusten du lanak. Euren kabuz, leku okupatuetan kontzertu klandestinoak eman, eta korrika beste hiri batera. Horrela ibili ziren.

Lehen lurrazpian zegoen hau, baina orain dena Interneten dago.

Internetek gauzak argitaratzea errazten du ikaragarri, baina underground dena are ilunago bihur dezake. Informazio asko iragazi behar dugu: gauzok ez zaizkizu agertuko bilaketen lehen orrietan. Internetek gauzak aldatzen ditu, baina garrantzitsuena ez da teknologia, baizik eta jarrera, jarrera izatea.

No comments:

Post a Comment